Maitane Legarreta • Irakurzalea
Azkenaldian irakurri eta gozatu ditudan hainbat liburu aipatu nitzake testu honetan, esaterako Uxue Alberdiren Hetero, Karmele Mitxelenaren Zoriona, edo antzeko zerbait edota Leire Vargasen Bihotz-museo bat. Bada, ordea, duela oso gutxi argitaratu den eta barruan zimiko berezia eragiten didan liburu bat: Katalina Goia Murgiondoren sukaldaritza liburua.
Amona Katalina hil zenean, 1979an, gaztetxoak, haurrak edota jaio gabeak ginen bere bilobak. Gurasoen pasadizo eta istorioen bidez izan dugu haren izatearen berri, baina ziur asko bere nortasunaren arrastoak jaso ditugu oinordetzan.
Amona Katalina hainbat zereginetan aritu zen: neskame Bilboko Sota familian, hoteletan eta bainuetxeetan lanean, sukaldaritza eskolak ematen, ospakizunetarako oturuntzak prestatzen, Indar enpresan sukaldari, eta baita errotari eta baserritar lanetan ere. Eta hau guztia gutxi balitz, sei seme-alaba hazi zituen.
Berak idatzitako Libro de cocina liburua altxor gisa izan dugu gure etxeetan. Liburuaren hiru edizio kaleratu ziren, lehena 1950ean eta azkena bera zendu zen urtean, eta 2024an laugarren edizioa dugu eskuartean, gaur bertan Segurako liburu azokan aurkeztuko duguna.
Argitalpen berri hau amona Katalinari eta gure aurreko emakume guztiei aitortza egiteko modua da; hizkuntza, jakintza, ohiturak eta mundu-ikuskera transmititu diguten emakume horiei. Tamalez, horietako gehienen izena eta ekarpena ez da inon agertzen, ez diogu euren lanari merezi duen balioa eman, baina premiazko katebegiak izan dira euskal gizartean eta gure nortasunean. Izana gugan daramagu, eta biografia pertsonaletan ahaztezina dena, gizartean ere gogoratu beharko genuke. Memoria ezin baita ahanzturaz osatu.■