Joxepa Madariaga • Kultur eragilea
Olariagak, Zakilixuten ahotan, berriki esana: «Euskaraz ari garenean gaitun/k euskaldunak euskaldun».
Arropak gorputza estali, beroa eman eta babestu egiten gaitu. Modako arropa nahiz modatik pasea, dotorea, erosoa, itsusia, zakarra… jantzi dezakegu. Gorputzaz gain, burua ere jantzi beharra izaten dugu eta burua kulturak janzten digu: besteak beste, lagunekin hitz egiteak, jolasak, musika sortu eta entzuteak, antzerkiak, irakurketak, liburuek… janzten gaituzte.
Durangoko azoka ederra DA! Euskal Herri biziaren erakusleiho eta elkartze-leku. Ataun, Segura eta Lazkaoko azokak ez dira Durango, baina Goierriko azoka dira; gurea ere baDA! euskara eta euskal kulturaren topagune, topaleku.
Euskaraz bizi nahi eta ezinean, ‘larrialdi linguistikoaz’ ohartuta, euskarak eta euskaldunok bizi dugun egoeraz, alarma gorriaz, arduratuta ari gara lanean batzu-batzuk, norbanakoak eta taldeak, euskararen aldeko olatu berri bat sortu nahian.
Euskararen ezagutza gorantz ari bada ere, erabilera beherantz ari da, askotan, ikasi duten askok euskaraz eroso jarduteko gaitasunik lortu ez dutelako, besteak beste.
Kontuan izan, Nafarroako, Ipar Euskal Herriko eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Euskal Herri guztiko, egoera dela txarra: bizi dugun oldarraldi judiziala (alde guztietatik erasoak!), eguneroko ogi dugula; globalizazioa eta digitalizazioa, saihestu ezin ditugunak, kolpeka ari zaizkigula hizkuntza, kultura eta herri txikien aurka. Egoera horretan, zail dugu euskara biziberritzea.
Alarma gorria piztuta dago. Erreakzionatu eta ‘larrialditik indarraldira’ pasatzeko kemenik izango ote dugu? Ez da erraza, oso eroso bizi baikara euskararik gabe ere, baina, bai, ateratzea lortuko dugu, noski! Lehenago ere ondo zapalduta egonak gara, baina altxatu genuen burua. Gauza txikietatik, etxetik, hasi behar dugu lanean, euskaraz bizitzen. Durangon izan ginen. Orain Ataungo, Segurako eta Lazkaoko txanda dugu. Inguratu eta gozatu geure azokan! Kulturak janzten gaitu!■