Eskoriatzan du egoitza, baina Euskal Herri osoko LGTBI+ kolektiboari zabalduta dago Gaylur Euskadi elkartea. Kolektibo horren barruan lagunak egitea eta aisialdi planak eskaintzea du helburu nagusi.
Mendi irteerak, asteburu pasak, bazkariak… LGTBI+ kolektiboko kideek lagun arteko aisialdirako aukera berriak dituzte, duela urtebetetik gora sortu zen Gaylur Euskadi elkartearen eskutik. Eskoriatzan jaio zen elkartea, bertan du egoitza, baina Euskal Herri osora zabaltzen ditu adarrak. Unai Burcio Arrazola (Legazpi, 1996) elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da. Burciok Artearen Historia ikasi zuen Madrilen, eta Erdi Aroan espezializatu zen gero master batekin. Turismo gidaritza ikasketak ere egin zituen, eta horiek amaitzean, praktikak egin eta lanean hasi zen hoteletan. Baina ikasten jarraitu zuen, eta Eskoriatzan Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakasle izateko masterra egin zuen.
Azkenaldian turismoaren alorrean egin du lan, eta 14 hilabetez gidari izan da Oñatiko Arrikrutz kobazuloetako turismo bulegoan. Orain, irakasle gisa lan egiteko deitzen dioten bitartean, Hezkuntzarako oposizioak prestatzen ari da.
«Gauza askotxo egin ditut 28 urte izateko», aitortu du legazpiarrak. Baina horiek guztiak nahiko ez, eta Gaylur elkarteko zuzendaritza taldeko kidea da. Elkartean iazko azaroan sartu zen, eta gutxira eskaini zioten taldeko gidaritza taldean sartzeko aukera. Baietz esan zuen, eta euskararen saileko ardura hartu zuen.
Lagunak egiteko eta lagun horiekin aisialdia konpartitzeko helburua duen elkarteko kide gazteena da, gehienak 30 urtetik gorakoak dira. «Nire ustez, adin horretatik aurrera gure kolektiboarekiko kontzientziazio handiagoa dagoelako, edo zerbait egiteko ilusio gehiago ere badutelako. Gazteak beste garai batean jaiotakoak gara, onarpen gehiago dagoen garaian, eta agian ez dugu beharra ikusi LGTBI kolektiboaren barruan adiskidetasuna lantzeko. Nik uste dut hori dela arrazoia».
Eskoriatzan sortua
Gaylur Euskadi iazko uztailean sortu zen, Eskoriatzan, eta bertan dago elkartearen arrazoi soziala. Bi hitz elkartuta osatutako izena da Gaylur: gay hitzak LGTBI+ kolektiboari egiten dio erreferentzia, eta lur hitzak «gure lurrean sortu den zerbaiti, alegoria bat da, azkenean». Hala ere, Burciok zehaztu du elkartearen filosofia ez dela bakarrik LGTBI+ kolektiboarentzako gune bat izatea, baizik eta denentzako elkarte bat: «Gure kolektibotik kanpoko jendea ere erakarri nahi dugu, horrela ulertzen dugulako aniztasuna. Ez gaude batzuk integratzearen alde eta beste batzuk ez, denak zaku berdinean sartu behar dira».
Elkarte honen funtzioa «aisiaren bitartez aktibismoa egitea» dela dio legazpiarrak, eta «aisialdirako planak eginda, LGTBI+ kolektiboaren barruan adiskidetasuna sortzea» ere bai. Hori «premiazkotzat» jo du: «Gezurra badirudi ere, gure kolektiboan pertsona arteko lotura ez da existitzen, orokorrean nahiko bananduta gaude, estima sozial asko dago, etiketa asko daude… Barne sufrimendu handia duen jendea dago, eta horri estigmak lotuta, barruko gorrotoak erantsita… gure artean bakartu egiten gara, eta irekitzeko zailtasunak ditugu». Horri irtenbidea emateko sortu zen Gaylur elkartea.
Urtebetetik gorako ibilbidea du dagoeneko, eta kide guztien artean sortu duten whatsapp taldean 200dik gora lagun daude. Erkidegoan ez ezik, Nafarroan ere izan du oihartzuna, Errioxako antzeko talde batekin badu harremana, Bartzelonaraino ere iritsi da, eta Andaluziaraino eta Madrileraino luzatu nahi ditu adarrak. «Sarea zabaltzen ari gara, aliantzak egiten ari gara han eta hemen».
Burciok dioenez, Espainiako estatu mailan bazeuden aurretik Gaylurren filosofia konpartitzen zuten elkarteak. «Baina Euskal Herrian, gurea sortu arte, ez; aktibismoa egiten duten elkarteak bai, badaude, urte askotako ibilbidea duen Gehitu, Bizkaiko Anitzak, edo unibertsitatean sortutako taldeak bezala. Baina aisialdira, planak egitera, bidaiak egitera, festara, jarduera kulturaletara bideratutako elkarterik ez zegoen aurretik».
Ekintza ugari
Ekintza asko egin dituzte orain arte. «Harrotasunaren inguruan ekainean egiten den manifestaziora joan ginen, landetxeetan asteburu pasa ere izan gara behin baino gehiagotan, sagardotegi planak, mendi irteerak… ia astebururo egiten dugu zerbait». Azken finean, «entretenitzea» da taldekideen helburua.
Eta taldearen urteurrena ospatzeko, jaialdi bat egin zuten irailean Eskoriatzan: LurAnitz Fest jaialdia. Hasieran familia giroko bazkaria izan behar zuena, asteburu osoko festa bihurtu zen: «Eskoriatza bezalako herri txikietan ez da harrotasunaren inguruko ezer egiten, eta herri txikietara ere eraman nahi dugu kolektiboaren ikusgarritasuna. Hiriburuetara mugatzen dira normalean horrelako jaialdiak, eta herri txikietan ez da ezer egiten». Izan ere, herri txikietan ere badago LGTBI+ kolektiboko jendea, eta horiei ikusgarritasuna eman nahi die Gaylurrek.
Eskoriatzako festa antolatzea lan handia izan zela aitortu du Burciok, «aste askotako lana», baina emaitza «oso positiboa» izan zen. Mahai inguru bat, paella dastaketa, txaranga baten emanaldia, zumba eta kenpo kai erakustaldiak, Las Fellini taldearen ikuskizuna, drag queen batek girotutako bingo musikatua… «Urteurrena ospatzeko aitzakiarekin, herri txikietako harrotasunaren asteburua prestatu genuen». Eta bide batez, elkarteari berari ere eman zioten ikusgarritasuna. Lehen edizio arrakastatsu haren ondoren, hurrengo urtean dute begia jarrita orain, eta lehenengoa hobetu eta gauza desberdinak egingo dituztela agindu du.
Sariak ere jaso ditu Gaylur elkarteak, eta bat da Nafarroako Laiak emandakoa. Nafarroako landa eremuetan aktibismoa egiten duen elkartea da. «Saria eman zigun aisialdi jarduerak antolatzeagatik». Elkartearekin harremanetan jarraitzen dute.
«Alaitasuna, eta lasaitasuna»
Gaylur sail desberdinetan banatuta dago: kultura, kirola edo mendi irteerak, euskara, animazioa eta aisia, eta merchandising-a. Lehendakariaz gain, beste lau kide arduratzen dira sail horietaz, eta Burciok euskararena darama.
Zuzendaritzan egoteak eman dion lanaz gain, Gaylur elkarteak adiskidetasunerako bideak ireki dizkio. «Lehen esan dudan bezala, gure kolektiboan oso bananduta gaude, ez dugu gure artean onarpen handiegirik, eta honek kontrakoa eman dit. Eta nik LGTBI+ kolektiboarekiko nuen pertzepzioa aldatu egin dit, erakutsi dit posible dela gure arteko adiskidetasuna, eta denok elkartuta hori aurrera atera dezakegula ikusi dut. Alde horretatik, itxaropena eman dit. Alaitasuna ere bai, lasaitasuna».
Elkarteko bazkide izateko ez da baldintzarik bete behar, eta ez da LGTBI+ kolektiboko kidea izan behar. Urtean kuota txiki bat ordaintzen da, borondatez, elkarteak ekintzak egin ahal izateko, baina bazkide ez direnek ere parte hartu dezakete.
Elkartearekin harremanetan jartzeko @gaylur.euskadi instagram kontura idatzi behar da. ■