Txikitako ametsa bete izanaren asebetetasunarekin amaitu du Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, 1987) txirrindularitzako etapa. Ez du beti bide laua izan, baina lanaren poderioz, malda guztiak gainditu ditu. Ez dauka ahaztuta 2009an, profesionaletara jauzi egitear zenean Goierriko Hitza-k egindako lehen elkarrizketa. Bukaeran ere adeitsu erantzun dio eskualdeko euskarazko prentsari, eta ahobizarrik gabe aletu du 16 urteko ibilbidea. Bizikletan ohi zuen bezala.
Urriaren 20an azken karrera izan zenuenetik, elkarrizketa batzu-batzuk emango zenituen honezkero.
Ari naiz ematen batzuk, bai. Baina aukeratutakoak ari naiz ematen, hori ere esan egingo dizut. Markatu nion neure buruari, gehien bat, lehenengo hemengoei kasu egitea, eta beste batzuek, nahi badute, itxaron egin beharko dute. Hamasei urtetan denetik egoten da: batzuk hobeto portatzen dira, beste batzuk… Guk ere eduki ditugu gure zerak kazetari batzuekin. Momentua iritsi zenean, ez neukan pentsatuta, baina ‘a bai? Orain egon egingo haiz’.
Bizitza osoa kirolean, azken 16 urteak elitean. Zer balio txertatu zizueten mundu horretarako?
Aita ez da izan pertsona bat batere inkulkatzekoa. Aholkuak bai, baina txikikeriak: bizikletan gindoazela, begiratzen zizun, eta «arinago joan» eta horrelako gauzak. Beti utzi digu, alde horretatik. Beti hor egon da, hori bai, ez dut sekula faltarik sumatu. Lehenengo karreretan, ni alebina 11 urterekin eta anaia Jon benjamina 9koa, zapatuetan hasi ginen karreretara joaten. Aste barruan pilotan eta futbolean ibiltzen ginen. Bi-hiru karrera korritu, eta aitak behin bueltan nola komentatu zigun gogoratzen naiz: «Andoaingo hauek aste barruan entrenatzera irteten omen dira». Pare bat andoaindar zeuden irabazten zigutenak. «Aita, guk ere atera beharko dugu», eta harekin, Lierniko buelta ematen genuen, astean bitan. Horrela jarraitu genuen kadeteetara arte. Aita gurekin etortzen zen.
Joxe Ramon izagirre, ziklista profesionala izana hura ere. Haren karrerarik ikusirik gogoratzen zara?
Nik uste, lehenengo aldiz Gabirizarren ikusi nuela bizikletan. Berak eta [Iñaki] Maiorak Gabirizarren zeukaten zirkuitua, bidezidor bat zen. Beti han entrenatu izan ziren, eta aurrerago gu ere bai. Korrika ere ibiltzen ziren. Iñakik zaintzen zigun zirkuitua, beti garbi.
Ama Nekane zer izan duzue, hankak lurrean jarraraztekoa gehiago?
Ama asko fijatzen zen gure jarrerarekin. Gaztea zara, karrera batzuk irabazi, eta etxean komentarioren bat egiten bagenuen, «karrera hau erraz irabazi dut», edo «erasoa jo dut eta atzera utzi ditut», amak horrelakoetan moztu egiten zigun.
Zer moduzko pilotaria zinen?
Ez dakit. Gustura ibiltzen nintzen, eta oraindik ere asko gustatzen zait. Urteotan gehien bat erraketan ibili naiz. Eskuz gehiago jokatzea gustatuko litzaidake. Ormaiztegiko Pilota Eskolan ibiltzen ginen, astearteetan eta ostegunetan, herriko gazte denak. Urretxun oso ondo entrenatzen zutela eta oso onak zirela, Lazkaon ere bai… horrelako kontuekin. Eta guk, pentsatu beharrean hara joan behar genuela –gu ez ginen horrelakoak–, haien kontra joan eta irabazi egin behar geniela esaten genuen. Txapelketaren bat irabaztea ere tokatu zitzaigun.
Erronka zalea izan zara betidanik, orduan?
Aitak beti esaten zigun, astero ia: «Bizikletarekin ez zarete inora ailegatuko, hobe duzue pilotan segitu. Bizikleta ez dakizue zer gogorra den, hobe duzue pilotan». Ni burugogor samarra izan naiz, korronteari kontra egitea gustatu izan zait beti, eta ez dakit horregatik edo zergatik, baina nik bizikleta aukeratu nuen. Aitari kontra egiteagatik edo. Nahi izan duguna egiten utzi digute. Asteburuetan, goizean pilota partida jokatu eta arratsaldean bizikleta karrera, horrelako egun asko izan genituen.
Noiz erabaki zenuen bizikletarekin segitzea?
Ampo taldera pasatu nintzenean, profesionaletan. Urte hartan artean ikasten ari nintzen, Donostiako Usandizagan. Heziketa Fisikoa ikasi nuen, eta goi mailako azkeneko urtea zen. Klase asko praktikoak zirenez, Belodromora joaten ginen atletismoa egitera. Donostialdean ziklista profesional ugari zeuden orduan, eta neguan han entrenatzen zuten. Irakasleari esaten nion: «Nik orain hauen kontra korrituko dut». Uste dut ez zuela sinistu. «Bale, bale», egiten zidan, eta kito. Neure buruari esaten nion, «ni hemen nago, eta hauek bizikletan…». Haien lekuan egon nahi nuen. Arratsaldeko hirurak laurden gutxian ailegatu etxera, bazkaldu, eta bizikletan ateratzen nintzen. Ez dakit superazio grina den, edo ilusioa, edo ilusionista bat izatea. Baina, bai, eduki dut hori.
2008an, Amporen aurretik, Italiako Industria Porte-OTC-NGC Medical taldean ibili zinen. Zer izan zen hura?
Italian debutatu nuen, bai. Urrian izan zen, stagiaire bezala. Afizionatuetako hiru urteetatik azkenekoa zen, eta garai hartan Euskaltelek zeukan Euskal Herrian monopolioa hartuta. Jende asko ez da orain gogoratuko, baina Euskaltelek bost talde hitzartuta zeuzkan, bere gain hartuta. Horrek txirrindularioi sortzen zigun egoera bat zen, ez bazeunden bost talde horietakoren batean, ia-ia ez zinela existitu ere egiten.
Ni ez nengoen, eta beste asko ere ez. Eta niri Euskaltelek ez zidan proba bakar bat ere pasatu, ezta bat ere. Bastante karrera irabazi nituen arren, eta oso ondo ibilitako urtea zen arren. Egia esan, urte bukaera oso frustragarria izan zen. Afizionatu mailan joko hori erabiltzen zuen, eta ez zen zilegi izan. Jende on asko kanpora gelditzen zen. Ni ere horrelaxe egon nintzen, eta uzteko zorian egon nintzen. Seguros Bilbaon zuzendari Xabier Artetxe neukan, eta abuztuaren bukaeran esan nion ez neukala txirrinduan segitzeko gogorik; ezin zuen sinistu. Horren ondorioz edo haren kontaktuen bidez izan zen ez dakit –urtea ere ona egin nuen–, Italiako talde hark aukera hori eman zidan. Mexikora, Vuelta Chihuahuara joan nintzen, eta lehenengo debuta hantxe egin nuen.
Ilusioa berpizteko balio izan zizun, ala?
Dudarik gabe, bai. Contentpolis Amporen proiektua esan zidatenean, oso pozik jarri nintzen. Entrenatzailerik eta oraingo konturik ez zegoen; autoa hartu, eta Iparraldera joan nintzen entrenatzera. Goizean 06:30ean etxetik irten, Orreagara joan, eta Pirinioetan entrenatzera. Bi egunetan segidan egin nuen, bakarrik. Lau-bost ordu han entrenatu, eta hurrengo egunean berriz. Profesionaletara pasatzeko ilusio horrekin. Handik bi astera Mexikora joan nintzen, eta afizionatuetako nire azkeneko lasterketa irabaztea lortu nuen gero, Aretxabaletan. Abenduan ondo sartuta, Santa Lutziak pasa eta geroxeago, 15 aldera, esan ziguten Ampo benetan sartuko zela. Hala pasatu nintzen gora.
Gauzak nola diren: urtebete geroago Euskaltelek fitxatu zintuen.
Ampon Oscar Guerrero geneukan zuzendari, zorionez, eta hemengoa izanda, aukera eman zidan Euskal Herriko Itzulian eta Donostiako Klasikoan korritzeko. World Tourreko karrerak ziren. Itzulia Ataunen hasi zen, Amporentzat eta goierritarrontzat inportantea zen etapa hura; ihesaldia harrapatu nuen, tarteko helmugak irabazi nituen, eta podiumera igo nintzen. Gainera, ihesaldian Euskalteleko bi txirrindulari zeuden, han dena lehiatzen zen, eta irabaztea lortu nuen. Donostiako Klasikoan ere tarteko helmugak irabazi nituen. Urte hartan ere egoera berdinean gelditu nintzen. Ampo taldeak ez zuela jarraituko bagenekien; abuztuan, Italian geunden hiru karrera korritzen, eta ondoren ez neukan ezer. Egoera igualean nengoen, eta berriro etsigarria izaten ari zen. Baina manager bat [Antonio Vaquerizas madrildarra] neukan, zorionez hori ere, eta bere eraginez Euskaltelek fitxatu ninduen. Bi karrera haietan eman nuen itxuragatik, Igor Gonzalez de Galdeanok pentsatuko zuen «mutiko hau nola ez zeukaagu guk ekipoan?»; gaztea nintzen, euskalduna, etxekoa. Hori izugarrizko poza izan zen.
16 urte egin dituzu profesionaletan, beti goiko puntan. Orain bideak oso polita ematen du, baina gogorra eta zalantzakorra ere izan da.
Hasiera gogorra izan zen, bai. Erabat. Ez ziren garai errazak izan niretzat. Ez dakit zergatik. Gazte mailan eta afizionatuetan beti ondo ibili nintzen, karrerak irabaziz eta. Baina norbaiti agian okerreko begitik sartuko nintzaion. Aurrera atera gara.
Urterik onena zein izan duzu?
Bahraineko urtea [2018], duda izpirik gabe gainera. Han beste aldaketa bat nabaritu nuen. Movistarrekoak lau urte oso onak izan ziren, baina Bahrainekoa beste jauzi bat zen: egitura aldetik, antolaketa, altuerako kontzentrazioak… taldea oso profesional antolatuta zegoen. Ni hori ezagutu gabe nengoen. Vincenzo Nibali geneukan, bere mediku, prestatzaile, masajista taldearekin; oso profesionalizatuta zegoen gizon bat ezagutu nuen. Teiden goiko paradorean altuerako kontzentrazioak egiten hasi ginen taldearekin. Hara masajistak, mekanikoak, zortzi-bederatzi txirrindulari… joaten ginen. Eta latz entrenatzen genuen, eta serio. Hori han ikusi nuenean, gozatu egiten nuen: «Zer ondo ari garen gauzak egiten!». Bada, gero, karreretara etorri, eta ibili egiten ginen.
Materiala zaintzen zuten, azken berrikuntza guztiak zeuzkaten. Txirrinduen errodamenduak zeramikoak ziren, eta haiek egiteko Italiara eramaten zituzten errodamenduak eurak. Txirrindu bakoitzean 1.000 edo 1.500 euro horretan bakarrik gastatzen zuten. Gu gero, txirrindu hori muntatuta karreretara joan, eta bikain ibiltzen zen… Detaile asko zeuden, nik aurretik ikusi gabekoak. Urterik onena izan zen, inongo dudarik gabe.
Eta okerrena, azkeneko hau?
Aurtengoa, bai. Orain arte inori ez diot ezer esan, ez zait horrela hitz egitea gustatzen, baina nik Cofidisekin bizi izan dudana… Nire ibilbidean eskala igotzen joan nintzen: Euskaltel, Movistarren beste profesionaltasun bat, Bahrainen kristorena, Astanan, berriz Movistarrera itzuli, eta gauzak bere mailan segitu zuen. Cofidisera heldu, eta ikusi dut afizionatu talde bat. Eduki ditugu gure tirabirak eta gora-behera serioak. Nik 37 urte dauzkat, eta harparik jotzerik ez zait gustatzen. Hemen gauzak ondo egin nahi baldin badira, badakit zer egin beharra dagoen. Konparaketa batera, enpresa batean langileek gutxieneko baldintzarik ez daukatenean, greba egingo dute. Guk zer daukagu? Ezer ez. Ahotsa altxatzen duzu, eta gainera igual gaiztoa zara. Biak lan munduak dira, baina guztiz diferenteak. Urtea horrelakoa eduki dugu, eta horrela geratuko da.
Pena izango duzu, garraztasun horrekin bukatu beharra?
Bai, ez dut ukatuko. Pena baino gehiago, amorrua ematen dit. Askotan, bost axola dion jendea dagoela ikusten duzu, urteak eta urteak igaro eta hor doazenak, eta pisua daukatela gainera. Horrek ematen dit amorrua. Gu, txirrindulariok, azkenean gixaixo batzuk gara. Talde batera iritsi, denari men egiten diozu… Baina kirola gogorra da. Txirrindulariok gara lehenengoak gauzak ondo egin nahi ditugunak, saiatzen garenak, etxean entrenatzen dugunak.
Axalari begira jarrita, 9 garaipen, 20 klasikotan parte hartua, 18 itzuli handitan… dio zure zerbitzu-orriak. Zuk ematen al diozu garrantzirik horri?
Esaten dena eta kito. Ni ez naiz horrekin gelditzen. Bizi izan dudanarekin gelditzen naiz. Ezagutu dudan jendea. Asko bizi izan dut nire garaipenekin, bai, baina asko bizi izan dut, eta jendeari esan behar zaio, talde moduan irabazi ditugun garaipenekin. Movistarren, Bahrainen, Astanan bizi izan duguna urte horietan guztietan, talde bezala lortutako garaipen handi horiek… Nahiz eta beste batzuentzat lanean aritu, horiek kristoren satisfazioa dira. Txirrindulari garaian, taldean irabazitako eguna gozatzen da, baina ez diogu hainbeste begiratu izan. Orain, atzera begiratuta, asko betetzen naute garaipen horiek. Pertsona bezala asko egiten zaituzte, eta baloratzen dituzu.
Zenbat denbora beharko duzu deskonektatzeko?
Espero dut denbora asko ez izatea. Prozesua ahal dudan motzena izaten saiatuko naiz. Hori nahiko garbi daukat. Nik uste orain andrea pozik dagoela. Gustura hartu du erretiratzea. Seme-alabek galdetzen dute zergatik utzi dudan, beren ezjakintasunetik. Ez naiz esplikatzera gehiegi sartu: garaia ailegatu da, eta kito.
Txinako Guangxiko Tourrean bukatu zenuenean, urriaren 20an, tropelak ohorezko agurra egin zizuten zuri eta erretiratu den beste txirrindulari bati.
Batzuei esan nien han, ez dakidala hainbeste merezi dudan. Santua ez naiz izan, batzuetan bronkak eduki ditut. Nire ustez, neure arrazoiarekin, baita ere; debalde ez naiz ibili. Astanakoarekin ere [Rudiger Selig] edukita nago. Baina egun hura berezia izan zen. Biok hantxe topo egin genuen, eta esaten hasi nintzaion «beno, kitto, amaitu duk hau». Tipoa emozionatu egin zen! Nire artean pentsatu nuen, «isildu egin behar nauk, karrera hasterako eliminatu behar diat bestela». Besarkada bat eman zidan, eta lasai egoteko esan nion, guk gurea egin genuela.
Nortasuna azaldu izan duzu.
Taldekideen alde. Talde batean zaude, eta taldeak bere interesak dauzka. Lider bat egoten da, eta nik zortea eduki dut lider handiak eduki izanarena, eta beraientzat lanean aritu izanarena. Ni saiatu naiz interes horietan fidela izaten.
Orain, atzerantz begiratuta, nolako Gorka ikusten duzu?
Beste batzuek esan beharko dute. Umetan, ez dakit ilusionista izan naizen edo zer, baina txirrindularitzaren ilusioa nuen. Amets horiek betetzea lortu dut. Nirea kostatu zait, baina burugogorra naizelako edo ez dakit zergatik, saiatuan-saiatuan lortu dut, eta oso gustura nago egin dudanarekin, bizi izandakoarekin. Baina oso gustura nago, baita ere, orain etorriko denarekin, eta desiratzen.■
Tropeleko mariskala, bizikletako langilea
Gorka Izagirre ‘Tour gizona’ izan dela esatea ez da aski. Frantziako itzulian 10 aldiz parte hartu du. Baina askoz gehiago egin du. Munduko txirrindularia izan da: profesionaletako 16 urteetan, munduari 4,5 bira emateko lain kilometro osatu ditu, lasterketetan bakarrik. 178.970 kilometro oinetan (urteko 11.185, batez beste), 1.141 egunetan jantzi da ziklista irteera-marran (urteko 71 egun). Bata bestearen atzetik jarrita, hiru urte, egunero lehiatuz.
Hala eta guztiz, Tourreko argazki bat aukeratu du, kutuntzat. «Iazko Tourra da, Euskal Herritik atera zena. Nire azkeneko Tourra izan zen. Argazki hau normalean atera izan dugu, urtero ez, baina iaz bai, atera genuen. Tourrean geunden euskaldun guztiak gaude, baten bat falta bada ere».
Asko eman dio Gorkak bizikletari, erregaitzat ilusioa hartuta. «Karreretan hasi nintzenean, Ordiziako eskolan –oraindik hor jarraitzen dute ordukoek–, esan izan didate nola kontatzen nuen Tourrera joan nahi nuela, Gipuzkoako txapeldun atera nahi nuela… Ilusionista bat izan naiz». Baina ilusioa, eta emandako hitza, bete du.
Ia dena utzi du orain, azken helmuga-marran. Bizikleta ere bai. «Ez dut bakar bat gorde. Mountain bike bat daukat, eta bale. Mailotak bai, gutxi; pasatu naizen taldeetakoak baditut. Besterik ez». Eta hainbeste, hein berean.■