Joxemari Telleria Lezetak (Segura, 1943) CAF enpresako eskola profesionalean delineazioa ikasi zuen. 15 urte eman zituen bertan lanean. CAF utzi zuenean, lan egun erdia Beasaingo Alkartasuna lizeoan ematen zuen (musika eta plastika eskolak ematen) eta beste erdia margotzen. Gainera, Beasainen pintura eskolak eman zituen. Berak jarri zuen martxan bertako pintura tailerra. 1970eko hamarkadan Euskal Herriko pintura txapelketa irabazi zuen Bilbon eta bere lanak Gasteizko Artium museoan, Segurako udaletxean eta Errenteriako eliza batean ikusi daitezke. «Hasieran paisaiak eta natura hilak egiten nituen. Ondoren, abstraktura jo nuen. Gero gizakiarekin hasi nintzen. Ondoren paisaietara itzuli nintzen: mikropaisaiak. Musikaren eta pinturaren arteko harremana ere landu dut. Eta pintura soziala: herriko ohiturak eta jendea». Musikaria ere bada. Txistua eta organoa jotzen ditu. Segura eta Zerainen organoa jotzen du. «Organoa jotzen Antonio Azkuerekin ikasi nuen eta armonia Xabier Sarasolarekin».
Gustuko pelikula edo telesaila.
Handia.
Liburu bat.
Bi esango ditut: Bernardo Atxagaren Obabakoak eta gaztelaniaz Marguerite Yourcenar-en Adriano.
Abeslari bat edo musika talde bat.
Mikel Laboa.
Abesti bat.
Xalbadorren heriotzean.
Oporretarako toki bat.
Zerain. Etxean bertan. Konpromisorik gabe eta autoa hartu gabe, bertan lasai egotea.
Zer gosaltzen duzu?
Olo malutak eta jogurta.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz jaso duzun opari bereziena.
Zortzi bat urterekin oparitu zizkidaten sei arkatz koloredunak. Eskatu eta eskatu nenbilen.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Ezkontza eguna.
Amets bat.
Herritarrok denok batera zerrenda batean joatea gustatuko litzaidake.
Bizitzako plazer txiki bat.
Bainuetxe batean ur berotan bainatzea.
Goierriko txoko bat.
Otaño mendia eta Urbia.
Zerainen biziko ez bazina…
Seguran.■