June Saez Estevez (Ordizia, 2002) ezaguna izango duzue zenbait irakurlek, hainbat etxetan sartu baita tartean behin pantailaren bitartez. ‘Esto no es normal’ ETB2-ko programan parte hartzen du kolaboratzaile gisa zein tarteka, parte-hartzaile gisa. Horrez gain, ‘community manager’ lanetan dabil hainbat enpresatan.
Nolako programa da Esto no es normal?
Umorea ardatz duen lehiaketa da. Tonuaren gertutasunak berak egiten du erakargarri zenbaitentzat. Bi bikote aritzen dira lehian elkarren artean, aktualitateko gaiak izanik galderen oinarri. Ezohiko kontuak aipatzen dira ‘normaltasunetik’, ‘kanpokotzat’ hartzen diren horiek, hein batean, xelebreak izan daitezkeenak, eta hauen inguruan egiten zaizkie galderak lehiakideei. Ondoren, programaren logikan figura garrantzitsu bat da kolaboratzailearena. 8 kolaboratzaile izaten dira, programan Kuadrilla gisa izendatua eta hauek gai horiekin lotutako haien anekdota barregarriak kontatzen dituzte. Entretenimenduzko programa bat da baina badu helburu gisa hausnarketa soziala ere.
Nola iritsi zinen bertara eta nolako esperientzia ari da izaten?
Duela bi urte, programa honetan aitak eta biok parte hartu genuen, eta 10 programa jarraian irabazi genituen. Bote handi bat lortu genuen, oso ondo pasa genuen lehiakide gisa. Bertako lantaldearekin harreman oso ona egin genuen eta ondoren, programaren edizio berezi baterako deitu gintuzten. Edizio horretan kolaboratzaile gisa aritu ginen. Beraz, hor hasi zen nire lehen kolaboratzaile gisako esku-hartzea programan. Ondo aritu ginen eta ikusleen arreta erakartzea lortu genuela ikusita, berriro deitu gintuzten, programaren parte izatera iritsiz. Hilabetero hartu dut parte bertan eta lankide gisa aritzen gara gaur egun.
Zer da gehien gustatzen zaizuna kolaboratzaile izatetik bertan? Eta telebista mundutik?
Bertako kuadrillaren parte izatearen politena grabaketa egunak izaten dira. Izan ere, umorea ardatz duen programa izanik, ondo pasatzeko aukera bikaina da guretzat, kontu txarrak alde batera utziz. Bestalde, lantaldeak beti asko errespetatu nau eta oso ondo tratatu naute, etxean sentitu naiz bertan. Beraz, kolaboratzaile lanetan aritze honek onura pertsonalak dakarzkidala esango nuke zentzu askotan. Horrez gain, Ikus-entzunezko komunikazioko gradua ikasi dut eta beti sortu izan dit zirrara programa baten parte izateak, asko ikasteko aukera gisa ikusteaz gain.
Tarteka ikusi zaitugu parte-hartzaile gisa. Zer moduzko esperientzia da?
Lehiakide izatea esperientzia zoragarria da eta gomendatuko nioke irakurle orori probatzeko aukera izanez gero, proba dezala. Ondo pasatzeko aukera izateaz gain une ahaztezinak sortzeko aukera ere ematen du. Nire kasuan, aitarekin joan nintzen lehiakide gisa eta berarekin ari naiz bizitzen hau, beraz, berarekin bertan sortzen ari naizen momentuak eta oroitzapenak oso bereziak dira niretzat. Horrez gain, lehiakide gisa beste programa batzuetan ere ibili naiz, hala nola, Oido cocina eta Gastronomadak. Ikastea eta erronkak gainditzea asko gustatzen zait eta, uste dut lehiakide gisa parte hartzea aberasgarria dela alde horretatik. Azken finean, horrelako erronkek zoriontsu egiten naute.■