Egoitz Iztueta Sukia • Irakaslea
Une oro eta toki desberdinetan topatzen ditugu matematikak, batzuetan jakitun izanik eta beste batzuetan albotik igarotzen dira konturatu gabe, isil-isilik, zipitzik esan gabe. Berekin dugun harremana oso anitza da, kolore desberdinetakoa, zaporea ere hala moduzkoa du, gozoa nahiz gazia, bakoitzaren araberakoa; egiari zor, normalean gazitik gehiago gozotik baino.
Haurtzaroko eta nerabezaroko garaiak, nostalgia puntu batekin oroitzen ditut, batik bat eskola garaikoak. Urte ederrak izan ziren niretzat. Ondo pasatakoak. Gozatutakoak. Jolas eta jolas lagun artean, edozein lekutan: plazan, frontoian, mendian. Ikasgelan ere jolasean aritzen ginen maiz, irakasleari adarra jotzen, batzuei behintzat, denekin ezin zen eta… Denetarako genuen denbora, hori guztia egiten genuen bitartean ikasi ere ikasten genuen. Ikasgai batzuetan gehiago besteetan baino. Iraskasle mordoxka bat izan ditut; atseginak, desatseginak, zorrotzak, malguak, txarrak, pipertuak bizi zirenak, inozente xamarrak ustez… Horiek denak gogoan ditut eta horietako batek animatu zidan Bilbora Matematika ikastera joatea. Azken bultzadatxoa. Zirt edo zart egin behar zen nahiz eta ez zen erabaki erraza. Litekeena da, seguru asko, erabakia nahiko arin hartu izana. 18 urterekin burua hala moduzkoa bainuen (batzuek esango dute orain ere bai!) eta ez nekien benetan norantz nindoan. Bost urteko bidea egin ondoren, irakasle lanetan berehala hasi nintzen. Jakitun naiz, arestian esandakoagatik, irakasleok ikaslearengan eragin nabarmena izan dezakegula. Agian, batzuetan, bizitzaren bidean ate batzuk ixtea eta beste batzuk irekitzea eragiten dizkigunak. Eta nik sentitzen dut ardura hori, benetan. Horregatik, nire helburuetako bat matematikarekin gozaraztea da, matematikaren alde argiak erakustea. Ikaslearen interes gose hori piztea. Eta hori gertatzen denean, magia potagia!
Gogoratzen zarete zertan datzan munduko teoremarik ezagunenetarikoa? Birgogoratuko dizuet. Zera dio: triangelu angeluzuzenetan hipotenusaren (triangeluaren alderik luzeena) karratua bi katetoen karratuen batura dela. Ondo ikasi bazenuten, gogoratuko zarete Pitagorasen teoremari buruz ari naizela. Honen harira, astelehenean, abenduaren 16an, Nazioarteko Pitagorasen Teoremaren eguna ospatuko da. Kasu horretan, hilabetea (12) kateto bat da eta eguna (16) beste katetoa, hipotenusa 20 izanik. Beraz, teorema aplikatuz 122 + 162 = 202. Logika antzekoa erabiliz ea asmatzen duzuen martxoaren 14an noren eguna ospatzen den? Pista bat: zenbaki irrazionala.■