Itsason organista aparta genuen, baita soinujolea ere, argazkian agertzen zaigun bezala, baina guk organoaren aurrean irudikatzen dugu batik bat Joxe Miel Zufiria Zufiria, Egizabal baserrian jaioa eta Itsasoko eliza atzeko etxean, Alustizaenean, bizi zena. 88 urterekin hil zen 2002ko otsailean.
Guk igandero goizeko hamarretako meza nagusian kantatzen genuen. Lehenengo urteetan korutik, hango organoaren inguruan aurrez aurre Joxe Miel genuela, gu zuzentzen. Gerora, ordea, elizaren aurrealdea izan zen kokalekua, sartu eta eskuin aldean. Bada oraindik bertan balio handia aitortzen zaion XIX. mendeko harmoniuma (oraintxe zaharberritzeko Gasteizera eramanda).
Nahi izaten zuten gure kantu hotsa hiletetan eta ezkontzetan ere. Argazkia 1974koa da, ezkontza batera etorritako argazkilariak ateratakoa. Bigarren argazki bat ere badugu egun berekoa, Joxe Mielen pianoaren ondoan.
Momentu hartan gure adin tartekoak ginenok osatzen genuen taldea (1960 eta 1965 bitartean jaiotako neskatoak) eta dozena erdi bat urte eman genituen isildu gabe. Elizatik bertan bizi zenez organista, meza bukatu orduko bere etxean zuen piano edo esku-soinuarekin entseatzen genuen, elizako eta bestelako kantuak.
Batez ere esku-soinua hartzen zuenean euskal kantak ikasten genituen: Ikusi mendizaleak, Aitorren hizkuntz zaharra… eta gogoratzen dugu eskolatik etxerakoan Anttonik eta biok hots baten kantari nola igotzen genuen Itsusturritik Seus alderako aldapa. Hoberena izan da egun hauetan Maite Arzelus hortaz gogoratzen zela aitortu digula, bera beheko bidetik Sarriegira zihoala entzuten gintuela, hain zuzen ere. Pozez gogoratzen ditugu garai haiek, baina arduraz ere bizi genuen, eliza jendez beteta eta gu han ahal genuen ahotsa ateratzen, bi ilaratan, batzuk eliztarrei begira eta beste batzuk bizkarrez, denok Joxe Miel organistari arretaz so.
Joxe Miel oso ezaguna zen Itsasoko Ostatuko eta baita Mandubiko Bentako jai giroan ere. Eguraldi ona egiten zuenean Mandubira igotzen omen ziren igande arratsaldez dantzara eta bertan beste hainbat tokitako jendearekin elkartu. Eguraldi txarra nahiago izaten omen zuten Itsasoko Ostatuan, gazte jendea bildu eta gastua bertan geratzeko. Bakoitzak bereari begiratu!
Gure belaunaldian musikarako oinarrizko zaletasuna eta irakaspena Itsason bertan jaso ahal izan genuen, nahiz eta tartean (1972an eta 1973an) herrian genituen bi eskolak itxi zizkiguten (Itsasokoa eta Alegikoa) eta guztira 50 ume baino gehiago Zumarragara eramanak izan. Jarraitu genuen hala ere, Ostatu zaharrean geneukan liburutegia eskura izaten, eta igandetan gu baino zaharxeagoak zirenek euskal dantzak irakasten zizkiguten.
Polita izan da talde honetan gauden gehienok aste hauetan garai haiek oroitzen aritu izana eta bizipen berritu horien fruitua da hementxe jasoa geratzen dena.
Kantatzen duen herria…■