Lotura berezia eta sendoa eduki dute Segurak eta pilotak. Lehen mailako kirola izan da herrian, eta lehen lerroko pilotariak eman ditu. Oparoaldi historikoetatik apalago ibilita ere, oraindik ikusten dira kultura horren zertzeladak. Azkena, azaroaren 23an; Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan inoiz jokatu duten pilotarien arteko juntadizoa egin zuten. Kirol hutsetik harago, ondarea baita pilota Seguran.
Segurarrak guztiak, pilotari, entrenatzaile eta delegatu ohiak elkartu ziren, bazkari eder baten jiran, beraien bizipenak eta oroitzapenak ospatzeko eta birgogoratzeko. 33 lagun izan ziren, 87 urtekoa helduena eta 40 urtekoa gazteena.
Nahiz eta azken urte askoan parte ez hartu, garai oparoak izan zituen Segurak esku pilotan Herriarteko txapelketan. Lau txapel jantzia da Segura, eta beste lau alditan bigarren geratua, finala galduta. Lehen txapelketa 1969an lortu zuen, eta azkena 1994an. Herriartekoaren 56 urteko historian, 34 aldiz parte hartu dute segurarrek; azkeneko aldiz 2002an. Palmares historikoan bosgarren loriatsuena da, Azkoitiaren (16 txapel), Azpeitiaren (8), Donostiaren (6) eta Hernaniren (5) atzetik, eta Oiartzunekin berdinduta. Kirola eta garaipenak bakarrik ez, pilotarien emana ere toki gutxitan bezainbestekoa dauka Segurak. Azaroko topaketan, adibidez, profesional izandako sei pilotari izan ziren, lau esku huska eta bi erremontean arituak. Berriro ere Herriarteko txapelketan parte hartzeko itxaropena islatu dute pilotari ohiek, eta datorren urtean elkartzeko hitzordua jarrita bukatu zuten ospakizuna.
Lehengoak bide erakusle
Ez da aurreneko juntadizo jendetsua izan Seguran egin dutena. 2006ko urtarrilean 47 herritar elkartu ziren frontoi zaharrean. Asko orain ere joan dira, baina historiako aurreko katebegiko gehiago, gaur egun ez daudenak, ikus daitezke Beti Alai, aste ta jai liburuan jasotako argazkian.
Andoni Etxeberriak eta Aitor Ugaldek 2010ean ateratako lan horretan suma daiteke pilota zer neurritako ondarea den Seguran. ■