Kalakan, Ankiloglosia Unitatea osasun-arazo horri diziplina anitzetan heltzeko asmoz sortu zen. Aurrerantzean arazo asko eman ditzakeen patologia baten aurrean gaude. Mihi frenulu mugagarri batek ez dizkigu arazoak edoskitzean bakarrik emango, gerora, arnas-infekzioak, hozkada arazoak, artikulazio arazoak edota apnea arazoak eman ditzake, beste batzuen artean.
Logopeda gisa, gure kontsultetan ikusten genituen kasuen azterketa sakon baten ondoren, diagnostikatu eta tratatu gabeko ankiloglosia kasuek gure lanaren errendimenduan oztopo zirela ondorioztatu genuen.
Honen harira, Bartzelonako Frelac klinikarekin harremanetan jarri ginen, eta haiekin formatzeaz gain, lankidetza prozesu bati ekiteko aukera eskaini ziguten gure zonaldean.
Kalakan, Ankiloglosia Unitatea bi logopedak eta pediatra eta emagin banak osatzen dugu. Horrez gain, Euskal Herriko zein Katalunia eta Madrilgo zentro batzuekin elkarlan sarea osatu dugu. Diziplina anitzeko lana egiten dugu baldintza horren balorazio integrala eginez: diagnostikotik hasi, tratamendu kirurgikora (frenektomia) pasa (beharrezkoa izanez gero), eta ondorengo errehabilitazio funtzionalarekin amaituz terapia miofuntzionalaren bitartez.
Esku-hartze horretan, bai frenektomia kasuetan baita frenektomiarik beharrezkoa ez den kasuetan ere, emaginaren eta logopedaren funtsezko lankidetza izango dugu zentroan bertan. Talde lana ezinbestekoa da patologia hauetan.
Kalakan familiari tratamendu eta jarraipen aukerak azaltzen zaizkio. Frenektomia beharrezkoa ikusten bada, 6 hilabete arteko haurrei bertan burutzen zaie ebakuntza pediatraren eskutik; helduagoak diren haurren kasuan, beste zentro batzuetara bideratuak izaten dira. Ebakuntzaren ondorengo errehabilitazioa bertan egiteko aukera izaten dute Ankiloglosia Unitateko kideen eskutik.
Gure helburu nagusia familiei aholkularitza profesionala eta dituzten zalantza eta zailtasunei erantzutea da, haien adina edozein dela ere, eta betiere talde-lanetik, prestakuntza espezializatutik eta gure esperientzia klinikotik abiatuta.
Edoskitzearen bidea ez da beti erraza izaten, eta batzuetan zailtasunak izaten ditugu gure haurra nahi dugun moduan elikatzeko. Ankiloglosia edoskitzaroan sortzen diren konplikazio askotan inplikatuta dago.
Zure haurrak edo ingurukoren batek patologia hori izan dezakeela sumatzen baduzu, lehenik eta behin, balorazio bat egitea gomendatzen dugu, arazoa lehenbailehen detektatu eta soluzioa jartzera bidean.
Frenektomia gomendatzen dugunean, oraina konpontzeaz gain, haren osasunean ere esku hartzen dugu, epe ertain eta luzera. ■