Zeinen bereziak diren garai bateko argazkiak; irudikatzen dituzten une horiek berpizteko duten gaitasunarekin, begirada batean bertara lekualdatzen gaituzte.
Gaurko irudiak 1915. urteko Aramara garamatza: herriko hiru eraikin esanguratsu (Iriarte Baserria, Eliza eta Apaizetxea), baserritarrak lanean, eta garaiko herriko haurrak taldean atzean. Ederra, ezbairik gabe!
Iriarte Baserriak (ezkerrean) garrantzi berezia izan zuen herrian. Esaterako, tradizio handiko sagardotegi eta taberna baten kokaleku izan zen, eta, 1921etik aurrera, Aramako telefonoaren egoitza ere bai. Herrigunean egon zen kokaturik harik eta udalak baserria erosi, eraitsi, eta erabilera anitzeko zentroa bertan eraiki zuen arte.
Bestalde, Elizak eta Apaizetxeak orduko itxurari eusten dioten bitartean, bien arteko arkupeak dirudiena baino historia gehiago gordetzen du. Izan ere, gaur egun frontoi txikia bezala ezagutzen dugun horrek, garaiko aiuntamentua eta eskola jaso zituen goiko pisuan. Apaizetxearen aldean zeuden eskailera zahar batzuk erabiliz igotzen ziren bertara. Testigantzek diotenez, lekuaren egoera tamalgarria zen, baina, orduan ere, ez zegoen gehiagorako dirurik. Arkupe azpiak, aldiz, elizako bigarren sarrera eta zimitorioa hartzen zituen. Edonola ere, festarako eta haurren jolaserako tokia ere bazen; makina ordu pasa ditugu bertan jolasean!
Argazkiaren garaitik mende bat igaro den honetan, herriguneak hazkuntza itzela izan badu ere, eraberritze prozesu bete-betean dago berriz: frontoi txikiaren eta elizako teilatuaren birgaitzea, apaizetxean taberna-jatetxea kokatu eta plaza berria eraikitzeko proiektua… Izan daitezela aldaketak onerako eta herritarren gozamenerako, beti izango baititugu argazkiak iraganera itzultzeko! ■