Bere garaiko bertsolari onenekin parez pare sarritan kantatua zen arren, ez zen plazarik plaza edo txapelketetan askorik ibili Migel Frantzisko Zubeldia Aldasoro Artxanberri. Ez zuen gogoko. Lagunarteko eta taberna giroko bertsolaria izan zen. Inguruko herriren batean inoiz aritu izan zen, baina ez zuen nahi izaten urrunera joaterik, deitzen zioten arren.
Zaldibiako Ernaritzaga Azpikoa baserrian jaio zen, 1894ko abuztuaren 8an. 18 urterekin Ipar Euskal Herrira joan zen, artzaintzara. Lau urte igaro zituen han. 1916 aldera itzuli, eta artaldea bere jabetzan hartuta segi zuen artzain. Familia Abaltzisketako Iartzagoikoa baserrira aldatuta zegoen ordurako; herri hartan jarri zioten Artxanberri izengoitia, ‘artzain berria’ zela eta.
Aurtengo udan bete dira 50 urte hil zela. 1974ko abuztuaren 7an hil zen, Altzon (Gipuzkoa), 80 urte bete bezperan. Maria Antonia Agirre abaltzisketarrarekin ezkondu zen, eta sei seme-alaba izan zituzten: hiru alaba (Maria, Luzia, Joakina) eta hiru seme (Joxe Mari, Gregorio eta Juan). Ezkonberritan Abaltzisketan, gero Astigarragan bolada motz batean, eta 1945erako Altzo Azpiko Seroretxean bizi izan ziren. Azken horretan bizi izan zen, hil arte.
Hil aurretxoan, Zaldibian omenaldia jaso zuen, 1974ko ekainaren 29an.
Plazako bertsolaria ez izanagatik, bertsolari handienekin kantatua zen: Txirrita, Txapel, Frantzes Txikia, Uztapide, Basarri, Lasarte, Lazkao Txiki… Uztapidek hau idatzi zuen Artxanberriri buruz: «Bertsolari ona [da] gainera. Banaka aldiz berarekin jarduteko zoria izan dugu. Gizon ona da bera. Ez dizu nolanahi huts egingo hizketan. Gu Goierri aldera joaten baginen, han izango zen hura, eta gurekin bertso-saio bat egin gabe ez zen geldituko berehala. Ez da bere gisa hasi ohi den bertsolari horietakoa. Pixka bat pentsatuta hasiko zen. Hala behar ere bertsotan ondo egingo bada».
Lazkao Txikik ere estimutan zeukan. Bertsolari berriren bat ateratzen bazen, hari buruzko iritzia galdetu, eta «garai batean Artxanberrik probatu izan balu!» epaituko zuen segituan.
Azeri harrapatzailea
Plazarik ia zapaldu ez zuen arren, Artxanberriren bertso asko geratu zitzaizkion jendeari gogoan ondo iltzatuta. 1977an, Zaldibian Artxanberri eta Pello Errota Saria bertsolari gazteen lehiaketa eratu zuten, 1989ra arte bi urtean behin egin zena. 2011n, Zaldibiako kale berriari Artxanberriren izena jarri zioten, 2015ean hango probalekuari ere bai, eta aurtengo urriaren 6an, hil zela 50 urte betetako datetan, oraindik ez dutela ahazten aitortzeko plaka.
Bertsolari ofiziorik ez, baina 1935ean azeri harrapatzaile hasi zen, artzaintza utzita. Euskal Herri guztian ibili zen, baita kanpoan ere. Badirudi tranpekin harrapatzen zituela. 40 urtean, azeriak, lepazuriak eta lepahoriak, 3.000 bat piztia harrapatzera iritsi omen zen. ■