Negutegietan, Ordiziako azokan, lore eta landare feria berezietan… makina bat lekutan ibili da Maria Dolores Mendizabal Garmendia (Itsasondo, 1954) lore eta landare koloretsuen artean. Martin Urretabizkaia senarra zenak sortutako negozioan gustura aritu da, baina lana uzteko garaia heldu zaio. Lorategiek ordea, bizirik jarraituko dute, Aritz semearen eskuetan.
Noiz hasi zinen lanean loreen munduan?
Duela 47 urte, Aramara ezkondu nintzenean. Ordurako nire senarra hasita zegoen negozioarekin, eta ni ere pixkanaka joan nintzen sartzen. Ordiziako azokara ere berehala hasi nintzen, baina ni baino lehenago bere ama Saturnina Etxeberria eta koinata Maria Rosario Urretabizkaia joaten ziren.
Nolakoak izan ziren lorategien hasierak?
Hasiera batean krabelinak etxean hazten zituzten. Ni Aramara joan nintzenean negutegi txiki bat ezagutu nuen, aldatutako krabelinez beteta, eta haiekin joaten ziren feriara. Lore moztuak ziren, sortak egiteko. Gero ugaritzen joan ginen, eta gladioloak eta astromediak sartu genituen, eta Santu Guztietarako loreak ere bai. Batzuetan gaizki ibiltzen ginen, negutegian ere beti eguraldiaren menpe egon behar delako, eta urte batean Santu Guztietarako ez ziren loratzen, eta hurrengoan justu-justu, edo pasatu.
Orduan ez zenuten berogailurik?
Lehen-lehen, ez. Nahiko oinarrizkoak ziren negutegiak, plastikozkoak. Gaur hobeagoak ditugu, plakekin, eta berogailuarekin. Baina hasierako urteetan negutegian bakarrik ez, kanpoan ere aldatzen genituen loreak, eta hor bai, beti zaude eguraldiaren menpe.
Tomateak ere izaten zenituzten.
Bai. Senarra hasi zen, negutegian. Oso tomate bikaina ateratzen zuen. Baina gero gaixorik erori zen, eta badira 23 urte hil zela.
Zer gertatu zen negozioarekin gero?
Gure seme zaharrena Aritz eta ni geratu ginen. Eta ondo moldatzen ginen. Ferietara eramaten ninduen, eta berak etxean jarraitzen zuen lanean bitartean, loreekin eta tomateekin.
Lore sorta asko egiten zenituzten.
Bai, garai hartan ezkontzetarako lan asko egiten genuen, elizak ere apaintzen zirelako orduan. Hiletetarako sortak, Santu Guztien egunean hilerrira eramateko zentroak…. Bai, lan asko izaten genuen sortak eta zentroak prestatzen. Hura senarraren lana izan zen hasieran, eta gero Aritzena. Aritzek oso esku ona zuen, eta du. Niri ez zait ondo joan lan hori. Beharra tokatzen zen garaian egiten nituen, baina nahiago nuen besteek egitea.
Eta zuk zer lan egiten zenuen?
Salmenta nuen nik gustukoen, eta oraindik ere hori da gehien gustatzen zaidana. Baina negutegian ere tokatzen zitzaidan lan egitea, baita gaur egun ere. Krabelinak etxean hazten genituenean, haiek lana ematen zuten. Belarra sortzen zitzaizkien, eta haiek atera egin behar ziren eta dena txukun-txukun eduki. Arrosak hazten ere hasi ginen, eta ez du ematen, baina landare horrek ere eskatzen du arreta.
Salmenta gustuko izanda, feriak ere bai, ala?
Bai. Lan hori gustatzen zait. Orain Ordiziara joaten naiz bakarrik, baina lehen feria gehiago egiten genituen. Lazkaora joaten ginen astelehenetan, astearteetan Beasainera, larunbatetan Tolosara… astean lau feria behintzat bai. Hori nire lana zen. Semeak eramaten ninduen furgoneta eta loreak hartuta, eta bukaeran bila joaten zitzaidan.
Gaur Ordizian bakarrik, orduan.
Bai, asteazkenero Ordiziara joaten naiz, eta feria berezietara ere bai. Segurara, Urretxura, Idiazabalera, Altzora, Nafarroako Olaztira…
Zergatik duzu gustuko feriako lana?
Ez dakit. Asko gustatzen zait lan hori, jendearekin egotea, izaten duzun harremana edo. Ondo moldatzen naiz.
Saltzen al da feriatan?
Bai, saltzen da, baita feria berezietan ere. Jendea mugitzen da feria horietara, eta beti eramaten duzu zerbait diferentea. Gustura joaten gara feria guztietara.
Orain ez duzue krabelinik.
Ez, orain lore biziekin ibiltzen gara batez ere. Lore moztuen mundua asko aldatu da, saldu ere ez da lehen bezala saltzen, askoz ere gutxiago. Aldatu egin da loreen mundua. Jendeak nahiago du etxean jartzeko landaretxo bat erostea.
Eta lore biziak ere etxean hazten dituzue?
Ez. Kanpotik ekartzen ditugu, negutegietan zaindu, eta gero saldu. Aldaketa hau, gure kasuan behintzat, ez dugu salmentaren jaitsieragatik bakarrik egin. Etxean loreak hazteko jakin egin behar duzu, afizio handia izan behar duzu, nire senarrak zuena bezalakoa. Gu ez gara horrelakoak.
Negozioak Araman jarraitzen al du?
Bai, etxe ondoan, Agerre baserriaren ondoan, bi negutegi ditugu, negutegi onak, plakekin egindakoak, elurrei eta aurre egiteko egokiak. Lehen elurrarekin gaizki pasatutakoak gara, askotan gainera, baita haizearekin ere, plastikoa puskatuta, loreak txikituta…
Hondamendiak ere jasan dituzue, beraz.
Bat baino gehiago. Nahiko oroitzapen gogorrak ditut. Behin plastikoa eusteko burdina ere suntsitu zitzaigun! Garai hartan ez zegoen asegururik gaur bezala, eta norberak egin behar izaten zien aurre horrelako hondamendiei. Horregatik erabaki genuen negutegi hobeak egitea, eta orduz geroztik, ondo ibili gara eguraldiarekin.
Etxean ere saltzen duzue.
Bai, joaten zaigu jendea, batez ere udaberrian, loreak aldatzeko garaian. Geranioak, huntzak, alegriak eta horrelakoak erostera joaten dira.
Nola dago gaur egun lore salmenta?
Lana egiten baduzu, baduzu aukera aurrera ateratzeko. Lana egin behar da, eta gustura egiten baduzu, hobe. Baina lan sakrifikatua da, eta kemena izan behar duzu aurrera egiteko.
Orain erretiratu egingo zara.
Bai, jubilatzeko urteak ondo igarota, gainera. Ordiziako urteko azken feria izango da nire azkeneko lan eguna, abenduaren 31. Momentua iritsi dela iruditzen zait, nekatuta nago pixka bat, eta gauza guztiek dute hasiera eta bukaera. Nire lanarena iritsi da.
Zein da balantzea?
Ni gustura ibili naiz, egun batzuk txarrak izan diren arren. Saiatu gara, behintzat.
Nola geratuko da orain Urretabizkaia Lorategiak?
Aritz semeak jarraituko du, baina beste modu batera. Feriak utzi egingo ditugu, eta etxean lore sorta eta zentroak egingo ditu, enkarguz.
Eta zuk, zer egingo duzu?
Nire bizitzari orain arte eskaini diodana baino gehiago eskaini. Asko sumatuko dut feriaren falta, eta iruditzen zait hasieran gogorra izango dela, baina beste guztiak bezala, ohitu egin beharko naiz, eta ohituko naiz. ■