Anaitz Goia Imaz • Teknologia eta eraldaketa digitalean aditua
Adimen artifiziala (AA) gure mundua eraldatzen ari da. Berrikuntza dirudien arren, AAk 1950eko hamarkadan ditu sustraiak, garaiko zientzialariek galdera ospetsu hau egin zutenean: «Pentsa al dezakete makinek?». Hamarkada batzuk geroago, datu masiboen gorakadarekin, algoritmo aurreratuekin eta gaitasun konputazionalaren hobekuntzarekin, AA etorkizun handiko ideia izatetik errealitate izatera igaro da. Gaur egun, AAk gure eguneroko bizitza antolatzeko gaitasuna izateaz gain, sektoreak iraultzen ari da. Osasungintzan, adibidez, algoritmoek minbizia bezalako gaixotasunak ezohiko zehaztasunez detektatzen dituzte. Industrian, prozesuak optimizatzen dituzte, akatsak aurreikusiz eta jasangarritasuna handituz. Era berean, hezkuntzan, mugikortasunean, komunikabideetan, turismoan eta burura etortzen zaizkigun beste sektore guztietan.
Hala ere, arriskuak benetakoak eta oso kontuan izan beharrekoak dira. Algoritmoak justuak eta etikoak izatea nahitaezkoa da; informazioaren egiazkotasuna bermatzea ere hil ala bizikoa da deepfake-n erabilera ekiditeko. Hori gutxi balitz, datu pribatutasuna dago jokoan: nork kontrolatzen ditu sortzen ditugun datuak eta nola eta zertarako erabiltzen dira?
Honek guztiak, ikuspegi makro-ekonomikoan begirada bat jartzera eramaten gaitu: Txinak eta Estatu Batuek lidergoa duten iraultza honetan, non kokatzen dira Euskal Herria eta Europa? Erronka itzela daukagu, subiranotasun, lehiakortasun eta posizionamendu estrategikoaren ikuspegitik. Oportunitate testuinguru bat ere bada. Enpresa-sare sendoa, talentua eta lankidetza-kultura ditugu, baina anbizio handikoak izan behar dugu: besteak beste, ikerketan eta talentuan inbertituz eta etorkizuneko posizionamenduan apustu sendoak eginez.
Eta nola ez, Euskara. Olatu digital honetan lekua izango duela bermatu behar dugu.
Enpleguaren inguruan bi hitz. Batzuk enplegu-galeraren beldur diren arren, nire ustez AAk ez ditu lanak ezabatuko, eraldatu baizik. Pertsonak, enpresak eta gizartea aldaketa horietara egokitzea izango da erronka.
Hau guztia ez dut iraultza teknologiko bat bezala ikusten, iraultza transformazional bat bezala baizik. Eta horretarako prest egon beharko dugu. ■
Aitzgorri berrikuntzaren olatuaren gainean