Batzuek sortu eta beste batzuek erabili. Idiazabalgo Aitzgorri galdaragintza da horren adibide. Duela 35 urte Angel Iztuetak ireki zuen Aitzgorri galdaragintza eta orain, Garikoitz (duela 25 urtetik dabil lanean) eta Eider (duela 10 urtetik) seme-alabek hartu dute gidaritza. Fabrikazio arloaren ardura du Garikoitzek eta Eiderrek administrazio, marketin eta kudeaketarena. Batak zein besteak, argi dute: garai berrietara egokitzea beharrezkoa da lehiakorragoak izateko. Goiekiren saria jaso dute. «Ilusioa egin digu sariak, aitortza bat da. Bultzada bat da, ondo ari garenaren seinale», diote.
Administraziotik hasi zuten eraldaketa, datuen gobernantzatik, digitalizaziotik. Goierri Valley-n sartzea ere erabakigarria izan zen. «Goierri Valley-n sartu ginenetik, enpresa handiekin hartu-eman handiak dauzkagu. Entzunez bakarrik asko ikasten da, nora doan merkatua ikusi, nora doazen enpresa handiak, zure parekoak ere nola doazen… Hausnarketa estrategiko bat egiten hastea erabaki genuen».
Digitalizazio prozesuaren ondorioz, lehen Eiderrek eskuz egiten zuena, orain langileek eurek egiten dute momentuan datuak ordenagailuan sartuta. «Digitalentukoek esan ziguten ondo etorriko zitzaigula datuen analisirako AAko Power Bi programa. Momentu oro dut esku artean fabrikazioaren argazki erreala».
Bigarren fasean, fabrikazioan ere berrikuntza sartzea erabaki zuten, soldadura aurreratuko eta kolaboratiboko robota erosita. Robotak, 15 metro luze eta 10 metro zabalera du. «Duela bizpahiru urte BEC-en azoka batera joan ginen eta konturatu ginen robotika, digitalizazioa, automatizazioa, berrikuntza… zetorrela. Ikusi genuen gu ere sartu behar ginela olatu horretan». Portugalen egindako robota erosi zuten. «Ikasketa handia behar izan dugu. Portugalera ere joan ginen… Portugaldarrak etorri ziren hiru astean erakustera… Gogorra joan da», dio Garikoitzek. AA lagun izaten dute sortzen diren arazoei, azkar eta egoki, irtenbideak bilatzeko.
Berrikuntzaren arrazoiak, bi izan dira. Batetik, «pertsonal falta iritsi baino lehen aurreratzea» erabaki zuten. «Batzuk jubilatu egingo zaizkigu». Bestetik, «dibertsifikatu eta kanpora atera nahi» balute, «lan karga gehiago ere hartu beharrean» zeudela. «Ez genuen ezezkorik eman nahi. Lan batzuk automatizatuta, horrek ahalbidetu digu beste bezero berrietara sartzea. Robotak ahalbidetu digu merkatu berrietan sartzea, bezero berriak lortzea, eta batez ere, gure balioa bikoiztea».
Robotarekin «ordu luzeetako» lan errepikakor eta luzeak ekidin dituzte. «Eskulan hori kenduta, beste pieza batzuetan aprobetxatzen dugu denbora eta lan gehiago hartu dezakegu. Azkartasunean ere irabazi dugu. Kalitatean eta segurtasunean ere bai. Azkenean, 10 tonako pieza garabiarekin mugitu behar izaten dugu eta orain robotarekin mugitzen ditugu».
Beste sektore batzuetan sartzea eta nazioartera ateratzea [Suitza] ere lortu du Aitzgorrik robotari esker, aeronautikan eta energian. «Badator, iritsi da eta hori da etorkizuna. Robotizazioa sartu beharra dago enpresetan».
Beste lan batzuk
Makinek egiten duten lanaren ondorioz, bestelako ustea egon badaiteke ere, ez dago langilerik soberan. «Alderantziz, beste profil mota bateko langileak hartzen ditugu. Lan batzuk robotak ezin ditu egin, robota ere martxan jarri behar da, maneiatu egin behar da… Soldatzaile bati profila aldatu diogu eta orain robotaren arduraduna da nirekin batera, formakuntza on bat jasota. Bulegorako ere beste pertsona bat hartu dugu. Beste profil bateko jendea behar da». ■
Anaitz Goia: AA eta eraldaketaren bidea