Igor Susaeta • Kazetaria
Et, et, et! Ez galdetu niri gero ea zein iritzi dudan gabon kanta batzuen letrak eguneratzeaz. Tertulianoen gaia iruditzen zaidanez, pistolen ordez haiek mintzo bitez. Ez, ez diot hil ala biziko auzi horri iskin egin nahi, baina GoiBerri-rekin sinatu nuen kontratuak «gai arantzatsuez» hitz egitea eragozten dit. Legez, aktualitateaz idaztera behartuta nago. Orduan, Gabonez arituko naiz; zeri buruz bestela…
Horretarako, memoria ariketa bat proposatu nahi dizuet. Saia zaitezte beste Gabon batzuk gogoratzen; hau da, mendebaldar estandarrarren arrunkeria negargarrian ito ez, eta arrazoia edozein dela ere beste modu batean igaro zenituen Eguberri haiek oroitzen. Dena den, ezer baino lehen, ohartarazpen bat, irakurle: data hauei buruz esateko duzun bakarra baldin bada faltsukeriak eta kontsumismoak blaitzen dituela, ez jarraitu irakurtzen, mesedez.
Gogoan duzu beste Gabonen bat? Ez du balio kanpoan tokatu baldin bazaizkizu, izan oporretan, lanean edo beste arrazoiren batengatik. Esan nahiko nieke senideei eta lagunei ez naizela haiekin bilduko, beste modu batean, bakardadean, nahi ditudala ospatu; horrekin fantaseatzen dut urtero. COVID-19aren pandemiaren garaian, 2020-2021eko Gabonetan, ez zen horretarako beharrik izan, ordea. Halabeharrez bakar-bakarrik egon nintzen Urtezahar egunean. Ez dut gogoratzen zer jan nuen. Oroitzen dut, aldiz, afaltzen hasi aurretik Lambchop taldearen OH (Ohio) diskoa jarri nuela eta ardo botila bat ireki nuela. Hori entzunez afaldu nuen, gustura asko, nahiz eta ez nuen dantzan hasteko lain edan.
Eta ispiluak itzultzen zidan irudi erdi tragiko, erdi komiko hori maite dut, bere patetikotasunean. ■