Legazpin bizi bada ere, mexikarra da Eduardo Gonzalez Cortes ‘Lalo’. Han ezagutu zuen bikotea, legazpiarra, eta duela bost urte Euskal Herrira etorri ziren biak. Euskara ikasten ari da, eta geroz eta euskara zale handiagoa da.
Urtarrilaren 19an Jon Maiak Legazpiko Latxartegi aretoan eskaini zuen Kantu berri bat gara ikuskizunean, euskal sortzailearen gonbidatu batzuek parte hartu zuten, haien artean kanpoko jatorria duen legazpiar batek. Eduardo Gonzalez Cortes Lalo zen, mexikarra, eta Maiak berak migrazioari buruz euskaraz idatzitako testu bat publikoaren aurrean irakurtzea izan zen bere zeregina. Euskara ikasten ari zen orduan Gonzalez, eta urduri egon arren, erraztasun handiarekin egin zion aurre erronkari.
Ekitaldi hartatik urtea etorriko da laster, eta orduan baino errazago hitz egiten du orain euskaraz, ikasten jarraitu duelako. Eta ikasten jarraituko du. Geroz eta euskara zale handiagoa dela aitortzen du.
Mexikotik Legazpira
Mexikoko Puebla hiri handian 199oean jaiotakoa da Gonzalez, eta duela bost urtetik bizi da Legazpin. Bikotea du herri honetakoa, eta harekin etorri zen Euskal Herrira 2018an. Legazpiko Estitxu Galparsoro da bikotea, Haztegi ikastolako irakaslea. Garai hartan praktikak egiten ari zen zazpi milioi biztanle inguru dituen Pueblan, eta kontzertu batean ezagutu zuten elkar, biek zuten ezagun baten bitartez.
Handik denbora batera, 2018an, Gasteizera etorri ziren bizitzera, eta urte erdia egin zuten bertan, Lalok Euskal Herria ezagutzeko. Mexikora itzuli zen gero, eta urte erdiren ondoren, 2019an dagoeneko, berriz etorri zen, orduan Legazpira. Bertan jarraitzen du oraindik.
Maizpiden, euskara ikasten
Gonzalezek Komunikazioa ikasi zuen Mexikon, eta Politikan espezializatu zen. Hango egunkari batean egiten zuen lan Euskal Herrira etorri aurretik. Hemen, ikastaro bat egin zuen informatikaren alorreko programazioa eta web orrien diseinua ikasteko, eta Gasteizko enpresa batentzat lan egin zuen tarte luze batean informatikari gisa.
Baina aurtengo otsailean utzi zuen lana, eta martxotik buru-belarri ari da beste zeregin batean: euskara ikasten. Ordutik, udako oporraldia kenduta, Lazkaoko Maizpide euskaltegian ari da ikasten, astelehenetik ostiralera. Barnetegian dago, ikastaro trinkoan. Hizkuntza ikasteko «murgiltze bikaina» dela dio. Maizpidera joan aurretik, Legazpiko Udal Euskaltegian ibili zen, eta han «oinarrizkoa bakarrik» ikasita, A2 titulua eskuratzea lortu zuen. Lazkaon, B mailekin hasita dago.
Euskara, lagun artean
Euskara ikasteak «ilusio handia» egiten diola aitortzen du, eta gehien betetzen duena bera euskaraz hitz egiten entzutean «inguruko jendea pozik ikustea» dela. Legazpin bertan badu aukera euskaraz hitz egiteko: «Lagun guztiak euskaldunak dira, eta beti euskaraz hitz egiten dute. Orain nik ere egin dezaket, ez lehen bezala, ulertu bakarrik egiten nuela». Baina Legazpiko euskara «pixka bat zaila» dela dio, Lazkaoko barnetegian batua ikasten ari delako, eta «Legazpin hitz asko jaten dituztelako!». Hala ere, gai da ondo ulertzeko, Legazpin eta Legazpitik kanpo. «Duela asteburu pare bat baserri batera joan ginen ikasle guztiak batera, eta pozik geratu nintzen, den-dena ulertu nuelako bisita hartan».
Jon Maiaren ikuskizunean parte hartu izana, bestalde, ez du ahazteko. «Euskaltegian ikasten ari nintzela, nire irakaslea zen Gurutzek eskatu zidan parte hartzeko. Atzerritar bat behar zutela esan zidan, eta nigan pentsatu zuela. Berak eskatu zidalako bakarrik esan nuen baietz, eta esan behar dut lotsa handia eman zidala irakurri nuen testu hura irakurtzeak. Ekitaldiaren bideoa dut, eta ikusi dudanez, dardarka egon nintzen, baina dena oso ondo atera zen». Jon Maiaren berri bazuen aurretik, ez asko, eta egun berean ezagutu zuen. «Orain informazio gehiago dut».
Etorkizuna, Euskal Herrian
Gonzalezek Maizpiden jarraituko du momentuz euskara ikasten, urtarrilera arte gutxienez, eta aurrerago ez daki oraindik. Etorkizunari begira ez dauka oso argi zer egingo duen, baina badaki «geroz eta euskara zale handiagoa» dela, eta gustatuko litzaiokeela «euskararen inguruan lan egitea». Baina oraindik ez, maiatzean Mexikora joatekoa delako, familia bisitatzera. Itzultzean hasiko da lan bila.
Bere familiak, berak bezala, duela zazpi urtera arte ez zuen euskara ezagutzen, baina duela hiru urte Euskal Herrira etorri ziren, eta orain badute hizkuntza honen berri. «Nire ustez, nitaz harro daude ikasten ari naizelako, eta hitz egiteko gai naizelako». Mexikoko lagunek ere badakite orain euskara existitzen dela. ■