Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Ez dago egutegiari begiratu beharrik gainera datorkigunaz ohartzeko, ezta? Gabonetan gaudela denok dakigu. Nola ez jakin ba? Dagoeneko ez dakigu noiz hasten diren eta! Ez noiz hasi, ez eta noiz amaitzen diren ere. Hasi, gu konturatu gabe heltzen gaituzte Gabonek lepotik, eta amaitu? Izan ere, noiz arte aritzen gara urte berri on elkarri esanez? Ba hori. Nire alaba azaroa hasieran hasi zen Gabonetako zuhaitza jarri behar genuela bai ala bai. Eskerrak despistatu egin zen! Durangoko azokarekin batera hartu zuen ditxosozko plastikozko pinuak bere lekua gure etxeko egongelan. Jakina, aspaldi du Gabonetako zuhaitzak bere leku propioa.
Baina ia ez dago ihesbiderik. Urakanaren erdigunean sartzera goaz. Tripakadak, abusuak, jana eta edana, iji eta aja, ezinbestean jator eta ditxaratxero izan behar gure bizitzak biharrik izango ez balu bezala.
Eta nola ez, garai honetako bikote izarra. Mari Domingi eta Olentzero, edo Olentzero eta Mari Domingi, nahi duzuen bezala, ez dut uste ordenak garrantzirik duenik. (Bi hauen arteko harremana zein den ere zehaztu beharko genuke inoiz. Edo bost axola, ze mania dugun ondokoaz guztia jakin beharrarekin, bakoitzak nahikoa lan ez dugu ba gurearekin…). Baina tira, ez dut uste orain artekoa esan beharrik zegoenik ere, hau dena guztiok badakigu. Baina badut gauza bat buruan bueltaka dabilkidana eta zuekin partekatzeko gogoa dudana… Horra, horra gure Olentzero…
Ea, gauzak argitze aldera. Zuzen joango naiz harira. Morroi hau gauekotasunez zure etxean eta mundu guztiaren etxean sartzen da; bertan utzi duzun txorizoa, lukainka eta bestelakoak jan eta ardo botila edaten du. Ziplo. Guztia opari gutxi batzuk uzteko aitzakiarekin, baina ez pentsa mundu guztiarentzat… ez, ez! Izan ere, urte osoa omen dabil zelatan ondo edo gaizki portatzen zaren begira. Pintzoi omen du izena bere txori zelatariak. Bai, bai, ondo entzun duzue, zelatan, epaitzen, aizue! Urte osoan etxe guztietako sukaldetako leihotik leihora zintzoak garen edo ez epaitzen. Ondoren Pintzoi delakoa txutxu-mutxuka joaten da ikatzez aurpegia zikinduta duen bizardun narras horrengana, bai! Eta berak bere kabuz erabakitzen du zintzoa izan zaren edo ez. Berak erabakitzen du zer dagoen ondo eta zer gaizki, aurrez irizpideren bat eman gabe, benetako balore batzuk… ba tipo hori, tipo hori oso… zera, izugarria da tipo hori! Ni pentsatuta bakarrik dardarka jartzen naiz! Nork eman dio botere hori? Nork eman dio baimena etxeko denok lo gauden bitartean gure etxeetan sartzeko?
Tira, jakin nahiko nuke urteko beste edozein egunetan gauerdian esnatu eta etxeko sukaldeko hozkailuan begira morroi aurpegi zikin bat aurkituko bagenu zer egingo genukeen…
Gabon zoriontsuak izan, eta bihurriak izan, neurrian, baina bihurriak! ■