Goierriko enpresei zuzendutako balio erantsi handiko zerbitzua du esku artean Goiekik: Lanaren Zentzua. Enpresen lehiakortasuna hobetzea du helburu, antolakuntza ahalduntzeko analisi-prozesu bat eginez.
Enpresaren errendimendua eta pertsonen ongizatea uztartzea helburu duen proiektua da Lanaren Zentzua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bultzatu du. Etorkizuna eraikiz dinamikaren barruan etorkizuneko enpleguaren inguruko hausnarketan zentratutako Think Tank-ean diseinatu zuen Diputazioak. Proiektuak esku-hartze zuzena eta banakakoa izango du, eta enpresak Goiekiko taldearekin egingo du lanketa.
Aldundiak uste du proiektu hau «erronka estrategikoa» dela Gipuzkoarentzat, ongizatea handitzea, talentuak ihes ez egitea eta absentismo gutxiago ekar dezakeelako. «Eta batez ere enpresen lehiakortasuna hobetzen duelako, bai malgutasuna handitzen, erantzuteko gaitasunean, azkartasunean, kalitatean eta produktibitatean, besteak beste».
Proiektuak hiru fase ditu. Lehena Kontzientzia hartzea da, bigarrena Pentsamendu kritikoa lantzea, eta Ekintza plana proposatzea hirugarrena. Lantzen diren palankak Informazioa, Lidergoa, Helburuak, Talde lana, Formakuntza eta Autonomia dira.
Enpresen zerbitzura
Gipuzkoako Foru Aldundiak bere politika publikoak gizarteratzeko «bidelagun» modura ikusten du Goieki garapen agentzia, eta proiektu honen sistematizazioan parte hartzeko proposamena egin zion. «Bi urtez aritu gara Mondragon Unibertsitateak proposatutako ezagutza aditua barneratu eta gure lan egiteko erara egokitzen», adierazi du Ane Urteagak, Goiekiko Industria arloko teknikariak. Haren esanetan, proiektu honi esker, «sentsibilizazioaz harago, balio erantsi handiko hastapenak» eskainiko dizkiete enpresei. «Enpresaren bidelagun izango gara prozesuan, lan sistemaren inguruan hausnartzera gonbidatuko ditugu eta hasieratik amaierara, enpresari eraldaketa prozesu batean murgiltzea ahalbidetuko diogu. Goiekirentzat erronka polita da eta motibatuta gaude».
Urteagak gogoratu du Goieki eskualdeko «enpresen zerbitzura» dagoela. «Lanaren Zentzua proiektu anbiziotsua da, baina enpresei esan nahi diegu Goiekiko taldea beraien zerbitzura dagoela enpresaren lehiakortasunean eta iraunkortasunean laguntzeko». Izan ere, Goiekirekin harremanetan jartzen diren ETEetako –Enpresa txiki eta ertainak– arduradun asko «gainezka» ikusten dituzte. «Egunerokotasunean hartu beharreko erabakien zama, helburuak betetzeko premia eta pertsona-ihesak kezkatzen dituzte arduradunak. Eta bien bitartean, enpresetan motibazio eza ikusten da, pertsonen inplikazioa jaitsiz doa eta bezeroen presazko eskaerei erantzuteko prestutasun gutxi sumatzen da».
Goierrin kokatuta dagoen eta bere enpresaren dinamikak egokitzeko gogoa duen enpresa orori bideratutako proiektua da Lanaren Zentzua. «Goierrin industriak duen pisuagatik logikoa dirudi enpresa hauei bideratzea proiektua, baina ez dugu inongo sektorera itxi nahi. Langile kopuruari dagokionez, proiektuak bost langiletik gorakoetan izan dezake eragin egokia. Enpresa oso handia bada, sekzioka bana daiteke lanketa. Eta bost langile baino gutxiagoko enpresa batek lanketa egin nahiko balu ere, proiektuan moldaketak txertatu eta lan egiteko aukera ikusten dugu».
Goiekiko teknikariak aurreratu du «hilabetetako prozesua» dela eta proiektuaren hasiera eta amaiera ez direla muga: «Enpresa bakoitzaren errealitatera egokitzen gara, baina prozesu guztia gauzatzen duen enpresa batek lau hilabete gutxienez beharko ditu bide honetan».
Bigarren fasea, inportanteena
Metodologia honen sorreran eta ezarpenean ari dira lanean Mondragon Unibertsitateko Unai Elortza eta Maite Zaitegi. «Metodologia sinplea da, baina bigarren fasea da inportanteena. Asmo berari beste ertz batetik begiratzen saiatzea garrantzitsua da», nabarmendu du Elortzak.
Txindokik dituen ikuspegi desberdinekin jarri du adibidea. «Beasaindik eta Tolosaldetik ikusi, ezberdina da. Zuzendaritza batek horretaz hausnartzea oso garrantzitsua da. Gure rola ez da esatea bakoitzak zer egin behar duen, baizik eta Tolosatik Beasainera doan bide horretan ahalduntzea». MUko ikerlariak argi du prozesuaren gidaritza zuzendaritzari dagokiola. «Etxeko lanak zuzendaritzarenak dira, hark egiten baitu antolakuntza neurri batean. Langileen aldetik input-ak jaso ditzakete».
Gertatu izan zaie ikuspuntu «ez homogeneoa» izatea zuzendaritza talde batean. «Batzuetan ez dago adostasunik, eta gatazka sortzen da, baina horrek ez du esan nahi txarra denik. Metodologia honen aplikazioak ez du beti amaitzen ekintzetan».
Zuzendaritzek halako prozesuetan murgiltzeko «beharra ikusi eta sentitu» behar dutela dio, ezin duela bestela izan. Enpresa handiek baliabide propioak badituztenez, proiektu hau txikiagoetarako ikusten du. «Potentzialitate handiagoa izan dezakeela ikusi dugu. Proiektu hau garai on batean iristen bada enpresa horretara aldaketa handiak egin ditzake».
Hausnarketa egin ondoren, ekintza plana da hirugarrena, eta MUkoak hausnartzen ari dira laugarren bat ez ote den behar, ekintzen ezarpenean laguntzea enpresei. ■