Adimen Artifizialaren zurrunbiloan biraka dabil mundua. Adimen Artifiziala izeneko makina erraldoiari irakasgai desberdinak ematen batzuk, eta beste batzuk, AAren aukerak baliatzen.
Abiada bizian dabil Adimen Artifizialaren (AA) makina, Covid pandemiak bizkortuta. Historia liburuetan Erdi Aroa edo Industriaren Iraultza ikasten diren bezala, etorkizuneko ikasleek Digitalizazioaren eta AAren Iraultza ere ikasiko dute, gizartea eta mundua eraldatzen ari den aroa izango baita. Adimen Artifizialaren tresna herrikoienetariko bat den ChatGpt-ak horrela deskribatzen du AA zer den: «Informatikaren eremu bat da, eta normalean giza adimena behar duten zereginak egiteko gai diren sistemak edo makinak sortzen ditu. Zeregin horietan sartzen dira, besteak beste, ikastea, arrazoitzea, problemak ebaztea, pertzepzioa (adibidez, irudiak eta ahotsa ezagutzea) eta erabakiak hartzea. Adimen Artifizialaren helburua da algoritmoak eta modeloak garatzea, makinek giza adimenaren zenbait alderdi imitatu ahal izan ditzaten».
Askotan konturatu ere egin gabe, baina egunerokotasunean erabiltzen da AA gaur egungo gizartean. Hala ere, horrek berekin dakar arlo etikoan sortzen duen hainbat eztabaida. Beste erreportaje baterako ematen du gai horrek.
AAk aukera, lan eta ikerketa berriak sortu ditu. Beasaingo Itziar Aldabe eta Nere Garmendia bi adibide besterik ez dira. AAren makinaren edo sistemaren irakasleak dira. Aldabe euskara erakusten ari zaio eta Garmendia, autoa bakarrik ibil dadin erakusten.
Euskara erakusten
Itziar Aldabe EHUko Hitz, Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroko Ixa ikerketa taldeko kidea da. Adimen Artifizialaren bidezko hizkuntza ereduan oinarritutako txat sistemak dira ChatGpt edo Cloud, elkarrizketak izateko prestatuak daude, galderak eginez, erantzunak sortzeko. Ixaren helburua, euskarazko eta euskaratik sortutako horrelako sistema bat sortzea da. «Hizkuntza eredu masiboak, ChatGpt moduko ereduak direla eta, duela urtebete hasi genuen Latxa deitzen den euskararako hizkuntza eredu handiarekin lanean». Orain, «elkarrekintza bat egiten» erakusten ari zaie. «Sistema instruitzen ari gara, egindako galderei erantzun txukuna emateko gai izan dadin».
ChatGpt-k eta Cloud-ek euskara ulertzen dute, «gero eta hobeto egiten dute», baina horiek «eredu komertzialak dira, itxiak» dira. «Eta ez dakigu nola egin duten hori. Ia ziur gaude ez zaiela euskara erakutsi bere horretan», zehaztu du. Gainera, sistema komertzial horiek anglosaxoiak dira. «Hemengo kultura ez du hain ondo aurreikusten eta ez dira gai hain ondo erantzuteko hemen inguruko gauzak».
AAn euskararen egoera «munduko beste hizkuntza askorekiko alderatuz agian hobeto» egon daitekeela dio Aldabek: «Baina agian ingelesarekin konparatzen baldin bagara, edo gaztelaniarekin, hizkuntza gutxitu bat izaten jarraitzen dugu. Azkenean, gure helburua bada euskararen presentzia bermatzea. Gaur egun, hizkuntza ereduetan euskararen presentzia bermatzea ere garrantzitsua dela iruditzen zaigu, euskara mundu digitalean ere eskaintzeko, egunerokotasunean edozeinek erabiltzen duelako horrelako sistema bat».
AAri arriskuak ikusten dizkio Aldabek. Batetik, hizkuntza hegemonikoaren indarra: «Hizkuntza gutxituen presentzia bermatzea ez da hain erraza batzuetan. Euskara hizkuntza gutxitu izan daiteke, baina hor gaude. Baina mundu mailako hizkuntza gehienen presentzia ez dago horrelako ereduetan. Pentsatu beharko genuke hori ere arrisku bat badela, eta nola egin beharko geniokeen aurre horri».
Eta, bestetik, «alborapen» arriskua ere ikusten du. «Sistema batek ez luke izan beharko generoaren alborapena, ez luke arrazaren alborapena izan beharko, eta ez litzateke gauza txarrak erakusteko gai izan beharko. Produktuak diren momentutik, ez dakigu nola izan diren entrenatuak. Hizkuntza hauek mundu mailan dauden testu guztietan entrenatzen direnez, badago alborapen arrisku bat».
Automobilgintzan
Nere Garmendia beasaindarra Naitec Mugikortasuneko eta Mekatronikako Zentro Teknologikoa enpresa nafarreko Mugikortasuneko Negozio Unitateko arduraduna da. Gidaririk gabeko autoak sortzeko lanean eta ikerketan ari da. «Autoaren sistemari iristen zaion informazioa puntu bidezkoa da eta puntu hori pertsona bat dela erakutsi behar zaio AArekin, pertsona dela errekonozitu dezan». Adibide bat jarri du: «Espaloian pertsona bat edo zuhaitz bat baldin badago, AAren bidez badaki pertsona zein den eta badaki pertsona hori mugitu egin daitekeela. Zer den jakiteaz gain, pertsona horrek zer egin dezakeen ere badaki».
Izan ere, AAri esker, etorkizuneko autoak, «urte dezentetara», bakarrik ibili ahal izango direla dio Garmendiak. «Gai izango da nondik nora joan behar duen jakiteko. Jasotzen duen informazioarekin kale batetik ezin dela joan jakingo du itxita dagoelako edo pilaketak daudelako…».
Horra iristeko irakasle lanean eta ikerketan ari da Garmendia. «Autoa informazio hori dena tratatzen eta ikasten joaten da. Garrantzitsua da, kotxeen artean informazioa bidaltzen dutela eta batek ikasten duena besteari erakusten diola. Zientzia fikzioa ematen du pixka bat», aitortu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esperientzia pilotua jarriko du martxan Amezketa-Abaltzisketa eta Zerain-Segura artean, gidaririk gabeko auto zerbitzua jarrita. «Beti bide berdina erabiltzen duena da hori. Mapa ikasten du eta gertatu daitezkeen kasu desberdinak ikasten ditu. Adibidez: beste kotxe bat baldin badago aurrean geratu egingo da, pertsona bat ikusten badu frenatu egingo du…». Hala ere, bakoitzak nahi duen ibilbiderako oraindik denbora falta dela dio: «Kotxea bakar-bakarrik ibili ahal izateko urte batzuk beharko ditugu oraindik. Azkenean, autoak informazio asko jaso beharra dauka horretarako».
Konfiantza hartzea kostatu egingo dela uste du beasaindarrak. «Gu ari gara erakusten, baina ondo erakutsi behar zaio. Guztiz zuzena ez den zerbait erakusten badiogu, edo aurreikusten ez genuen zerbait ez badiogu erakusten… arazoak gertatu daitezke. Makina guztiek izan ditzakete arazoak».
Izan ere, Adimen Artifiziala, azkenean, horixe da, makina bat. «Gehiena kontrolatuta dago, baina badaude gauzak gure kontrolpean ez daudenak edo ez dakigunak gertatu daitezkeela… Hurrengo pausoa da, teknikoki ondo joatearekin batera, begiratzea zer gertatu daitekeen, zerbait gertatu aurretik». Eraldaketaren bidean, arlo legala ere bideratzeke dago: «Teknikoki gauza asko egin daitezke baina erregulazioan oraindik argiago jarri beharrean daude gauzak. Arazo etikoak daude tartean… kostatuko zaio». ■
Anaitz Goia: AA eta eraldaketaren bidea