Beste urte batez, Ordiziako Oiangu parkea kroseko zirkuitu bilakatuko da igande goizean, Txindoki Atletismo Taldeak antolatutako kros lasterketekin. Euskadiko kros txapela jokatuko da.
Krosak ez du garairik onena bizi. Garai bateko Lasarteko kroseko argazkiak errepikatzea ez da erraza, ez korrikalarien parte hartzeari dagokionean, ezta ikusleen kopuruari dagokionean ere. Hala ere, kros zaleak badira oraindik. Ainhoa Sanz urretxuarra da horietako bat eta Txindoki Atletismo Taldeak ere urteak daramatza Oiangun Txindoki Krosa antolatzen. Aurten, gainera, eskolarteko probez gain, helduena ere antolatu dute. Igandean, Euskadiko txapelketa izango da, 09:15ean hasita.
Txindoki Atletismo taldeko lehendakari Eneko Agirrezabalek ez dauka oso argi krosaren gainbehera zergatik gertatzen ari ote den. «Gutxitu egin da azkeneko urteetan. Agian, mendiko lasterketek eragina izango zuten. Garai batean Lasarteko krosera zer jendetza joaten zen ikus daiteke argazkietan. Garai batean ere ez zen kirol asko egongo eta krosak protagonismoa zeukan».
Eskolarteko mailetan parte hartzea handiagoa bada ere, helduetan ez da horrela izaten. «Azken urteetan eskolartekoak bakarrik antolatu ditugu, helduen parte hartzea urria zelako. Aurten helduena egingo dugu, Euskadiko Txapelketa denez jende gehiagok parte hartzen duelako».
Federatuentzat bakarrik izaten da kros lasterketa. Horrek ere agian izan dezake eragina arrakastan. «Mendiko probak oso herrikoiak izaten dira, eta krosa beti federatua izan da. Krosean parte hartzen duena normalean izaten da txikitan atletismoan hasi zena, federatuta talde batean dabilena. Mendiko karreretan jendea bere kasa hasten da». Errepideko lasterketekin ere antzera gertatzen dela dio: «Errepidera jende gehiagok jotzen du, garai batekin alderatuta. Orain dela 20-25 urte baino askoz gehiago dira errepideko lasterketak». Agirrezabalen arabera, hainbat tokitan ahalegindu dira kros herrikoiak federatu gabekoentzat egiten, «baina ez dute arrakasta handirik izan».
Segurarrak parte hartu izan du krosetan, baina azkeneko urteetan «utzita» dauka, eta errepidean aritzen da. «Garai batean beti egiten nituen krosak, txikitatik, eta orain dela urte gutxira arte egin nuen. Orain errepidean ari naiz, azkeneko urteetan. Lesioekin-eta nenbilen eta azkenean krosik ez egitea erabaki nuen. Krosa muskularki gogorra egiten zitzaidan eta lesionatzeko arriskua ikusten nuen. Errepidean terrenoa egonkorragoa da, errazagoa».
Korrika egiteko iltzedun zapatilak erabiltzen dituzte krosean, pistan erabiltzen direnaren antzekoak, baina iltze luzeagoekin. «Dagoen lokatzaren arabera, iltzeak luzeagoak ala motzagoak aukeratzen dira».
Ainhoa Sanz, Gipuzkoako txapelduna
Ainhoa Sanz urretxuarrak oso gustuko ditu krosak. «Izugarri gustatzen zaizkit. Txikitatik gustatu izan zait krosa, eta beti saiatu izan naiz denboraldia egiten. Gainera, ikusi dut oinarri ona dela gero pistan aritzeko edo mendira salto egiteko. Krosetan abiadura lantzen da, eta mendian txispa horrekin ateratzen zara».
Mendiko lasterketetan ere ibiltzen da, eta haien aldean erritmoa «askoz ere exijenteagoa» da krosetan. «Indarra eduki behar da bietan. Asfaltoko lasterketa batekin ez daukate inolako zerikusirik». Adibide bat jarri du: «Mendiko lasterketetatik datorren pertsona bat hobeto molda daiteke krosean, asfaltotik datorren bat baino. Mendiko indar puntu hori badauka. Errepideko lasterketak abiadura gehiago izan dezake, baina trakzionatzeko garaian gehiago kostatzen da eta teknika eta abilidade pixka bat ez badauka, gehiago kostatzen da».
Sanzek ere ez daki, «zoritxarrez», zergatik gerturatzen den jende gutxi krosetara. «Ez da momentu ona krosarentzat, duela urte dezentetatik. Ez dakit zergatik den. Proba dezente daude eta jendea banatu egiten delako, edo ez dakit zergatik izan daitekeen».
Aurten Gipuzkoako txapela lortu du. «Baina bik bakarrik parte hartu genuen, nik eta Lara Estebanez legazpiarrak. Penagarria izan zen». Igandean Oianguko proban parte hartzeko asmoa du Sanzek. «Etxetik gertu» izanda, zirkuitua ezagutu eta entrenamenduren bat egiteko aukera izan du gainera.
Eguraldiaren baldintzak
Goierrin antolatzen den kros proba bakarra da Txindoki atletismo taldeak Oiangun antolatzen duena. «Lazkaon antolatzen zen Antzar krosa, Txindokik lagunduta. Euskadiko kros motzeko txapelketa eta Gipuzkoako txapelketak ere egin ziren. Hura utzi zutenean hasi ginen Oiangun egiten. Garai batean Oiangun ere egiten zen, 1980-90ko hamarkadetan». Kroserako «leku ona» da Oiangu, Agirrezabalen ustez. «Gogorra dela esaten dute batzuek, lokatza sortzen bada. Izan ere, dezenteko lokatza izaten da, terrenoa biguna da. Baina eguraldiaren arabera izaten da asko. Batzuetan, hiri barruko parkeetan egiten da, ia krosa dela ematen ez duena. Baina Oiangukoa ondo dago».
Eguraldiak zerikusi handia izaten du krosetan. Sanzen kasuan, argi du igandean zein baldintzatan egotea nahiko lukeen Oianguko zirkuitua: «Lokatzarekin, eta ahalik eta gogorren egotea. Lokatza, euri dezente eginda, korrika egitea kostatzen dena…». Kros denboraldia amaitutakoan, mendi lasterketen denboraldiari ekingo dio Sanzek; «baina ez oso luzeak, porru eginda bukatzen dut eta». ■