Kazetari lizentzia ateratzeko azkeneko karrera-urtean ari da Manex Usarralde (Lazkao, 2001), Leioako campusean. Kirol arloa du gustukoen; baina, oro har, kazetaritza lan oro. Gazte gutxik aukeratzen duten karrera hartu zuen Usarraldek, eta karrerako lan modura, Goierriko Hitza-ren 20. urteurrenari ezarri dio begia. Boxeoan ere aritzen da Bilbon.
Kazetaritza ‘purua’ ikastea aukeratu zenuen. Zergatik?
Beti arreta eman izan dit. Jendeak batxilerrean buruhausteak eduki ohi ditu, zer karrera aukeratu. Nik nahiko garbi neukan kazetaritza ikasiko nuela. Bestetik, kirola gustatzen zait, boxeoa adibidez, eta horren inguruan aritzea lan polita iruditzen zait.
Aurreikuspena bete dizu karrerak?
Bai. Egia da askotan pentsatutako guztira ez dela iritsi, baina karrera interesgarria da, nahiz gauza batzuk pisutsuak suertatu zaizkidan.
Garai berrietara egokitzen ari al dira kazetaritza ikasketak?
Bai, aldatu da. Ikasgaietan, sartu dute Adimen Artifiziala nola erabili behar den. Erreportaje bat sortzeko erabiltzen ez dute uzten, noski, baina tresna modura egoki nola erabili behar den ikasten da. Bilaketa prozesua moztu du, eta lana bizkortu egin du, lagungarria da. Ikasgai batzuk baditugu AA-ri buruz. Hori bai, azterketetan eskuz idazten ez nagoela ohituta nabaritu dut, dena ordenagailuan egiten dugulako.
Zer eremutan aritzen zara erosoen?
Idazketarekin. Baina karreran lokuzioa ere probatu dut, eta hitz egitea gustatzen hasi zait. Praktikak idatzizko prentsan egin ditut, hala ere; udan Argia-n ibili nintzen, eta duela bi urte Berria-n.
Kazetaritzan, zerk erakartzen zaitu?
Ikerketa-kazetaritzak asko erakarri nau. Jende desberdinak zer pentsatzen duen jakitea interesgarria iruditzen zait, eta lan honekin ondo uztartzen da. Karreran nabaritu dut, eta gero lanean ere bai ziur asko; mugitu behar hori, zeure iturriak bilatu behar horrek, lehen sekula usteko ez zenuen jendearengana jo beharra ekartzen du. Aberasgarria da hori.
Boxeoa aipatu duzu. Egiten duzu?
Bai, Bilbon entrenatzen aritzen gara pixka bat, boxeo klasikoan. Zerbait desberdina aurkitu nuen, eta harrapatu nau. Boxeoaren historia, boxeolari famatuak… zirrara eragiten didate.
Zure adineko askok hartu al zenuten kazetaritza?
Pare batek bakarrik, 70etik. Gutxik. Ez dago modan. Nik berriro ere aukeratuko nuke, gustatu zait.
Zure lagunek nola kontsumitzen dute kazetaritza?
Egunkari bat erosten ez ditut ikusten, egia esan. Digitalki kontsumitzen dute, sare sozialetan azaltzen diren notiziak. Ikaragarri pila ere ez. Nik ere paperean oso gutxi irakurtzen dut.
Karrerako lan modura Goierriko Hitza-ren 20. urteurrena zergatik aukeratu duzu?
Irakasleek eman ziguten pauta izan zen, zer edo zer konkretua hartzea: urteurrenen bat, elkarteren bat… Bila nenbilena, justu Hitza-ren urteurrena izan zen, kasualitatez. Pare-parean etorri zitzaidan.
Kazetari non aritu nahiko zenuke?
Kirol arloan ikusten dut nire burua. Egia esan, jendearekin edo zerbait kontatzeko daukanarekin hitz egitea gustatzen zait. Alde horretatik, kazetaritza edozein eremutan eginda ere, gustura mugituko naiz. ■