Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Tradizioak goitik behera zeharkatutako egun batzuen biharamunean natorkizue. Zer egin dugun? Ba orokorrean tradizioak esan diguna. Zer jan, non eta norekin bildu, zer kantatu, etxea nola jantzi, zer esan ere tradizioak markatutako egunetatik itzulerako bidaian gaude. Haiek alde eginda ajea eta kiloak gurekin geratu dira. Hori dela eta ez nago pentsamendu sakonetan sartzeko. Baina arreta pizten dit norberak tradizioaren egiten duen irakurketa propioa, eta zeri ematen diogun garrantzia. Baita ere tradizioa nola eraldatzen edo moldatzen dugun gure uste edo komenientziara. «Hemen beti egin dugu horrela» aitzakiapean ez dago hori eztabaidatzen ausartuko denik.
Nik, aurten, Gabonei beste kutsu edo zentzu bat ematearren, tradizio guztiekin bat egin dut. Ez naiz oso gabonzalea, baina zera pentsatu nuen: tradizioak markatzen dizkidan erritual guztiak betetzen baditut, Gabonen izpiritua nigan ernaldu eta agian gozatu egingo ditut. Hara ba, lehenik eta behin argiak berritu nituen; argi asko erosi nituen eta guztiak jarri; etxe osoa eta kanpoaldea ere eraldatuz. Horretarako tradizioz betetako dendara jo nuen; asmatu nora. Loteria ere eskuratu eta lagun eta senideekin banatu nuen. Gero gozoak erosi nituen. Konpota ere egin nuen. Horretarako tradizioak markatutako antzinako errezeta jarraitu nuen. Abenduaren 24an Olentzeroren, eta Mari Domingiren, erronda egin nuen, baserritarrez jantzita, buruko eta guzti. Eguzki berria ere aintzat hartu nuen, noski. Eguerdiko poteoaren tradizioa noiztik datorren sakon aztertu gabe, buruz murgildu nintzen.
Hiriburuetako argiak eta merkatuak ikusi ditut; Donostiako noriara ere igo naiz; ez dakit tradizio horren jatorriaz ezer, baina, ez zegoen geldituko ninduenik. Tartean, El Cascanueces balleta ikusi dut, eta eskiatzera joan naiz. Abenduaren 31ko mahatsak eta urte berri agurrak zintzo-zintzo prestatu eta eman eta hartu nituen. Kroketak, langostinoak eta bestelakoak mahaian jarri baino zertxobait lehenago, San Silvestre lasterketa batean hartu nuen parte. Urtarrilaren lehen goiza mendian eman nuen, bidean kaskoekin Vienako Urte Berriko Kontzertuaz gozatzen nuen bitartean. Errege bezperan, kabalgata ikusi nuen. Kanpoan afaldu eta juerga pixka bat egin nuen. Errege egunean opariak egin eta jaso nituen. Onartu behar dut asmatu egin dudala estrategia honekin. Tradizioak esan edo tradizioak esaten duela esaten den guztiarekin bat eginda esan dezaket, gabonzale tradizionala bihurtu naizela. ■