Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Mahatsak jateko momentua iritsi baino ordu laurden lehenago, norbaitek esan zuen kontuz ibiltzeko, ezbeharrik gabe hasi behar genuela urtea, lasai irensteko mahatsak. Gero, ahoa bete-beteta opa genion elkarri ‘urte berri ona’, eta telebistako lehen iragarkiari begira egin genion mahats-bolari bultza eztarrira. Ohartzerako, cava serbitu ziguten edalontzian, eta telefono mugikorretara mezuak eta mezuak hasi ziren iristen.
Urte berriko diadema itsusiak jantzi zituzten batzuek buruan. Koloretako turuta txikiak agertu ziren mahaian. Telebistako aurkezleek urte berrirako asmoak eta aldarriak zerrendatu zituzten. Be Real aplikazioak bere soinutxoa egin zuen. Suziri bat entzun zen. Su artifizialak ikusi genituen balkoitik. Hotz handia egiten zuen. Irrintzi batekin erantzun genien suei. Sudurrean jarritako bonboi-paperetako pegatina eta guzti atera genuen argazkia mahaiaren alde batekoek eta bestekoek. Turroi pusketak desagertu egin ziren pixkanaka mahaitik. Platerak, basoak, sardexkak, labanak jaso zituzten batzuek, alde egiteko prestatu ziren besteak. Elkarri bina muxu eman zizkioten. Eta akabo. Hori zen urtea ezbeharrik gabe hastea.
Familiako maiteenekin, ez hain maiteekin, lagunekin, festa-kideekin, bizilagunekin, oheko burkoarekin, bakarrik, ospatzen du ospatzen duenak urte berriaren etorrera. Kanpai hotsen atzetik hasten da zerbait berri-berria, polita, garrantzitsua. Zerora itzultzen da markagailua. Dena berriz zerotik has dadin prest egon behar gara. Eta ospatu egin behar da hori: cava botilak hustu, jendea besarkatu, dantza egin, maitasuna goratu, urte berri ona opa, promesak egin, poz-poz-pozik egon.
Gurean, mahatsak jateko momentua pasatu eta ordu laurdenera, justu zerbait berri-berria, polita eta garrantzitsua hasi berri zenean, bukatutzat eman genuen eguna.■