Joxe Mari Iparragirre Balerdi koblakaria azken urteetan bizi izandako Itsasoko Zozabarro Txiki baserria 1899ko martxoaren 27an erre eta suntsitu zen, gaueko hamaikak aldera. Erabat deseginda geratu zen. Benta eta etxe haren irudi bakarra mantendu da, sutea baino egun batzuk lehenago Francisco Lopez Alen margolariak (Donostia, 1866-1910) lumarekin marraztutakoa. Revista Bascongada aldizkarian argitaratu zuen, 1909ko urtarrilean, gertakariaren eta irudiaren barne-historia kontatuz.
Garaiko prentsa-kroniken arabera, hiru familia bizi ziren XIX. mende bukaeran Zozabarron. Gauerdia baino. lehen piztu zen sua, eta berehala indarra hartu zuen. Ezkioko eskolako maisuaren seme zaharrenak bi senide gazteagoak besoetan hartu zituen, eta ama atzetik zutela, kanpora irten ahal zuten. Errepide ertzean zegoen etxea. Maisua atzetik zihoan, baina teilatu zatia erori, eskailera deuseztu eta irteera moztu zion. Maisuak eta Martin Murua bizilagunak leihotik salto egin behar izan zuten, baina onik atera ziren.
Etxea erabat kiskali zen. Iparragirrek 1881eko apirilaren 6an azken arnasa eman zuen logela eta ohea ere galdu ziren betiko. Zozabarroren ospea Euskal Herri osoan zabalduta zegoen ordurako, bardoak han igarotzen baitzituen egunak Ameriketatik itzuli zenez geroztik. Ama zenaren jaiotetxe Txapartegi baserritik gertu zegoen. Eta etxearen oroimena ere galduko zatekeen, Lopez Allen margolariak kasualitatez egun gutxi batzuk lehenago erregistratu izan ez balu.
Irudiaren zoria
«Sutea izan baino egun batzuk lehenago, euskaldunen oroitzapen hau [Zozabarro] bisitatzen izan nintzen. Sekula ez naiz etxetik arkatzik eta albumik gabe irteten, eta toki hartara iritsi orduko, lanean hasi nintzen. Orain, Zozabarro etxearen oroitzapen bakarra, marrazki bakarra egun hartan egin nuen lantxo hura da, d’aprés nature marrazkia, zeinen jatorrizkoa sutan desagertu baitzen. Sutearen ondorioz, han ez zen ezer geratu, dena erre zuen. Egun hartan bisita artistiko-historiko. hura egin izan ez banu, artikulu honetan ezarri dudan oroitzapenik gabe geratuko ginatekeen», idatzi zuen Lopez Allenek.
Marrazkia bukatutakoan, Zozabarro etxea ikusi zuen. «Logela batzuetan ibili ondoren, etxearen angeluan zegoen gela batera sartu ginen. Lagun nuen pertsonak leihoak zabaldu zituen, eta gortinak jaso ondoren, egun argiz logela argituta, dena ikusi genuen. Ohe honetan hil zen Iparragirre, eta bertan egin zitzaion hil beila. Ohearen oinetan dagoen iltze horretatik zintzilik egon zen, denboratan, Iparragirreren gitarra».
Etxea berreraiki egin zuten –taberna egon zen gero ere, eta posta-etxea izana zen lehenago–, harik eta 1972an argindar zentrala egiteko betiko eraitsi zuten arte. ■