Naxara Odriozola txirrindulariak (Beasain, 2009) Beasaingo Kirol Sarietako emakumezko kirolariaren aitortza jaso berri du. Familiatik datorkion zaletasuna da txirrindularitza, eta dagoeneko emaitza gogoangarriak ere lortu ditu. Urte oparoa izan da 2024a Odriozolarentzat. Denboraldi bikain baten erakusle izan dira lortutako emaitzak, baita Beasaingo herriak egindako aitortza ere. Odriozolak kadete mailako txapeldunaren titulua lortu zuen Gipuzkoako Itzulian, eta Avilesen, Espainiako erlojupeko txapelketan, urrezko domina eskuratzea ere lortu zuen, taldeka. Aurtengo denboraldia hasteko gogotsu dago beasaindarra, eta hasi da gogor entrenatzen.
Noiz eta nola hasi zinen bizikletan ibiltzen?
Ez da izan txikitatik egin dudan kirol bat, gimnastika erritmikoan ibili bainintzen lehenago. Gero, hori utzi eta bigarren urteko infantil mailan hasi nintzen txirrinduan.
Nondik datorkizu txirrindularitzarako zaletasuna?
Txikitatik familiako kide guztiak ibili izan dira txirrinduan: aita, anaia, lehengusua… eta niri ere probatzeko gogoa jarri zitzaidan.
Zer ematen dizu kirol honek?
Lasaitasuna ematen dit. Bizikletaren gainean oso gustura sentitzen naiz, eta askatasun sentsazio bat ematen didala esango nuke.
Astean zenbat entrenamendu egiten dituzu?
Denboraldia amaitu eta gero atsedenaldi luze bat egin dut, eta orain berriro hasi naiz martxan. Momentuz, txirrinduarekin astean hiru entrenamendu egiten ari naiz. Bizikletaz gain, tarteka gimnasiora, mendira edota korrika egitera ere joaten naiz aitarekin. Aita da nire prestatzailea eta berak antolatzen dit dena.
Nola uztartzen dituzu entrenamenduak, ikasketak eta bizitza soziala?
Egia esan, ez da lan erraza. Goizean eskolara joaten naiz eta arratsaldeetan entrenatzen dut. Asteburuetako karrerak direla eta, lagunekin irteteko nahi baino denbora gutxiago dut, baina beraiekin nagoenetan ikaragarri disfrutatzen dut.
Zein helburu dituzu epe motz zein luzerako?
Epe motzerako helburua iazko denboraldia hobetzea da. Badakit zaila izango dela, baina motibatuta nago. Epe luzerako, berriz, profesionaletan aritzea gustatuko litzaidake, eta behin amesten hasita, noizbait Tourra irabaztea!
Espero zenuen Beasaingo herriaren aitortza?
Inondik ere ez, eta oso eskertuta nago. Nire aitona-amonei eskaini nahi diet saria, eta lanean jarraitzeko beste motibazio iturri bat izan da.
Nola ikusten duzu emakumeen presentzia txirrindularitzan?
Gorakada txiki bat izan du, baina, hala ere, mutilen eta nesken artean oraindik alde handia dago. Gipuzkoan, adibidez, emakumeen lasterketa asko kentzen ari dira. ■