Urte asko igaro dira euskara elkarteak sortu zirela, eta atsedenik gabe jarraitzen dute lanean euskararen normalizazioaren alde. Erabileran dute jarrita indarra orain.
Euskararen normalizaziorako aldagai nagusiak ezagutza, motibazioa eta erabilera zirela eta horiek abiapuntu hartuta, 1980ko hamarkadan euskara elkarte ugari sortu eta hedatu ziren tokian-tokian, euskalgintzari astindua emateko, eta, batez ere, motibazioan eta erabileran indarra jarrita.
Herritarrek sortutako elkarteak ziren, herri edo eskualde mailan aritzeko, eta euskaltzaleak aktibatzera bideratu zuten jarduna. Jardun horren barruan, sentsibilizazio kanpainak gauzatu, udaletan eta beste erakundeetan euskararen alorrean neurriak hartzeko –tartean euskara zerbitzuen sorrera– indarra edo presioa egin, herri komunikabideak sortu edo herrietako kultura sustatzeko ekimenak burutu zituzten. Beranduago, erakunde eta lantegietan euskara sustatzeko hitzarmenak bultzatu edo Mintzalagunari babesa eman zioten, besteak beste, baita Euskaraldiari ere aurrerago.
Euskal Herri osoan zehar zabaldu ziren euskara elkarteak, eta 1996an Euskaltzaleen Topagunea deituriko erakundean bildu ziren. Ordutik, «euskara erabiltzea Euskal Herrian ohikoa eta erosoa izan dadin» aritu da lanean mugimendu hori.
Lehen euskara elkarteak sortu zirela 40 urtetik gora igaro dira. Batzuk bidean geratu dira, baina bide horretan berriak ere sortu dira. Topaguneak ere izan du aldaketa, Taupa Euskaltzaleen Mugimendua izatera igaro baita duela gutxi. «Euskara elkarteen topagune izatetik euskaltzaleen mugimendu izatera igaro gara, eta herri batzuetan jardutetik Euskal Herri osoan antolatzera».
Euskalgintzaren Kontseiluak urtearen amaieran egindako deiaren aurrean, are handiagoa dirudi orain euskara elkarteen eta Taupa mugimenduaren beharra. «Euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan dago», esan zuten, eta hori horrela, ohartarazi zuten hizkuntzaren «atzeraldia» etorriko dela neurri egokiak «epe laburrean» hartzen ez badira. «Auzi hau agenda politikoaren eta sozialaren ardatzean jartzea» ezinbestekoa da, eta horretarako deia egin zieten eragile politiko eta sozialei.
Eragile sozialen artean kokatzen dira euskara elkarteak, beraz, eta berebiziko erronkari diote aurre egin beharra, Kontseiluak egindako diagnostikoa irauli nahi badute. Hizkuntzaren benetako erabilera ziurtatzea izango da erronka handi horretako muina. Hasteko, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa sortu zen Euskaraldiaren edizio berria dute jomugan. Maiatzaren 15etik 25era bitartean gauzatuko da aurten.
Lazkao eta Legazpi, aitzindariak
Goierrin ere badute lekua euskararen alde lan egiten duten elkarteek, antzeko eginkizunekin guztiak. Lazkaokoa eta Legazpikoa izan ziren aitzindariak. Euskara soilik ez, kulturaren alorra sustatzeko ere eratu zen kultur elkarte gisa 1982an Goierriko Euskal Eskola, eta hori jo daiteke eskualdeko lehen euskara elkartetzat. Gaurko Gerriko kultur elkartea da haren ondorena.
Legazpin gutxira sortu zen Euskal Txokoa, eta urte batzutan jardun zuen lanean, baita haren ondoren sortutako Zingi Zango elkarteak ere. 1987koa da Euskal Txokoaren sorrera, nahiz eta aurrekariak izan zituen euskara indartzea helburu zuten herritarrek osatutako Euskararen Aldeko Batzordean. Euskal Txokoak egindako lanen artean, sentsibilizazio kanpainak, jaialdiak eta Ene Bada! herri aldizkariaren argitalpena izan ziren nabarmenenak. Euskal Txokoa desagertzu zenean, euskararen aldeko lanak Ene Bada! aldizkariaren ingurukoen eskuetan geratu ziren, eta hura itxitakoan, aldizkari eta guzti kaleratu zuen Artajorran taldeak hartu zituen bere gain. Hura ere desagertu, eta Zingi Zango sortu zen ondoren, baina hark 2018ko abenduaren 3an amaitu zuen jarduna behin betiko. Orduz gero, ez dago euskara elkarterik Legazpin.
Urretxu-Zumarragako Zintzo Mintzo eta Ordiziako Hitzaro izan ziren hurrengoak, hurrenez hurren 1993an eta 1994an sortuak. Sortzen hurrengoak Idiazabalgo Illati eta Segurako Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri izan ziren, 2003koa lehena eta 2004koa bigarrena.
Azkenik, 2019an, Aittu elkartea sortu zuten Beasainen.
Legazpikoa kenduta, guztiak daude indarrean oraindik, kemen gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina lanik ez zaie falta.
Zintzo Mintzo, eta gero Hitzaro
Kronologiari erreparatuta, Urretxuko eta Zumarragako Zintzo Mintzo da Goierriko euskara elkarte beteranoetakoa. Zintzo Mintzok 30 urtetik gorako bidea du egina, 1993an egindako aurkezpen ofiziala kontuan hartuta, baina aurretik hainbat lan egin zituzten elkartea sortzeko, «beste zenbait herritan egiten ari zirena gurera egokitu nahian». Elkartea osatuta, bi herrietako udalekin hitzarmena sinatu zuten 1994ko urtarrilean La Salle ikastetxean. Lan talde desberdinak osatu zituzten gero, hainbat alor lantzeko, beti ere euskararen sustapenarekin lotuta: hedabideena, gazteena, kulturarena…
Otamotz aldizkaria sortzea izan zen Zintzo Mintzoren lehenetako lana. Papereko aldizkaria zen lehenik, eta proiektu hark jarraipena du oraindik, Goierritarra aldizkariarekin fusionatu eta gero Goiberri aldizkarian, baita edizio digitalean ere, otamotz.eus helbidean. Urretxuko jaietan 1994tik egiten den kantu-afaria eta kandela piztea, gaztetxoen bertso eskolaren kudeaketa tarte batean, euskararen aldeko giza katea Zumarragako jaietan, helduei zuzendutako euskara hobetzeko ikastaroak, haurrentzako bideo emanaldiak euskaraz, gai desberdinak jorratzen dituzten argitalpenak, kultur ibilaldiak, ikastaroak… antolatu ditu Zintzo Mintzok, eta Mintzalagunari eta Euskaraldiari laguntza eta babesa eman die.
Zintzo Mintzo euskara taldeak lanean jarraitzen du, baina gizartea asko aldatu dela diote elkartekideek; «lehen jendea lanerako prest gaur baino gehiago zegoen». Bi herrietako euskararen erabilera tasak kezkatzen ditu, batez ere gazteen artekoak. Horiengana heltzeko, sare sozialetara egin zuten jauzi duela hilabete batzuk.
Ordiziako Hitzaro elkartea kudeatzen dutenen artean ere euskararen erabileraren ingurukoa da kezka nagusia, batez ere herrian dagoen etorkin kopuru altua kontuan hartuta. Erabilera hori sustatzen dabil lanean elkartea 2004tik, eta aisialdia eta kultura dira gehien lantzen dituen esparruak. Hala, ia urteroko ekintzak dira udaleku irekiak, arlo askotako ikastaroak eta solasaldiak, antzerki emanaldiak eta bestelako ikuskizunak edo ludoteka saioak, eta herrian udalak edo beste elkarte batzuek antolatzen dituzten ekitaldietarako elkarlana. Hitzaro elkartean, Ordizian gertatzen diren hizkuntza eskubideen urraketei ere arreta jartzen diete.
Idiazabal eta Segura
lllati euskara elkartea, eta harekin Aldaize herri aldizkaria, 2003ko azaroan jaio ziren Idiazabalen, kaleko euskararen erabileran «herren egiten» zutela sumatu zuen herritar talde baten eskutik. Euskararen erabileran eragiteko asmoz sortu zuten elkartea, eta Aldaize-rekin «euskaldun alfabetatu gabeei euskaraz irakurtzen lagundu, eta erdaraz irakurtzen duten euskaldunei euskarazko prentsa eskaini» nahi zieten.
Ordutik, herriko hainbat ekimenetan parte hartu du Illatik, eta hamaika ekimen sortu ditu. Aipagarria da 2005. urtean udalak abiarazitako Euskara Biziberritzeko Planari emandako bultzada. Aldaize bi hilabetekaria, egutegia eta egutegia osatzeko argazki lehiaketak, euskarazko zine emanaldiak, Euskararen Egunaren bueltakoak, erosketak egiteko poltsa berrerabilgarrien proiektua, bertso saioak, Euskaraldiari babesa… Zerrenda luzea da.
Luzea da, baita ere, Seguran Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri elkarteak euskararen erabilera sustatzeko 2005eko udaberritik bultzatutako ekimenak. Korrika igaro ondoren sortu zen elkartea, haren prestaketan ibilitako taldeak «herrian euskararen erabilera sustatzeko zerbait gehiago egiteko» antolatu egin behar zirela iritzita. Horrela, urtez urtez, hainbat lan egin dituzte, hitzaldiak edo mahai-inguruak bezalako ekitaldi puntualak antolatzea bezala, edo urteetan jarraipena izan duten beste batzuk, Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioa, literatura tertuliak, disko eta liburu azoka, eta ipuin, bertso eta marrazki sariketa, kasu.
Aittu, elkarte berriena
Beasainen 2019an sortu zen herrian euskararen erabilera indartzeko
Aittu elkartea, herrian Euskaraldia abian jartzeko ekimena oinarri zuela. Lehen Euskaraldia antolatzen aritu zen taldeak egun haietan sortu zen dinamikarekin aurrera egin nahi izan zuen, eta euskararen alde egiten jarraitzeko elkarlanerako egitura bat sortu beharra ikusi zuten.
Euskara elkarte berriaren helburu nagusiak «Beasainen euskal giroa berpiztea, kultur elkarte eta euskaltzale guztien indarrak batzea, eta euskararen erabilera sendotzea» ziren hasieran, eta halaxe dira gaur egun ere. Horretarako, «herrian antolatutako ekintzetan eta eguneroko bizitzan eragina duten zerbitzu, esparru eta jardueretan euskararen presentzia ziurtatu eta sendotzeko proposamenak» egin, laguntza eskaini eta «gabeziak estali» egiten ditu.
Ibilbide laburra du oraindik Aittuk, Goierriko beste euskara elkarteen parean, baina emankorra. Besteak beste, jaietan eta haur, gazte eta familien artean kontzientziazio kanpainak egin ditu, Euskararen Egunean ekitaldi ugari antolatu ditu, hitanoa sustatzeko lehiaketa bat jarri zuen martxan, gazteak eta euskara lotzen dituen ikerketa egin du, eta hitzaldiak antolatu ditu.
Orain, proiektu anbiziotsua du esku artean Aittuk, Beasainpedia. Beasaingo wikipedia propioa sortzen ari da. ■