Euskara elkarteen eginkizunetako bat euskararen erabilera sustatzea izanik, Mintzalaguna proiektuaren bultzatzaile izatea ez da harritzekoa. Egitasmo hori, bereziki, euskara ikasten ari direnei zuzenduta badago ere, herritar guztientzat da. Euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak gidari dituztela, euskara praktikatu eta jarioa eta erraztasuna lortu nahi dutenak elkartzen ditu.
Goierrin hainbat herritan da ezaguna Mintzalaguna egitasmoa, eta Lazkaon 20 urte beteko ditu aurten, Gerriko kultur elkarteak bultzatuta.
Aurrekariak baziren Lazkaon
Aurretik izan ziren antzeko egitasmoak herrian, Gerriko elkarteko ordezkari Joxepa Madariagak gogoratu duenez. Frankismo garairaino egin du atzera, eta orduan, «ezkutuka», Beneditarren komentuan euskaldunak alfabetatzen jarduten zutela ekarri du gogora. Handik pasatakoak irakasle izango ziren gero; «alfabetatzea lehenengo, eta euskalduntzea gero». 1974an hasi zen Dionisio Amundarain Goierriko Euskal Eskolan, eta 1977an bai gau eskolan, bai eguerdikoetan «jende asko» ibiltzen zela dio Madariagak.
Denboran aurrera eginda, Goierriko Euskal Eskola kultur elkarte gisa eratu zuten 1982ko otsailaren 26an. «Garai hartan, euskara ikasteko jende askorentzat zegoen eskaintza herriko hainbat lokaletan, eta gunea Pax etxea zen».
Aurrerago, 1988an euskararen irakaskuntzaz arduratu zen euskaltegi-barnetegia sortu zuten, Maizpide. Horrek, HABEren babesarekin, euskararen irakaskuntzaren ardura bere gain hartu zuen, baina beti kulturgintzako hainbat saioz lagunduta: bertso-saioak, antzerkiak, jolasak, liburuen argitalpenak, bazkariak, afariak…
Maizpideren eraketarekin, GEEren egitekoa euskararen erabilpena, bai ahoz, bai idatziz, handitzea izan zen. «Klasez kanpoko erabilera. Hori da hemengo filosofia». Horretan lagun izan zituen 1983ko udako ikastaroetarako ireki zituzten Gerriko Txokoa eta Gerriko taberna. Liburu denda, berriz, 1984ko abenduan ireki zuten. Horiek guztiek, eta aurten 36. edizioa bete duen Goierriko Euskal Liburu eta Disko Azokak, berebiziko papera jokatu dute euskararen aldeko lanean.
Lazkaoko Mintzalaguna, 2005etik
«Gerriko Txokoan eta tabernan, hainbat herritarrek botila ardoa eta mokaduaren inguruan hizketan jarduteko ohitura zuten. Euskara ikastera zetozenei inguratzeko aukera eskaintzen zieten. Hala, herriko kontuak kontatuz edo musean jokatuz, mintzapraktika egiten zuten, modu informalean».
Gerora, Euskal Herrian sortu ziren Mintzalagun edo Berbalagun taldeen funtzionamenduaren berri jaso, eta 2005eko udazkenean ekin zioten Lazkaon ere Mintzalagunari, Ikastolak, Maizpide euskaltegiak, udalak eta Gerriko kultur elkarteak elkarlanean. «Hiru hilabeteko proba egin genuen, arrakasta izan zuen, balorazioa egin, eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Gaur arte».
Gaur, 20-30 mintzalaguntzaile edo gidari dituzte. Mintzalagun asko Maizpideko ikasleak dira. «Batzuk hilabeteko ikastaroa egitera etortzen dira, beste batzuk bi hilabeterako, eta ikasturte osoa igarotzen dutenak ere badira. Horrek esan nahi du hilero moldatu behar izaten ditugula taldeak».
Astero elkartzen dira, talde txikietan, ordubeteko edota ordu eta erdiko mintzapraktika saioak egiteko, kafe bat hartuz, paseoan, edo kirola egiten. Horien osagarri, Gerrikok antolatzen dituen kultur ekitaldietan parte hartzera animatzen dituzte, taldekideez gain jende gehiago ezagutu dezaten; «jende gehiagorekin euskaraz komunikatzea dugu helburu». Helburu horretan kokatzen da, Topaguneak animatuta, Goierriko Mintzalagunak elkarrekin aritzea 2020tik. «Inguruko herrietako mintzalagunak elkar ezagutzea eta euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzea dira helburuak». ■