Aloña Muruak (Gabiria, 1959) irakasle-ikasketak egin zituen eta irakaskuntzan lan egin du. Lehen urtea Lazkaoko San Prudentzio ikastetxean igaro zuen, eta gainontzeko guztiak Urretxuko Gainzurin. «Oso gustura lan egin nuen Urretxun. Gainera, 17 urtez bertan bizi izan nintzen». 2019an hartu zuen erretiroa. «Aktibo mantentzen saiatzen naiz. Umetan egin ez nituenak egiten ditut: igeri egiten ikasi, bizikletan ibiltzen ikasi, yoga, dantza… Gainera, herri txikietan beti dago zer egina, nahi baduzu behintzat».
Pelikula edo telesail bat.
Urte berri on, amona!; Aupa Etxebeste!, Loreak, Dantza… Gureak diren horiek.
Liburu bat.
Karmele Jaiorenak asko gustatzen zaizkit: Aitaren etxea, Amaren eskuak, Maitasun kapitala… Joan Mari Irigoienen Lur bat haratago ere asko gustatu zitzaidan. Idazle on asko ditugu: Atxaga, Lertxundi, Aristi…
Musika talde edo abeslari bat.
Imanol Larzabal.
Abesti bat.
Imanolen Haur kanta.
Oporretarako toki bat.
Senarra mendi zalea da eta ni itsaso zalea. Galizia, Asturias… gustatzen zaizkigu: mendia eta itsasoa duten tokiak.
Kolore bat.
Gorria, baina beti beltzez jantzita joaten naiz. Urdina ere gustuko dut.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alaben eta biloben jaiotza egunak.
Jaso duzun opari bereziena?
60 urterekin bizikletan taxuz ibiltzen ikasi nuen eta etxekoek bizikleta elektrikoa oparitu zidaten.
Amets bat.
Emakumea kalean lasai ibili ahal izatea. Benetako askatasuna. Gizonak borroka horretan sartuta ikustea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Tabernan gosaltzea.
Goierriko txoko bat.
Larraitz, Kizkitza gaina…
Gabirian biziko ez bazina…
Aldatzekotan, itsasoa ikusi eta entzuten den tokiren batera. ■