Xabin Fernandez Zubeldia • Aktorea
Gaurkoa zuretzat da. Herriko plazarentzat. Zuzenean. Gure bihotzarentzat. Zer egingo genuke herriko plazarik gabe? Plaza horretan hazi gara, and I think is beautiful! Bertan eman ditugu lehen pausoak, jolastu dugu, dantzatu dugu, abestu dugu, barre egin dugu; eta negar. Nire kasuan, Legorretako plaza daramat zainetan tatuatua. Kale Nagusiaren erdian irekitzen den espazio huts betea. Udaletxea aurrealdean; eliza atzean. Frontoia alde batean, eta herri antzokia bestean. Ez al da magikoa?
Oroimenean ditut bertan gozatutako lehen jolasak. Bide gorrietan korrika pasatako orduak eta beisbol partida amaigabeak. Frontoian botatako izerdiak, eta hartutako kolpeak. Eta kanpandorreko erlojuak esandakoan, etxera. Plazakumeak gara.
Bertan hasten dira oinez herritar jaioberriak, eta hantxe agurtzen ditugu gure ondotik joaten direnak. Plazan jartzen ditugu mahaiak bazkaltzeko, meriendatzeko zein afaltzeko. Han ikusten dugu elkar, omentzeko edo salatzeko. Ospakizun eta gertakari guztien erdigune da.
Herriko plazan elkartzen gara lagunekin. Herriko plazan jaten ditugu goxokiak, apaiz etxeko eskaileretan eserita. Eta herriko plazan errepasatzen ditugu bezperako parrandan gertatutakoak. Eserleku horiek hitz egingo balute… Sekretu asko gordetzen dira herriko plazako zoko bazterretan.
Komunitatearen sehaska da herriko plaza. Belaunaldi ezberdinen dekoratu eta harreman askoren sorleku. Leku fisiko bat izatetik haratago, garen horren sinbolo ere bilakatu da plaza. Zer pozgarria den edozein egunetan herriko plazatik pasatzea eta bizirik sumatzea. Burrunba etengabe hori entzutea. Kolore hori ikustea. Eta igande eguerditan marianitoa bertan hartzea kuadrillarekin, eguzkiari segika. Zer pozgarria den.
Gogoan ditut Zea Mays gure plazara etorri zenean botatako oihuak. Eta Zaldibiako plazako txosna artean sokasaltoan amaitu genuen egun hura. Ordiziako plazan desfilatu genuenekoa eta Segurakoan dantzan aritu ginenekoa. Barruan daramatzat Asturiasko gure herrixkako plazan aitonarekin hartutako sagardo culin-ak; eta Italian barrena lagunekin oporretan nenbilela, Toskanan galdua aurkitu genuen etxalde haren erdian irekitzen zen plazaren iluntzeko argia.
Ez al da ezinbestekoa herri bat bizirik mantentzeko, zainak diren inguruetako kaleetatik bertara joatea? Odolaren joan etorria, herriaren taupada entzun dadin. Ba al da biztanlerik gabe geratu den herriko plaza hila bisitatzean arnasten dena baino usain tristeagorik? Jarrai dezagun bihotzaren erregai izaten.
Jarrai dezagun plazakumeak izaten. ■