Zeraingo Aizpee barrioa 18 etxek osatzen dute gaur egun, baina badakigu lau gehiago, gutxienez, bazirela lehen. Etxe asko dira, gehiegi oraingo ikuspegitik, hain inguru menditsua eta malkartsua izateko.Ez da ahaztu behar, ordea, Goierriko meatze gune garrantzitsu baten erdian zegoela, eta bertako bizilagun asko meatzeen jarduerarekin zerikusia zuten lanetan ibiliko zirela, baserriko lanez gainera: meatzari, garraiolari, ikazkin, errementari…
Legazpiko Burdinola elkarteak, hala, Otañu-Apostolatza-Barbari meatzegunean, Aizpee inguruan, 130 haizeolaren edo mendiko burdinolaren aztarnak topatu ditu azken hamarkadetan, Euskal Herrian topatu den burdinola kontzentrazio handiena ez bada, handienetakoa. Jarduera horrek Erdi Aroko azken mendeetan izan zuen garapenik handiena, 1335eko pasarte honek erakusten duen bezala: «Que avemos ferrerías masuqueras e otras de maço de agua e de omes nos e otros en Necaburu e en Legaspia e en otros logares de que labran la vena de Necaburu e de Hayzpuru e de Çamora e de Ocannu e de Barbaria». Aipatzen diren leku horiek Aizpee barrioa inguratzen dute.
Burdingintzaren eraginez giza-asentamentuak finkatuko zirela garbi dago. Horietako bat Otañuko haitzaren azpian, haizpean, eta hortik Aizpee. Ondoko Aztiri eta Barbari lekuetan ere, izenek duten (h)iri amaieragatik, biziguneak ere izan zitezkeen. XV. eta XVI. mendeetan Aizpee deitura azaltzen da agiri zaharretan eta uste dugu bertan sortutako jendea izan behar zuela: Machin de Ayzpee (1490), Don Garcia de Aizpee (1542), Joan de Aizpee (1542)…
Ikusten denez, agiririk zaharrenetan, gaur egungo herri-ahoskeran bezalaxe, Aizpee azaltzen da eta ez Aizpea. Zoritxarreko aldaera hau azken urteetan asko zabaldu da seinalitika eta erabaki okerren eraginez.
Telleriñe, Aizpee deituraren jatorria
Aizpee deitura, ordea, ez da oso ezaguna gaur egun. Zegaman XVII. mendean bazirela badakigu, baina ez dirudi asko zabaldu zenik. Aldiz, Aizpeolea eta Aizpeurrutia deiturek, Aizpee barrioan bertan sortutakoak horiek ere, arrakasta handiagoa izan dute.
Aizpee barrioan Telleriñe landaturismo-etxe ezaguna dago gaur egun. Izen horrekin hiru etxe ziren elkarren ondoan, XX. mendearen hasieran. Goikoa desagertu zen eta azpikoa erabiltzen da orain ostatu gisa. Alabaina, Telleriñe ez da betiko izena. Aurretik Etxezarreta zen, XVIII. mendeko agirietan ikusi dugunez: Aizpe Echezarreta (1737), Echezarreta (1746)… Elizako hilobietako bat ere Etxezarreta etxearena zen, ez Telleriñerena. Bada, guk uste dugu etxe hau edo etxe-talde hau izan zitekeela Aizpee deituraren jatorria, asentamentu zaharraren kokalekua.
Gaur egun ez dago Aizpeolea izeneko etxerik, baina Olea izenekoa bai Aizpee barrioan. Gainera, beherago, Aizpeerrota izeneko etxea dago zepadi edo eskoria pila baten gainean. Hori ikusita, esan liteke Aizpeerrota izeneko errotaren lekuan burdinola bat izango zela garai batean, Aizpeolea izenekoa, eta, gainera, burdinola hidraulikoa zela, olea amaiera duten beste hainbat burdinola bezala. ■