Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Gabonetan lagun batek sistema honen filosofia bere egiten zuela esan zidan, tarteka krudel samarra izanagatik. Balizko sistema komunista batean, pertsonak ezingo lituzkeela bere nahiak ase. Kuban ezin zela jazzik entzun, eta hori dena.
Hezurretaraino sartuta daukagu gure gizartea Ongiak zuzentzen duela dioen ideia, eta tarteka bidean Gaizkiak sortutako oztopoekin topo egiten duela. Ordea, norbaiti burua altxa eta aurrean duena aztertzea bururatzen bazaio, gizarte hau benetan zer den ikusten hasiko da: nozio irrazional batek gidatutako sistema bat, irabazi ekonomikoei baino begira ez dagoena, argudio orori eta existentziari berari erreparatu gabe. Etekin hitza da ongi egitearen sinonimo: bene-ficio, alegia.
Behin Madrilgo idazle kuttun bati irakurri nion egunerokoan ikusten dugun basakeria oro –etxegabetzeak, poliziaren jipoiak– Ongiaren mundukoak direla. Ez direla Gaizkia, logika arruntaren muturreko kasuak baizik. Izan ere, zer da, bada, etxegabetze bat etxebizitza merkantzia den mundu batean? Litekeen gauzarik normalena. Ez albo-kalte bat, Ongiaren ondorio logikoa baizik.
Ongiaren mundua hori bada, agian horri kontra egingo dion Gaizki baten alde egin beharko luke humanismo pixka bat duen orok. Baita jazzik entzun ezin badu ere. Zeren, Ongiari segituz gero idiek uztarriari nola, laster ez da mundurik geratuko. Eta, orduan, alferrik izango dira Miles Davisen eta Billie Holidayren biniloak.■