Esther Renedok (Burgos, 1972) eta egun bere senarra denak Burgoseko herri batean pasatzen zituzten oporrak. Elkarrekin bukatu zuten eta Renedo Idiazabalera etorri zen bizitzera. Euskara ikasi zuen eta Ordiziako osasun zentroan lan egiten du.
Esther Renedo egun bere senarra denaren eskutik heldu zen Idiazabalera. «Bere ama Burgosko herri batekoa da eta nire gurasoek etxe bat erosi zuten han. Hala, txikitatik ezagutzen dugu elkar. Oso harreman ona izan dugu beti eta denborarekin harreman berezia sortu zen. Santanderren lan egiten nuen, eta hango lana utzi nuen Idiazabalera etortzeko». Renedok Fisioterapia ikasketak egin zituen eta horretan lan egiten du, Ordiziako osasun zentroan.
Renedoren amaren familia bizkaitarra denez, bazuen Euskal Herriaren berri. «Amaren familiakoak Bizkaikoak direnez, Euskal Herriarekin lotura nuen. Dena den, bizkaitarrak eta idiazabaldarrak desberdinak dira. Idiazabaldarrak umilagoak dira. Bestalde, urte asko neramatzan aitona-amonen etxera joaten eta han ez nuen euskara entzun. Amonak euskaraz hitz egiten zuen, baina galdu egin zuen bere garaian euskaraz hitz egitea gaizki ikusia zegoelako. Senarrarekin euskaraz entzun ninduenean, poztu egin zen».
Idiazabalera duela 13 urte etorri zen. «Ordurako nire senarraren familia ondo ezagutzen nuenez, ez zen zaila izan egokitzea. Senitarteko guztien artean oso harreman ona dute eta oso ongietorri ona eman zidaten».
Ez zuen Idiazabal ezagutzen. «Nire senarrak eta bere senitartekoek Idiazabali buruz hitz egiten zuten, baina ez nuen herria ezagutzen. Bat-batean hemen egotea arraroa izan zen. Oso herri polita da. Gainera, herri txikiak asko gustatzen zaizkit. Oso erraz moldatu nintzen. Guztiek oso ondo hartu ninduten. Hemen jendea hasieran lotsatia da, baina jatorra. Beti laguntzeko prest daude. Herri txikietan bizilagunen arteko harremanak oso estuak dira. Denok elkar ezagutzen dugu. Horrek bere alde onak eta txarrak ditu. Denek dena dakite niri buruz. Bestalde, umeentzat oso herri erosoa da: txikia denez, kontrolpean izatea errazagoa da. Nire alabak idiazabaldar peto-petoak dira».
Burgosekiko hiru alde nabaritu zituen: mendia, herriaren tamaina eta hizkuntza. «Idiazabalen gauza askotarako autoa behar da. Bestalde, inguru menditsua da. Horretaz gain, Idiazabalen euskaraz hitz egiten da. Hona etorri nintzenean, oso argi nuen euskara nire bizitzaren parte izango zela. Hizkuntzak ikastea gustatzen zait eta udalaren eskoletara joaten hasi nintzen. Astean bi ordu ematen genituen. Oso oinarrizkoa zen. Umea eduki nuen garaian izan zenez, euskararekin harremanetan jartzeko modu errazena izan zen. Baina eredu horrekin oso poliki ikasten nuen, eta euskara ikastea beharrezkoa zela konturatu nintzen. Baita lanerako ere. Hala, Maizpiden ikastaro bat egin nuen. Oso gogorra izan zen: egunero sei ordu, haurrak etxean, joan eta etorri, gauero ikasten… Baina horri esker pauso handi bat eman nuen. Ondoren, Beasaingo euskaltegian bi urte igaro nituen. Dagoeneko ez naiz klaseetara joaten, baina beharra dudala sentitzen dut. Izan ere, ohitura txarrak hartu ditut».
Euskaraz bizi da, neurri handi batean. «Alabekin erdaraz hitz egiten dut, batez ere. Izan ere, niretzat garrantzitsua da alabek gaztelania ere ezagutzea. Batzuetan euskaraz ere egiten diet, baina nire euskara adreilu baten modukoa da beraientzat. Euskaraz egiteko aita eta inguruko gainontzeko guztiak dituzte».
Txomenarena
Idiazabal oso gustuko du. «Udaletxearen parean dagoen Txomenarena parkea asko gustatzen zait. Pilarrenea ere bai: indiano etxea, taberna, parkea… Bestalde, herri ondoan mendia izatea oso polita da. Baina Burgosko horizontea eta argitasuna faltan sumatzen ditut. Hori dela eta, Burgosera gustura joaten naiz. Gasteiztik aurrera paisaia asko aldatzen da».
Herriko ekitaldiak ere oso gustuko ditu. «Danborrada eta alardea oso politak dira. Gazta Eguna ere asko gustatzen zait. Baserritarren mundua gustuko dut. Bestalde, kirolzalea naiz: Idiazabalgo jaietan pilota partidetara joaten naiz, herri kirolak gustuko ditut, Reala ikustera ere joaten gara…».■