Ataun eta Urdiain lotzen zituen Erdi Aroko bide zaharraren zati bat garbitu, berreskuratu eta azaleratu zuen iaz gazte talde batek. Komunikazio-bide garrantzitsua izan zen.
Hamabost eguneko auzolandegian 19 gaztek eta arkeologo zuzendari batek egindako lanari esker, Ataungo Berrenoako galtzada nolakoa zen argiago jakin daiteke. Iazko udan, Atxurrenea baserriko zubitik aurrerago, bi astean aritu ziren lanean. Aldapa hasten den lekuan, 53 metro luzeko galtzada-zatia harriz harri garbitu eta berreskuratu zuten.
Galtzada oso zaharra da Berrenoakoa. Gipuzkoa eta Nafarroako Sakana lotzeko bideetako bat zen. Nafar aldean berreskuratua zuten lehenago zati bat, eta Ataungo zatian ere berreskuratzen «pixkanaka hasi» nahi ziren, Erik Arevalo arkeologo buruak argitu zuenez. Bidea Ataundik zetorren, erreka bazterretik. Atxurrenetik aurrerago, duela urte batzuk eraldatu zuten, eta oso desegina dago gaur egun.
Handik aurreraxeago, malda gorantz tentetzen hasten den lekuan, lortu zuten auzolandegikoek bide zaharraren eraikuntza aurkitzea. Udalak desbrozatu zuen lehenik, erabat itxita eta landaredia artean ezkutatuta baitzegoen. «Ez zen ezer ikusten, xenda estu bat besterik ez zegoen, eta harri batzuk bakarrik ageri ziren lurrean». Mendi aldeko ertzean, arroka-ama landuta eta puska kenduta agertu zen, eta beste aldean harri-potorrekin eustorma eraikita. Goraxeago, basoa ateratzeko lanetan 2022an hondatu zen luzapena, makina astunen eta kamioien pisuagatik. «Zati bat kontserbatu da, 53 metro luzekoa, behean lanak egindako eremutik basoa atera zuten pareraino arte».
Hiru metro eta erdiko zabalera
Goialdetik hasi ziren lurra kentzen eta harriak bistarazten. «Mendi aldeko harkaitzeko pareta garbitzen hasi ginen, eta bidearen beste alderaino zabaltzen, eta uste baino hobeto ikusten da», dio Arevalok. Galtzadak hiru metro edo hiru metro eta erdiko zabalera dauka. Gurdiekin ibiltzeko prestatuta zegoen, ez zen mandabide arrunta. «Bide inportantea zen».
Zein garaitakoa den ez dute oraindik erabat zehaztu. Lanen lekura bisita egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo-teknikari Mertxe Urteaga lazkaotarrak eta Joxean Mujika beasaindarrak. «Urteagak asko daki gai hauetaz, eta berak komentatu zuen ziurrenik Erromatar garaian hemen egongo zela bide bat edo galtzada bat. Noski, hau ez da garai hartako obra. Erdi Arokoa izango da, ziurrenik XV. edo XVI. mendeetakoa».
Dokumentuetan jasota dauden azken konponketak XVIII. mendean eginak izan zirela azaltzen da. Geroztik, historiaren ahanzturan geratu zen Berrenoako galtzada. «Inguruko baserritarrek erabiliko zuten, animaliekin eta. Komentatu digute 1970eko hamarkadara arte jendea ibiltzen zela hemen abereekin», dio Arevalok. Baina komunikazio sare nagusiko funtziorako, erdi abandonatuta geratu zen.
Atxurreneko zubitik mendian gora zuzen, altuera irabazten du galtzadak. Lizarrusti gainera ailegatzen da. «Handik Nafarroara jaisten da. Helburua Nafarroara salgaiak eramatea eta handik ekartzea zen», argitu du Ataungo Udaleko zinegotzi Pili Imazek. Urdiaingo igerileku ingururaino doa Sakanako adarra.
Harkaitza marruskatuta alde batetik ateratako harri piezekin eta blokeekin osatu zuten galtzada-zorua. Errekarri borobilagoak ere badaude zoladuran. Hareharria da. Azpian, berriz, zimentazioa material xeheagoz eta lur zapalduarekin egina du. Zuloen betegarri, gaineko lauza zabalak galdu diren zenbait gunetan, harritxo-masaz beteta aurkitu dituzte. Behealdeko ertzean, berriz, harri handien ilara. Fotogrametria bidez erregistratu zuten garbitutako galtzada guztia, digitalki aztertu ahal izateko.
Gorago, beste lau kata arkeologiko egin zituzten, bidean aldenik alde. Harri batzuk aurkitu zituzten, baina baso-lanen ondorioz erabat eraldatuta eta galduta topatu dute bidea. Baita gorago ere, mendiko urek hondatuta aurkitu dituztelako beste eremu batzuk. «Nahiko galduta dago gorago galtzada, itxura onik ez dauka». Suposatzen da galtzada-harriz estalia zegoela Berrenoako bide guztia.
Ferra puskak eta iltzeak
Lur erauzketak eta garbiketak egiterakoan, zenbait material topatu zituzten, modernoak gehienak: kartutxo-azal pare bat, plastikoak, goxoki bilkaria, flasko-tapa bat, kristal puskak, zeramika moderno zatitxo bat… Baina metalezko objektu batzuk ere bai: abereen bi ferra zati eta lau bat iltze-buru. Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zituzten metalezko zatiak. Datatzerik ez dago, materia organikorik ez baitute.
Suharri bat ere aurkitu zuten, «baina kasualitatez». Gizakiak landuta dago, harriari ertz biziak aterata, ebaketa edo su piztaile funtzioetarako. Urbasako suharri bat da, Historiaurrekoa. Proiektuaren testuingurutik kanpo dago pieza hori.
Ataungo Udalaren asmoa Berrenoako galtzadaren zati gehiago «berreskuratzen saiatzea» da. «Nafarroako zati bat berreskuratuta eta seinaleztatuta dago. Ataun aldekoa horrela egotea pena iruditzen zitzaigun, eta hasi behintzat, hasi gara. Lehen pausoa, zer dagoen ezagutzea da», dio Pili Imaz zinegotziak
Galtzada-zati batzuk galdu dira jada. Iaz azaleratu zuten jatorrizko partea, ondare bezala erregistratzea litzateke etorkizuna ziurtatzeko modu bat, Arevaloren iritziz. «Hala, edozein lan egin behar badira, beste leku batetik iritsi beharko dute, edo arkeologo batek gainbegiratu beharko lituzke lanak». Aurreneko lana, baina, lurpean eta historiaren itzalean gordeta zer dagoen jakitea eta ikastea da. «Gauzei balioa emateko eta jendeak kontzientzia hartzeko, zer dagoen ikustea da lehenengoa».
Proiektu integral bat egin beharraz ere aritu dira Diputazioko teknikariak, berreskuratze proiektu handi bat gauzatuta. Ingeniaritza lanak ere behar dira, errestaurazioak egiteko: urak bideratu beharra dago, neguan erreka bihurtzen delako galtzada. Lehen auzolandegiko esperientziarekin, ordea, «uste baino gehiago agertu» dela eta, asebetetasuna adierazi dute arduradunek Berrenoan. ■