Azaroaren bukaeraz geroztik Biziolaren jabetzakoa da Lazkaoko Arruabarrena fabrika zena, eta hori ospatzeko festa ireki bat antolatu dute. Elikadura proiektua izan da orain arteko ardatza, bidean diren besteen abiapuntu.
Mugarri garrantzitsua ezarri du Biziola kooperatibak iazko urtearen hondarrean. Pandemia aurreko urteetan goierritar hainbaten buruetan zebilen ideia egia bihurtu du. Azaroan sinatu zituen Biziolak Lazkaoko Arruabarrena pasta lantegia erosteko agiriak, eta harrezkero ekonomia eraldatzailean oinarritutako Goierriko proiektu kooperatiboaren jabetzakoa da eraikin osoa. 1.600 metro koadro guztira, bi solairutan banatuta. Zer ospatua badela iritzita, goierritar guztiei irekia izango den festa bat antolatu dute gaur iluntzerako, urtarrilak 24.
«Espazio hau goierritar guztiena izatea nahi dugu, eta orain arte ailegatu ez garen jendearengana iristeko aukera izan daiteke», adierazi du Intza Barandiaran Biziolako kide eta dendako langileak. Ezohiko batzar labur bat egingo dute aurrena errektore kontseilua berritzea onartzeko, eta 19:00etan hasiko da festa. «Fabrika jada gurea da, eta denon artean dekoratzea da proposamena, loreontziak margotuz. Gero Biziolako eta Koop57ko kideek hartu dute hitza. Erosketa ez zen posible izango Koop57 bezalako eragile bat atzean ez balego, eta hori aprobetxatu nahi dugu eragile horren lana ezagutzera emateko. Musikarekin eta jan-edanarekin bukatuko dugu».
Elikadura burujabetza, lehen hazia
Bazkide erabiltzaile fisikoek –herritarrek– osatzen dute kooperatibaren %30, beste horrenbesteko ehunekoa dute bazkide erabiltzaile juridikoek –eragileek– eta langileek, eta %10 laguntzaileek. «Bazkide mota guztiak kontuan hartuta 500en bueltan ibiliko gara». 2022ko martxoaren 12an egin zuten Biziola fabrikaren aurkezpena, urte bereko maiatzaren 14an kooperatibaren batzar eratzailea eta 2023ko urtarrilaren 20an zabaldu zuten denda eraikinaren beheko solairuan. Bi urte eta gehiagoan errentan egon eta gero, 700.000 euroan egin dute erosketa.
Elikadura burujabetzan aurrera jotzea izan du lehenbiziko egiteko nagusia, arlo gehiagotako erronken bide erakusle gisa. «Hasiera ez zen erraza izan, denda berezi bat da hau. Hornitzaileekin zuzeneko tratua lehenesten dugu, eta urtean zehar dena eguneratu garaiko produktuei lotuta. Bi urte oso egin ditugu, eta oraintxe modu erosoan lan egiteko moduan gaude».
Gaurko egunean laurogei hornitzailerekin ari dira lanean, horietatik 30 Goierrikoak: «Gure salmentaren %35 da Goierrikoa, eta beste %35 Euskal Herrikoa. Hortaz, saltzen dugun jakien %70 Euskal Herrian ekoitzia da, eta gainontzekoa kanpokoa, batez ere zerealak, fruta, eta garbiketa eta higiene produktuak. Kanpoko produktu horiek bertako bitartekari baten bidez ekartzen ditugu, produktuak ahalik eta gertuenekoak izaten saiatuta». Denda «egonkortua» dagoela eta «langile kostuak ordaintzeko lain» badela esanez bat, Barandiaranek aitortu du «beste osasun bat» edukiko lukeela dendak bazkide guztiek «aldiro erosketaren bat» egingo balute. «Kontziente gara erosketa ohiturak aldatzea zaila dela, ez dela uste bezain erraza, baina proiektuarekiko atxikipena dutenei dendara etortzeko deia egin nahi genieke. Asko daukagu egiteko oraindik sentsibilizazio aldetik».
Trantsizio ekologikorako lanketa
«Betirako bidelagun» izango duten proiektu bat ere garatu dute azken urtean ekoizleekin: trantsizio ekologikorako lanketa. «Gaur egungo ekoizpen sistemak, halabeharrez, ekoizpen modu batera bideratu gaitu, eta ekoizleek erabakiak hartu dituzte askotan hala behartuta. Trantsiziorako proiektu bat landu dugu, eta ekoizle guztiei eman behar zaie aukera prozesu horiek egiteko». Biziolak trantsizio hori egin nahi izan duten ekoizleekin egin du trantsizio ekologikorako irizpideen lanketa, eta aldebiko hitzarmen bat ere egin dute. «Ekoizleek iraunkortasunaren bidean pausoak emateko eta agroekologiarantz egiteko konpromisoa hartu dute, eta Biziolak bide horretan tresnak eta baliabideak sortzeko konpromisoa hartu du. Adierazle sistema bat sortu dugu prozesu hori irudikatzeko».
Etorkizuneko Goierriren landa eremua, nekazaritza eta abeltzaintza nolakoak izango diren marraztua du Biziolak. Goierriko ekoizleen produktuek ez dute zertan ekologikoak izan beharrik, nahiz eta ekoizle asko trantsiziorako prest egon. Lanketa horrek bestelako emaitza batzuk ere eragin ditu: «Biziolara inguratu diren ekoizle berriek trantsizio hori buruan dakarte, eta badauzkagu zenbait ekoizle, horrek motibatuta, Ekolurran alta eman dutenak, ekoizpen eredu ekologikorantz bidea hartu dutenak».
Dendatik harago, beste hiru lan-ildo badituzte elikadurari lotuta. Herri txikietara egin duten banaketa sistema da bat –Zerain, Segura, Gabiria, Ataun, Itsaso eta tarteka Legorretako enpresa bat–, bigarrena jangelen hornitzaile izateko bidea jorratzen segitzea, eta hirugarrena Landarlanekin batera Gipuzkoa mailan egiten ari diren elikadurari buruzko sentsibilizazio kanpaina. ■
Eraikinaren erosketa festa
Jakingarriak
- Eguna. Urtarrilak 24, ostirala
- Ordua. 19:00etatik aurrera
- Lekua. Biziola fabrika
Egitaraua
- 18:30. Bazkideen ezohiko batzarra
- 19:00. Haurrekin Biziolaren apainketa komunitarioa
- 19:30. Eraikinaren erosketaren aurkezpena
- 20:00. Indezent DJa