Bost urteren ostean, Segurako Hizpide musika taldeak bere jardunari amaiera ematea erabaki du. Otsailaren 8an egingo dute azkeneko kontzertua, Segurako Izkiña tabernan.
Urte berriarekin batera, Hizpide taldeak bost urteko musika ibilbideari amaiera emango diola jakinarazi du. Taldekideek une gozoak zein gaziak bizi izan dituzte bidean zehar, baina argi daukate «maitasun eta mimo handiz» egindako proiektu bat izan dela. Hizpideren hastapenak 2020ko irailean izan ziren, nahiz eta, hasiera hartan Galerna bezala bataiatu zuten taldea. Urteak igaro ahala, aldaketa ugari jasan ditu Hizpidek, izenetik hasi eta taldeko kideetaraino. Egun, Manex Rivelak (bateria), Iker Franciscok (abeslaria eta gitarrista), Sahatsa Izagirrek (bajista) eta Aimar Barandiaranek (pianista eta abeslaria) osatzen dute Hizpide. Taldearen kantuak pop eta rock generoen artean mugitzen dira, eta askotariko erreferenteak izan dituzte musikaren munduan: Kerobia, Itoitz, Hertzainak eta Idoia Asurmendi, besteak beste. Franciscoren esanetan, Hizpideren inflexio puntua duela bi urte inguru iritsi zen. Egiten zuten musikaren kalitatea «hobetze» aldera, Aimar Barandiaran pianistarekin kontaktatu zuten, eta jarraian, zortzi kantaz osaturiko diskoa kalera atera zuten, Zaurgarri izenekoa.
Agur esatearen arrazoi nagusia «musikaz haratagoko» proiektuak izan dira. Lau pertsonaren bizitzak koordinatzea «zaila» dela diote, eta taldea «ondo» dagoen momentuan uztea dela «hoberena». «Geroz eta zailagoa egiten zitzaigun elkartzea, eta taldea bigarren plano batera pasatzen hasi zen. Luzatzen joan gara, baina garaiz eta ondo uztea hobea dela iruditu zaigu», dio Franciscok. Taldekideek ibilbidearen balorazio «positiboa» egiteaz gain, proiektu «aberasgarri eta polita» izan dela diote. Aimar Barandiaranek, musikalari bezala «hazteko» balio izan diola dio, baita «bide asko irekitzeko» ere. «Hizpiderekin ikasi dut talde batek nola funtzionatzen duen. Hau proiektu serio bat izan da eta, musikaz gain, pertsonalki ere eboluzionatzeko balio izan dit». Manex Rivelak ere taldekidearekin bat egiten du. Rivelaren lehenengo proiektu «serioa» izan da Hizpide, musikaren munduarekin izan duen bere «aurreneko kontaktua». Gainera, nahiz eta Hizpidek otsailaren 8an bukatuko duen bere jarduna, Rivelak eta Barandiaranek dagoeneko beste proiektu batzuk dituzte eskuartean. Musikaren esparruan trebatzeaz gain, Franciscok nabarmendu du proiektu honek egoera desberdinetara «egokitzen» eta «taldean lan egiten» ere irakatsi diela.
Azken agurra
Hizpideren azkeneko kontzertua otsailaren 8an izango da, Segurako Izkiña tabernan. Taldekideek azpimarratu dute taldeak «asko zor» diola Segurari, eta horregatik erabaki dutela «dena hasi zen» lekuan ematea amaiera. Talde bezala agertokiei agur esango badie ere, musika egiten eta elkarrekin harremanetan jarraituko dute kideek. «Hizpide desagertuko den arren, musikari bezala gure arteko harremana mantenduko dugu», dio Franciscok. «Ez dakigu bizitzako egoera desberdinek nora eramango gaituzten, beraz, beti dago bidean kointziditzeko aukera. Guk oinarri positibo bat daukagu, oso egoera onean utziko baitugu taldea, eta horrek erraztu egiten du dena». Gaineratu dute, egindako musika zein bizipenak «betirako» bizirik mantenduko dituztela, eta denborak hala badio, agian berriro ere elkartuko direla agertokiren baten gainean. ■