Juan Jose Moral txirrindulariak (Burgos, Espainia, 1951) Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta Bakearen Lasterketako etapa bat irabazi zuen. Zoritxarraren ondorioz, ez zuen profesional mailan aritzerik izan. Moral errodadore handia izan zen. Espainiako Txirrindularitza Federazioan estimu handian zuten, eta 1976an Montrealen (Quebec, Kanada) egin ziren Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Horrez gain, 1971ko Espainiako Txapelketa irabazi zuen eta 1974ko Munduko Txapelketan parte hartu zuen.
Non jaio zinen?
Burgosko Villamayor de los Montes herrian. N-1 errepidean dago, Lermatik oso gertu. 6 urte nituenean ama galdu nuen eta aitarekin gelditu nintzen. Ordurako, nire anai-arrebak Legazpin bizi ziren. Lanera etorri ziren honera. 14-15 urte nituenean aita hil egin zen, eta anaia bat bila joan zitzaidan. Legazpira ekarri ninduen, eta hurrengo egunean Patrizioren [Etxeberria] fabrikan lan egiten hasi nintzen. Bost anai-arreba ginen, eta bi bakarrik gelditzen gara. Besteak Legazpiko lana utzi zuen eta Briviescara (Burgos, Espainia) joan zen. Han bizi da.
Jaioterritik Legazpira alde handia nabaritu al zenuen?
Bai, noski. Nire jaioterriak 200-300 biztanle besterik ez zituen. Gainera, aita adinekoa zen. Hango bizitza txiro samarra zen. Hemen anai-arrebak nituen, eta 15 urterekin 35 urteko baten soldata neukan. Dena den, ez nituen urte asko egin lantegian. Bizikletan ibiltzen hasi nintzen, oso ondo ibiltzen nintzen. Arduradunari txandetan jartzeko eskatu nion, lana utzi gabe entrenatu ahal izateko. Baina ezetz esan zidan. Pertsonal buruarengana ere jo nuen, eta hark ere ezezkoa eman zidan. Ordura arte bezala jarraitzeko edo lana uzteko esan zidan, ez nuela beste lan bat aurkitzeko zailtasunik izango, Oriako paper fabriketan langile eskari handia zegoela. Bi hilabete-edo igaro nituen horrela. Azkenean, lana utzi nuen. Adin horrekin etorkizuna zurea dela uste duzu, baina anai-arrebek seme-alabak zeuzkaten, eta haiei laguntzea zen nire betebeharra.
Zer esan zizuten anai-arrebek lana utzi zenuela esan zenienean?
Haserretu egin ziren, baina onartu egin zuten.
Lana uzteak bizikletan ibiltzerako orduan mesede egingo zizun behintzat.
Geroz eta hobeto nenbilen, eta Xey taldeak fitxatu ninduen. Ondoren, Olsa eta SuperSer taldeetan aritu nintzen. Etxera dirua eramatea lortu nuen. Xey eta Olsa taldeetan soldata txiki bat neukan, eta, gainera, lasterketa asko irabazten nituen. Horretaz gain, bost-bat urtean Espainiako selekzioko kide izan nintzen, eta hilero diru-laguntza ematen ziguten. Lanean bezainbeste irabazten nuen ia.
Garai hartan txirrindularitzak jarraitzaile asko zituen.
Hasieran ez nuen talderik, eta Legazpiko zaletu talde batek diru bilketa bat antolatu zuen niri laguntzeko. Egunkarian argitaratu zuten. Azkenean ez zen diru bilketarik egin, handik aste gutxira Espainiako txapelketa irabazi eta taldea lortu bainuen.
Nolatan halako bizikleta zaletasuna?
Bizikleta beti izan dut gustuko. Mutikotan herriko bizikletak hartzen nituen. Legazpira etorri nintzenean, paper fabrikara aldizkari zaharrak eramaten zituzten, eta txirrindularitza aldizkari zahar bat hartu nuela gogoratzen dut. Oraindik lehiatzen hasi gabea nintzen. 18 urterekin hasi nintzen lehiatzen. Orain 10 urterekin hasten dira…
Nola erabaki zenuen lasterketetan parte hartzea?
Bizikleta bat neukan, eta lagunekin ibiltzen nintzen. Gustatu egiten zitzaidan eta lagunak baino askoz hobeto ibiltzen nintzen. Hori dela eta, lasterketetan parte hartzea erabaki nuen.
Zein izan zen zure lehen lasterketa?
Hernanin izan zen, 1969ko larunbat batean. Garai hartan larunbatetan lan egiten zen oraindik. Lanetik 13:30ean irten nintzen eta trena 13:50ean zen. Lanetik irten, fabrikan nuen bizikleta zaharra hartu, etxera joan, zopa ziztu bizian jan eta tren geltokira joan nintzen. Ordiziako geltokian Joxe Nazabal igo zen trenera. Ez genuen elkar ezagutzen artean. Lasterketa bukatzea lortu nuen, baina lehertuta bukatu nuen, karranpekin. Lehen lasterketa izanik, bukatzea ez zen gutxi!
Zer bizikleta zenuen?
Lasterketetan parte hartzen hasi aurretik, bizikleta pisutsu bat nuen. Bizikleta harekin ezin nuen lasterketetan parte hartu. Hori dela eta, Orbea markako bat erosi nuen. Salgado abizeneko legazpiar batek saldu zidan, Joaquin Azpiazuren bitartez. Bizikleta ona zen, baina txiki samarra niretzat. Lehen lasterketan parte hartu baino hamabost-bat egun lehenago erosi nuen. Salgadok lasterketetan parte hartu zuen bizikleta harekin. Bizikleta ona zen. Campagnolo markako aldagailua zuen!
Non irabazi zenuen lehen lasterketa?
Laugarren lasterketan laugarren postuan sailkatu nintzen. Ni oraindik gazte mailakoa nintzen eta bigarren mailako afizionatuekin lehiatu nintzen. Arrospide nagusitu zen. Berehala emaitza txukunak lortzen hasi nintzen, baina ez dut gogoratzen non irabazi nuen lehen lasterketa. Seguru asko Aretxabaletan izan zen. Irabazi egin nuela baina ez zidatela saririk eman uste dut. Helmugarako kilometro eta erdi falta zenean ihes egin nuen eta helmugara bakarrik heldu nintzen. Baina esperientzia gutxi neukan, eta ez nekien lehenengo postuan heldu nintzen edo ez. Ikusle batek, saria beste bati eman ziotela ikusi zuenean, irabazlea ni nintzela esan zidan. Baina ez nekien hala zen edo ez.
Lasterketa asko irabazi al zenituen?
Dezente, baina urte askoan ibili nintzen… Lasterketa guztietan ondo ibili nintzen, oso gutxitan erretiratu nintzen. Denboraldi batean ez nintzen lasterketa bakar batean ere erretiratu. Bigarren postuan ere dezentetan sailkatu nintzen, eta hori etsigarria izaten zen.
Nolako txirrindularia zinen?
Errodadorea nintzen. Esprintatzen ez nintzen txarra, baina ez nuen horretan ikasi. Talde txikietan ondo moldatzen nintzen, baina handietan ez. Izan ere, horretarako kokatzen ikasi beharra dago. Hala ere, tropeleko esprint batean laugarren egitea lortu nuela gogoratzen dut. Igotzen ere ondo moldatzen nintzen, nahiz eta ez nintzen igotzailea. Alex Aranbururen modukoa nintzen.
Txirrindulari bikaina zinen, baina ez zenuen zorte handirik izan.
Hasteko, soldadutzara joan beharra izan nuen. Hori dela eta, etena egin behar izan nuen. Soldadutzak nire ibilbidea zatikatu zuen. Urte eta erdi igaro nuen soldadutzan! Bi denboraldi galdu nituen. Izan ere, soldadutza urrian hasi nuen eta denboraldia hasita zegoenean itzuli nintzen soldadutzatik. Berandu hasi nintzen prestatzen, urte eta erdi egon nintzen kuarteleko arrantxoa jaten, taldeek ez ninduten nahi… Hala ere, denboraldi amaieran lasterketa bat irabaztea lortu nuen: Irunberri-Otsagabia. Baina, tira, soldadutza Saharan egin zutenak okerrago egongo ziren. Nik Gasteizen, Donostian eta Irunen egin nuen. Ez zidaten entrenatzen uzten. Kuarteleko lanak bukatutakoan bakarrik entrena nezakeen. Bizikleta autoan utzi beharra neukan, eta norbaitek lapurtuko zidan beldur nintzen. Hori dela eta, bizikleta etxean uztea erabaki nuen. Irunen korrika egin ahal izan nuen behintzat. Soldadutzako lagun bat, Rincon, atleta zen eta Jaizkibel klubeko fitxa egin zidan. Goizero entrenatzen uzten ziguten, ez geneukan mandoak zaintzera joan beharrik.
Zer egin zenuen soldadutza amaitu zenuenean?
Soldadutza amaitu nuela eta ondo nenbilela ikusi zutenez, Olsa taldeak fitxatu egin ninduen. 1974an eta 1975ean beraiekin aritu nintzen eta 1976an SuperSer taldearekin. Azken bi denboraldietan oso ondo ibili nintzen, batez ere azkenekoan. Baina gauzak okertu egin ziren. Profesional mailara pasatzeko zorian nengoen, baina garai hartan profesional mailako bizpahiru talde bakarrik zeuden Espainian. 1976an Olsa taldearekin aritu behar nintzen. Talde hura Teka profesional mailako taldearen bigarren taldea zen. SuperSer taldeko arduraduna nirekin harremanetan jarri zen eta Olsarekin kontratua neukala esan nion. Ez nekien zer egin, eta, azkenean, Olsako arduradunei libre uzteko eskatu nien. Libre utzi ninduten eta SuperSer taldearekin fitxatu nuen. Teorian aurrerapausoa zen, SuperSerrek profesional mailako talde handi bat sortzeko asmoa baitzuen. Profesional mailan aritzeko fitxatu ninduten, baina 1976an Montrealeko Olinpiar Jokoak ziren, eta Federazioak nik Jokoetan parte hartzea nahi zuen. Hala, Ramon Mendiburu hautatzaileak SuperSerrekoekin hitz egin zuen eta profesional mailara urtebete beranduago pasatzea adostu zuten. 1976ko Frantziako Tourrean SuperSerreko Luis Ocañak Van Imperi lagundu zion Zoetemelkek irabaz ez zezan, SuperSerreko nagusia haserretu egin zen –horregatik eta taldeak ez ziolako espero bezainbeste publizitate eman– eta profesional mailako taldea desegin zuen. 1977an, Olsan taldekide izan nituenetako batzuk profesional mailara pasa ziren, eta ni, ordea, ez. Olinpiar Jokoetan parte hartu nuen, Irlandako Itzulian etapa bat irabazi nuen eta sailkapen nagusian bigarren egin nuen, Gipuzkoako erlojuaren aurkako txapelketa irabazi nuen, Suitzako Guillermo Tell proban laugarren egin nuen… baina Teka taldeak ez zidan barkatu. Espainiako Txapelketan hirugarren egin nuen, eta Tekako arduradunak begiratu ere ez zidan egin.
Amateur mailan jarraitu al zenuen?
Talde berri batek profesional mailan aritzeko fitxatu ninduen, baina azkenean taldea ezerezean gelditu zen. SuperSerrek amateur mailan jarraitzea eskaini zidan, baina ordurako nazkatuta nengoen eta txirrindularitza utzi nuen. Espainiako hirugarren amateur onenaren saria eman zidaten. Saria jasotzera joan nintzenean, txirrindularitza utzita nuen zegoeneko. Hurrengo denboraldian profesional mailako hainbat talde sortu ziren, baina, egia esan, garai hartan talde gehienetan oso gutxi kobratzen zen. Nik amateur mailan Federazioaren laguntzarekin kobratzen nuena baino gutxiago.
Zertan lan egin zenuen txirrindularitza utzi zenuenean?
Bizikleta utzi nuenean Zumarragara etorri nintzen. Izan ere, emaztea Zumarragakoa da. Kamioilari aritu nintzen. Lehen 12 urteetan, Orbegozotarren eta beraien osaba baten enpresarentzat. Ondoren, nire kamioia erosi nuen. Arcelorrentzat eta Gabiriako meategiarentzat lan egin nuen, besteak beste.
Bi seme dituzu.
Bikiak dira. Bizikletan ibiltzen irakatsi nien, bizikleta onak erosi nizkien, beraiekin bizikletan ibiltzera joaten nintzen, lasterketak ikustera eramaten nituen… baina ez nituen lehiatzera animatu. Ez nuen txirrindulariak izatea nahi. Nik bizitakoa ez zen batere atsegina izan, eta ez nuen beraiek sufritzea nahi. Baina lehiatu nahi zutela esan izan balidate, ez nien debekatuko. Gaur egun guraso asko seme-alaben aurretik joaten dira, eta seme-alabak dira aurretik joan behar direnak.
Seme batek, Juanjok, eleberri bat idatzi du Bakearen Lasterketa oinarri hartuta. Ilusioa egingo zizun…
Bai, noski. Omenaldi hori eskertzekoa da.
Txirrindularitza jarraitzen al duzu?
Bai. Aldizkariak erosten ditut, etxean Eurosport katea dut eta lasterketa guztiak ikusten ditut.
Gaur egungo txirrindularien artean, zein gustatzen zaizu?
Irabazleak gustatzen zaizkigu, baina lasterketa guztiak irabazten dituen Pogacar gustatzen zaidala esatea… Lasterketa bat irabazteko asko sufritzen dutenak gehiago gustatzen zaizkit.
Zu ere txirrindulari handiekin lehiatu zinen. Sean Kelly irlandarrarekin, adibidez.
Irlandako Itzulian lehiatu ginen. Etapa bat irabazi nuen eta sailkapen nagusian bigarren postuan sailkatu nintzen. Kelly oso txirrindulari ona zen, baina garai hartan bere pare nengoen. ■
Bakearen Lasterketako garaipena
Moralek bi argazki handi ditu bere etxeko egongelan: bat Olinpiar Jokoetakoa da, eta bestea Bakearen Lasterketakoa. Bakearen Lasterketa herrialde komunistetako kirol ekitaldi handiena zen, eta etapa bat irabazi zuen. «Bakearen Lasterketan parte hartzea sekulakoa izan zen. Eta etapa bat irabaztea… Ekialdeko txirrindulari onenek parte hartzen zuten. Hemengo profesionalak baino azkarrago ibiltzen ziren. 14 etapa izan ziren, eta mendebaldekook hiru bakarrik irabazi genituen. Gainera, primerako tratua eskaini ziguten, antolaketa sekulakoa zen, oroigarri eta opari piloa eman zizkiguten… Agintariekin afaltzen genuen. Sekulako esperientzia izan zen».
Olinpiar Jokoak ere ahaztezinak ditu, noski. «1972ko Jokoetako lehen hautaketan izan nintzen, baina gazteegia nintzen eta azkenean ez ninduten eraman. 1976ko Jokoetan parte hartu nuen. Lasterketan oso ondo ibili nintzen. Azken igoeran ihesaldia sortu zen. Sartzeko zorian izan nintzen, nire buruak nahi zuen, baina zangoek ezin izan zuten. Indar apur bat gehiago izan banu… Dena den, parte hartze hutsa sekulakoa izan zen. Vasili Alekseiev haltera sobietarraren ondoan bazkaltzen nuen. Alekseievek urrezko domina lortu zuen 1972ko eta 1976ko Jokoetan».