German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Nola ahaztu haurtzaindegian nahiz haur/lehen hezkuntzan gaurko egunez aditzen nuen kantu/bertso hau:
Mila kilo zorion
Dizugu eskeintzen
Beste urte berri bat
Duzulako hasten
Baietz asmatu zenbat
Dituzun betetzen
Zergatik ez ditugu
Txaloka kontatzen.
1, 2,3…
Urtarrilaren 24 batean sortu nintzen edo etorri nintzen mundu zoro honetara, gaueko bederatziak pasata, eta antza, majo kosta zitzaien nire amaren sabeletik ateratzea. Mundua ikusirik, ez zen harritzekoa sabel barruan geratu nahi izatea! Baina munduratu nintzen, eta hurrengo 30 urteetan behintzat nire etxea izango zenera sartu.
Jaio nintzen egunaz gain beste 30 egun berezi bizitzeko aukera izan dut. Urtarrilaren 24ero zerbait berezia mugitzen da nigan, eta ez naiz urtebetetze egunean su artifizialak jaurtitzen dituen horietarikoa, ez naiz egun zehatzen maitale sutsua, hala ere, egun honek badu zerbait berezia niretzat, eta uste dut barru-barruan denontzat duela esanahi berezia jaio ginen eguna islatzen duen egunak.
Iraganean gure urtebetetze eguna iristeko desiratzen egoten ginen. Baina gogoan dut 9 urterekin 10 urte betetzearen ideiak ez zidala grazia berezirik egiten. Nolabait zenbaki bakarra izateari utziko niola nekielako. Edo, agian, zetozen urteetan zetorkidana usaindu nezakeelako. Pubertaroa eta horren dakarren guztia…
30 urte hauetan gauza asko bizi izan ditut, iruditu ere ez zait egiten hamarkada berri bat hasi dudanik. Atzera begira jarrita, harro egoteko moduko bidea egin dudala iruditzen zait eta, urtero-urtero, urtarrilaren 24 bakoitzean sentsazio bera eduki nahi dut.
Urteak pilatzen ditugu, baina urteak baino bizipenak eta jakintza dira pilatzen ditugunak, eta nik horretan jarraitu nahi dut.
Urtebetetze opari asko egon daitezke, baina niretzat oparirik onenak hiru dira, bizitako hamarkadak bezalaxe: Naizena izan ahal izatea, osasun fisiko nahiz mentala, eta maite ditudanen maitasuna. Hitz batean esanda: bakea.
Zorionak neuri! ■