Joxe Begiristain • Irakurzalea
Lanarteak, Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak, liburu hau argitaratu zuen 2022an: Lain eza. Kultura haragi bizitan. Besteak beste liburu honen bidez gogorarazten digute euskaraz eta euskaratik lan egiten duten sortzaileek bizitzeko ere lain jaso gabe ari direla. Eta hitz-jokoa eginez, laineza hartuta datozela, «ezjakinez eta ezikusiz ugertutako sistema», ez dela lain, ez direla lain, salatzeko.
Liburuan, 60ko hamarkadan (1960tik 1969ra) euskal sortzaileen iraultzan hainbatek egindako gogoetak eta gaur egungoek diotena alderatu daitezke. Guztira 50 bat lagunen (idazle, bertsolari, kazetari, kantari…) hitzak, ia 200 orrialdetan zehar.
Argitaratzearen arrazoiak arrazoi, a zer nolako harribitxia: zenbat perla, testu labur bilduma honetan! Izan ere, egoera etsigarria hitz ederrez bistaratu eta duintasunez lan egitea eragozten dieten traba guztien gainetik sormenak ez duela etenik utzi dute agerian.
Liburu ustez “ezkor” honek duen baliorik handiena da, nahita nahiz ezjakintasunez arituta ere, orain arte behintzat, inork ez duela lortu Euskal Herrian abizen hori daraman Herria egiten duen berezko kultur sormena geldiaraztea.
Kontua da baita ere, ordea, euskarazko kultur munduaren langileen baldintzak duintasunezkoak izatera iristeko, erabaki politikoak behar direla. Eta ez dirudi horretarako optimista izateko arrazoi handirik dugunik: laineza hartuta ez ezik, beti bezain oldarkor, Euskal Herrian euskaraz bizitzea galarazi nahi digutenak baitabiltza. Euskararen langileei entzungor eginez eta euskaldun guztion izatea gutxietsi nahian. ■