Otsoak dantza taldeko dantzaria eta dantza irakaslea da Aiora Erauskin Altuna (Ataun, 1996). Ehun dantzari inguru dira une honetan, eta taldea «indartsu» ikusten du. «Haurrak eta gaztetxoak dira gehienak. Hala ere, mutilak %10 baino gutxiago dira, eta erronka nagusia adin batetik aurrera horiek dantzan jarraitzea da». Urtean zehar hainbat emanaldi egiten dituzte: herriko hiru auzoetako jaietan, Jentilbaratzak antolatutako ekimenetan parte hartu, memoria historikoko ekitaldian dantza egin… «Hortik aurrera nahiko aldakorra da gure jarduna. Orain, esaterako, inauterietarako emanaldi berezia prestatzen ari gara, otsailaren 28an izango da eta forma polita ari da hartzen». Lanbidez Maizpide euskaltegiko irakaslea da Erauskin. Bertan duten ikasle ereduari buruz, «denetik» dagoela dio. «Bada euskaraz bizi nahi duelako ikasten duenik, edo baita lanagatik ikastea erabakitzen duenik ere. Hamaika ibilbide gurutzatzen dira ikasgeletan. Azken aldian Ipar Euskal Herritik gero eta ikasle gehiago etortzen zaizkigu, eta hori pozgarria da».
Dantza bat.
Dantza sueltoa.
Ze zaletasun dituzu?
Mendira joatea, dantza egitea, irakurtzea, idaztea…
Pelikula edo telesail bat.
Ez naiz oso zalea, baina euskaraz egiten den guztia ikusten saiatzen naiz.
Liburu bat.
Gu gabe ere, Itziar Ugarterena.
Musika talde edo abeslari bat.
Bolada honetan, Olaia Intziarte entzuten dut gehien.
Abesti bat.
Lorerik gabe, Ibil Bedirena.
Oporretarako leku bat.
Mendia dagoen edozein txoko, eta ahal bada jende gutxi ibiltzen den tokia.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta eta ogi txigortua.
Kolore bat.
Horia.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Jendearen gutunak eta mezuak.
Amets bat.
Euskal Herri euskalduna eta feminista.
Bizitzako plazer txiki bat.
Mendian egunsentia ikustea.
Goierriko txoko bat.
Allekuko basoa.
Ataunen biziko ez bazina…
Ataunen oso gustura nago eta bertan bizi nahi dut, baina Lazkao ere gustatzen zait. ■