Zazpi bat urterekin modaren munduak liluratuta utzi zuen Elene Barandiaran (Lazkao, 1997), eta ordutik nahiko garbi izan zuen, erreferente faltak eta sektore «zail» batean sartzeak erabakia zaildu bazioten ere, bere senari jarraitu eta moda diseinatzaile ikasketak egitea erabaki zuen. Lazkaoko San Benito ikastolan ikasi ostean, hemezortzi urterekin Bartzelonara joan zen, moda diseinuko ikasketak egitera. Ondoren, moda teknikoan espezializatzeko masterra egin zuen Milanen (Italia), eta orain han bizi da.
Zergatik aukeratu duzu Milan bizilekutzat?
Bi urtez Ternua markan lanean ibili ondoren, 2024ko maiatzean Milango Zegna markan lan egiteko aukera sortu zitzaidan, eta aukera bat ematea erabaki nuen. Aldaketa hau pertsonalki eta profesionalki erronka handia izan da, baina oso baliagarria izaten ari dena ere bai. Ni, zehazki, arropa teknikoa diseinatzeaz arduratzen naiz, eskiatzeko kolekzioak, adibidez.
Zer da diseinatzaile izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Alde onena aspektu sortzailea da. Orokorrean, artearen sektorean lan egiteko aukera izateagatik zorioneko sentitzen naiz. Orain arte lan egin dudan enpresak nahiko jasangarriak dira, baina alderik okerrena sektore oso kutsagarri baten parte izatea dela esango nuke.
Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Hasierako fasea oso polita da: inspirazioa bilatzea eta kontzeptu bat sortzea. Horrez gain, amaierako produktuak dendetan edo desfilean ikustearen sentsazioa ere oso berezia da.
Nondik hartzen duzu diseinuak egiteko inspirazioa?
Pertsonaia historikoen estiloan, zineman, artean eta vintage arropan aurkitzen dut maiz inspirazioa. Eta, oro har, kolekzio bat sortu aurretik bidaia bat egiten da hiri batera, bertako kulturan eta arkitekturan inspiratzeko.
Modaren munduan ba al duzu erreferenterik?
Phoebe Philo, Miuccia Prada edota Lemaire diseinatzaileak, batez ere. Pertsonaia historikoak ere erreferente handiak dira nire bizitzan: Jane Birkin eta Carolyn Bessette, adibidez.
Euskal Herrian zer-nolako garrantzia du modak?
Zoritxarrez, nahiz eta historiako diseinatzailerik hoberenetakoa euskalduna izan eta kalean modaren interesa badagoen, oraindik lan asko dago egiteko. Azkeneko urteetan hobetu da, adibidez Donostian Tabakaleran moda diseinatzaileei eskaintzen zaien espazioarekin. Hala ere, diseinatzaile batentzat ez da lekurik aberasgarriena, hiriburu garrantzitsuekin konparatuta batez ere.
Etorkizunean non ikusten duzu zure burua?
Azkeneko bost urteetan bizitza asko aldatu zait, hainbat hiritan bizi izan naiz eta zaila da etorkizunean non egongo naizen jakitea. Nahiz eta nire herria faltan sumatzen dudan, aurrerago beste hiri batean bizitzen eta moda etxe garrantzitsu batean lan egiten ikusten dut nire burua. Nire helburua kalitate handiko marka batean lan egitea izan da, profesionalki hazteko aukera izatearekin batera. Oraingoz behintzat, Zegnan horiek lortu ditut. ■