Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Non da erdia? Noiz da erdia? Norentzat da erdia? Zertarako da erdia? Nondik da erdia? Nola da erdia? Noiztik da erdia? Zein da erdia? Zergatik da erdia? Zer da erdia? Erdia horri erantsi dimentsio fisikoa, eta gune edo espazio batean kokatuko bagenu, zer bilakatuko litzateke, zuzenean, erdigune?
Buruan aspalditik nerabilen uste bati segika ariketa bat egin nuen orain gutxi. Horren zergatia, bereziki, azken asteotan areagotu egin zaidala erdigunean hitza behin eta berriro entzun edo irakurri izanaren sentipena. Beste bolada batzuetan ere edonon, edonoiz eta edonola agertu izan zen susmoa piztu zitzaidan. Horregatik, zerrenda bat osatzea jarri nuen helburu, ordenagailuko bilatzailean erdigunean hitzarekin lotuta, justu aurretik, agertutako kontzeptu edota antzerakoak biltzeko. Inork ariketa errepikatu nahiko balu, minutu oso gutxiko tartea eskaini nion bilaketari, badaezpada ere, aldez aurretik zenbaterainoko zientifikotasuna duen argi dezadan.
Zerrenda mardula osatu nuen. Erdigunean aurkitu nituen, adibidez: zaintza, bizitza, pertsona, aniztasuna, kultura, kirola, etxebizitza, hizkuntza, eskubideak, emakumeak, langileak, adinekoak, ikasleak, haurrak edota umeak, oinezkoak eta herritarrak. Izaera aktiboa, ongizatea eta bizi-kalitateari loturik agertzen da erdigunean jartzen den hori, antza, zentzurik orokorrenean. Ondorio hori atera nuen nik, behintzat. Neure baitako oihartzun batek manifestazioetako leloen tonua ere jarri zion, “de-na-de-la-koa er-di-gu-ne-an!” oihu aldarrikatzaile bihurtuta.
Alabaina, hitz bat gehiegitan erabiltzearen poderioz edukiz hustu eta benetan duen esanahia eta eragin gaitasuna murrizten dela azpimarratu izan da. Instrumentalizazioak badu bestelako asmo bat, tartean, ‘dena eta ezer ere ez’ efektua eragitea. Horregatik, gu inguratzen gaituen metro karratuan tokatzen zaiguna erdigune bihurtzeko daukagun joera aztertu beharko genukeen pentsamendua indartu zait. Hainbeste auzi badira erdi-erdian daudenak, edo beharko genituzkeenak, nolako espazio, denbora eta errealitateak eraikiko genituzke? Zeren arabera antolatu beharko genituzke? Nola ordenatu? Bertikalki, horizontalki, elkar gurutzatuta,… ala ez legoke ordenarik? Izan ere, bueltan-bueltan, hara non, zirkulazio-murrizketak ere bazegoen erdigunean hitzari lotutako konbinazioen artean. Martxa honetan, errotondan bueltaka erigune izaten amaituko dute.
Talaia Feministaren 2024ko txostenaren eztabaida kolektiboa bihar izango da Bilbon. Denon Bizitzak Erdigunean! ■