Urte ona izan da aurrekoa telesailei dagokienez; negar, irri eta istilu egiteko modukoak pasa dira gure pantailetatik. Dagoeneko gai bereko hamaika zerrenda izango dira; beraz, bereziagoak edo arraroagoak (betiere kalitate onekoak, noski) gomendatuko dizkizuet.
Komediatik hasiko gara: Achtsam Morden, mafia alemaniar bateko abokatua mindfulness meditazioa erabiltzen hasiko da bere lana korapilatu ahala (gorpuak desagerrarazi beharko ditu); English teacher, ikasleek muturreraino xaxatuko dituzte irakasleak, pazientzia erabat agortuko ote dieten ikusi behar; eta, nola ez, Such brave girls, familia berezi baten traumetatik egindako umore oso iluna.
Amodiozkoetara salto egingo dugu orain: Felices los 6, sei pertsona, etxe bat eta polimaitasun argentinarra, zoratzeko modukoa; eta Mr. & Mrs. Smith, bi espioi, misio asko eta bi ezezagunen arteko harreman oso berezia. Asko gustatu zait idazteko modua.
Fantasia aldera jota: Dead boy detectives, hiru detektibek kasu paranormalak aztertu beharko dituzte, baina horietatik bi mamuak eta bestea igarlea dira; Domino Day, sorgin protagonistak gizakiez elikatu behar du bizitzeko, harrapatzen duten arte; eta Dan Da Dan, animea, inoiz ikusi dudan gauzarik bitxiena, izpirituak eta estralurtarrak nahasian.
Drametan barneratuz gero: Celeste, ez nuen espero ogasuneko ikerketa batekin hain ondo pasatzea; Nadie nos va a extrañar, 80ko hamarkada, eskolako txuleten negozioa eta bost gazte oso berezi, amaiera triste samar batekin; eta euskaldun baten istorioan oinarritutako Yo, adicto, benetan hunkigarria, aurtengo harribitxia, dudarik gabe.
Fikzio zientziarekin amaitzeko: Shatter Belt, lau atal motz, eta zein baino zein arraroagoak, baina guztiei bi buelta emateko modukoak. ■