Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Apologia egiteko ordua iritsi da, zoritxarrez. Zoritxarrez diot, ingurura begiratu eta bake faltsuaren aldeko jarrera ikusten dudalako nonahi. Eta beldurtzen nau. Beldurtzen nau, urte askoan borrokatutako eskubideak arriskuan ikusita ere, erreakzionatzeko gaitasuna galtzen ari garela uste dudalako.
AEBetara begiratzen dugu, eta ‘geurean ez da halakorik pasako’ pentsatzen dugu. Europa, baina, ez da sozialdemokraziaren Europa. Migranteak erailtzen dituen Europa da, horretarako mugako herrialdeak erabilita batzuetan, lotsarik gabe beste batzuetan. ‘Ezkerrak’ gobernatzen duelakoan, Espainiako parte izateaz harro sentitzen gara espainiarrak izan gabe, eskuin muturraren ideologia gero eta indartsuago den arren. EAJk eskuin muturrarekin bat egiten du energia enpresa handien alde, baina hemen ez da ezer pasatzen. Gehienez ere aurpegi garbiketa txiki bat, batzokiko jendea lasaiago egoteko.
Sektore publikoa txikitzen ari dira, sektore pribatua deslokalizatzen, natura txikitzen, burujabetzak burujabetzetatik urruntzen… eta gu, borrokarako muskulua galtzen. Bake sozialak irabazi digu partida. Gatazkak ekiditen ditugu, ikusi nahi gabe gatazkari esker mantentzen ditugula gure eskubideak. Gatazkarekin eta presio komunikatiboarekin lortzen dugu zerbitzu publikoak are gehiago ez suntsitzea, arrakalak are gehiago ez handitzea, desorekak amildegi ez bihurtzea.
Gatazka ez da erosoa, denok dakigu. Baina ezinbestekoa dugu duintasunez bizi eta lan egiteko, gure enpresak ez deslokalizatzeko, gure zerbitzu publikoak ez suntsitzeko, giza eskubideak are gehiago ez zapaltzeko, hezkuntzako ratioek eta desorekek gure txikien etorkizuna ez baldintzatzeko… baita euskarak irabazitako espazioak epaitegietan ez galtzeko ere.
Segi dezagun gatazkatik eta gatazkaren alde borrokan, beranduegi izan aurretik. ■