Goitur Goierriko turismo elkarteak mende laurdeneko ibilbidea egin du eskualdeko kultura eta nortasuna lau haizetara zabaltzeko lanean. Sinestea da hazkunde etengabea bizi duen aktibitate hau ulertzeko gakoa.
Turismo hitza erabiltzetik industria turistiko esatera. Dei dakioke modu batera edo bestera, baina izan duen bilakaerak eta urtetako eskarmentuak beste adiera bat emateko balio lezake: «Industria turistiko hitza ere desagertzea nahi nuke. Uste dut gurea gero eta sendoagoa den sektore ekonomiko bat dela, eta uste dut Goitur dela garapen ekonomikorako agentzia bat eta Goierriko kulturaren eta identitatearen gordailu». Niko Osinalderen (Ormaiztegi, 1969) hitzok laburbiltzen dute ia hiru hamarkadatan langintza duen sektorearen nondik norakoa.
Etengabekoa baita bilakaera, eta etengabekoa hazkundea: «Turismoa mugikortasun sozialeko fenomeno bat da, denok garelako turista». Borobil dio hori, hala dela sinetsita. Baina beti ez da hala izan, nahiz eta hark barruz hala sentitu: «Sentsazio onak ditut 25 urtera iritsita. Ordu asko sartu ditugu, ikaragarri, dedikazio handiz, baina merezi izan du. Sinistea da kontua, jende askoren aurrean demostratu behar izan baitugu turismoa Goierriko ekonomia dibertsifikatzeko beste aukera bat zela eta dela. Gaur egun hori aldatu da».
Egindako bidea da lekuko. Aspaldian eskualdekako azterketak egiten ez badira ere, Goierriko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %8 baino gehiago industria turistikoak sortzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa batuta ez da %7ra iristen, eta Gipuzkoan %7,8koa da. «Horrek badauka bere logika, gaua Goierrin pasatzen dutenen kopurua proportzioan Gipuzkoakoa baino handiagoa baita».
Lorpenak eta aitortzak
Asko izan dira urte hauetan egindako lorpenak, baina hiru nabarmentzeko eskatuta, hona Osinalderen erantzuna: «Aurrenekoa, irautea. Bigarrena goierritarrek pixkanaka honetan sinestea, eta turismoak Goierrin inolako txikiziorik ez duela eragin ikusaraztea. Eta hirugarrena, nahiz eta bertako hainbatek ez ikusi, kanpokoek gure lana aitortzea». Lehen aitortza nagusia Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eskutik jaso zuen Osinaldek 2005ean, Goitur sortu eta 5 urtera. Bigarrena 2015ean izan zen, Europako Bikaintasuneko Lekuak –Eden saria–; eta hirugarrena 2023an, Euskadiko Turismo Saria. «Kudeaketari lotutako sariak dira horiek, ez kanpaina bati lotuak».
Eta tartean ere izan dira etxean jasotakoak, «ilusio handiena» egindakoak. «Idiazabalgo Udala izan zen lehena, eta gero Ordiziako Udala eta Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradia». Hirugarrena datorren astean jasoko dute Beasainen, Odolkiaren Kofradiak ohorezko kide izendatuko baitu Goitur otsailaren 5ean, Loinazko San Martin egunean. «Etxekoek aitortza egiteak gurekin akordatzen direla esan nahi du».
Mugarrietako bat Eden saria jaso ondorenekoa izan zen. 2016an Europako Kultur Hiriburu izan zen Donostia, eta Goitur Donostia Turismoko bazkide egin zen. «Urte hartan bertan GR-283 Gaztaren Ibilbidea sortu genuen, eta Donostiaren hiriburutza zela-eta Europako kazetariak Goierrira etortzeko eskatu genuen, eta lortu genuen. Kolpea eman genuen, eta asmatu genuen. Bidaia agentzia asko hasi ziren deika».
Kudeaketari egin dio aipamena berriz ere. «Donostiarekin egin genuena kudeaketa ere bada. Guk bakarrik ezin badugu, non egon behar dugun ikusten jakin behar da. Gu horretan saiatu gara, behar dugun tokian egoten. Kudeaketa hori da, ez dauzkazun baliabideak bilatzea, eta bilatzen badituzu ere, segun eta zertarako diren uko egitea. Diru gutxi edukitzea baino askoz okerragoa da diru asko eduki eta behar ez diren gauzetan gastatzea».
Eredu aitzindaria eta bakarra
Osinalde turismo teknikari modura hasi zen Goiekin, eta haren plan estrategikoaren barruan erabaki zen, industriaz gain, turismoaren bidea irekitzea. «Turismoko plan berezi bat egin zen, eta eragile publikoak eta pribatuak uztartuko zituen agentzia bat sortzearen alde egin zen». 2000. urteko martxoan izan zen hori. Goierri beheko 18 udalek eta 80 eragilek osatzen dute gaur egun Goitur: «Pribatu asko sartu ziren, eta bazkidetza kuota ordaindu dute hasieratik. Halakorik ez dago ez Gipuzkoan, ez Euskadi guztian».
Autokonplazientziarik gabe, baina egindako bideaz harro hitz egiten du. «Ez dago beste eskualderik Kirol Turismoa, Lehen Sektorea eta Turismoa eta Landa Turismoa mahaietan dagoenik». Mahai horietan egonda diru gehiago ez, baizik eta «posizionamendua» lortzen dela dio. Berrehun mila euro pasako aurrekontua du Goiturrek.
Bide horren zatirik handienean Ion Ubide (Tolosa, 1981) izan du bidelagun ormaiztegiarrak. Goierrin egiten ziren azoketan asteburuetan informazioa banatzen hasi zen, eta gaur egungo Goitur ez dago ulertzerik hura gabe. «Gure lana, asko laburbilduz, jendea Goierrira erakartzea da. Goierriren irudia kanpora saltzen dugu».
Bi erronka nagusi dituzte aurrera begira. «Deszentralizazioa eta desestazionalizazioa» da aurrenekoa. «Lehena ez dago erabat gure esku, baina beharrezkoa da jendea barrualdera gerturatzeko. Eta desestazionalizazioa gertatzen ari da, aurten adina jende sekula ez da etorri uztailetik eta abuztutik aparte». Bigarren erronka Goiturreko bazkideei «gaur egungo joeretara jartzen laguntzea» dela dio Ubidek. «Goierri turismo adimentsuaren barruan dago. Turismo egituraketa oso horizontala da, ez baitago bakarrik turismoarentzat egina, baizik eta biztanleria guztiari eragiten dio. Jendeak ulertu behar du turismoa ez dela txarra, eta bertakoei ere onura ekartzen die ostalaritza zerbitzu horiek guztiak mantentzeak».
Goierriren izatea eskaini
Eragileei babesa eskaini ez ezik, bisitarien nahietara egokitzen asmatu behar dutela argi du Ubidek. «Prezioari begiratzen dio jendeak, baina gauza autentikoak ere nahi ditu. Jendeak nahi du bertako jendeak egiten duena egin, leku eta txoko autentiko horiek aurkitu. Guk egin behar dugu lan hori, goierritartasuna eskaini, lehen sektorearekin elkarlanean jarraitu, faltsua ez den hori erakutsi turistei».
Aurtengo abuztuko datuak ere onak izan dira, alojamenduak ia beteta egon dira –%90ean–, eta bisitari gehienak Espainiakoak izan arren, jatorrien aniztasuna ere gero eta handiagoa da. ■
- %8 Industria turistikoaren BPG-a Goierrin. Euskal Autonomia Erkidegoan industria turistikoak sortzen duen Barne Produktu Gordina (BPG) gainditzen du Goierrik –%8tik gora–, eta Gipuzkoaren gainetik ere badago –%7,8–.
- 80 Goiturreko bazkide pribatuen kopurua. Zerbitzu turistikoetako enpresak, museoak, jatetxeak eta alojamenduak dira batez ere, baita Ordizian merkataritza elkartea eta Goimen ere. Goierri beheko 18 udalak ere bazkide dira.