Zumar hostozabala (Ulmus glabra Huds.)
Deskribapena
Zumar hostozabala hostoerorkorra da. Hosto sinpleak ditu, 18 x 13,5 zentimetrokoak gehienez, puntadunak, zabalak eta biribilkarak. Hostoak oinarrian biltzen du txortena, baina hostoaren alde bakarrarekin. Hostoa asimetrikoki txertatzen da nerbioan. Hostoaren ertzak zerradunak dira, eta nerbioen inguruan ileak ditu.
Landare hermafrodita da. Lore marroi-gorrizta txikiak dauzka (5,5 mm), ile gorriztekin. Fruitu hegaldun berdea du (25 x 18 mm), eta heldutakoan erdigunea gorritu egiten zaio.
Gaztetan azal leuna izaten du, eta heltzean zartatu egiten da. Azal grisa dauka.
- Ekologia. Erreka-bazterretako eta amildegipeetako baso harritsuetan agertzen da, betiere lurzoru aberatsetan.
- Banaketa. Eurosiberiarra.
- Loraldia. Otsaila-apirila.
- Tamaina. 40 metroraino.
- Altitudea. 0-1.450 m.
- Erlazionatutako habitatak. Haltzadia.
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.