Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Ernesto Soutelo txikitatik hasi zen pospolo kutxen bilduma egiten, izan futbol taldeetako armarridunak, izan bidaietatik ekarritakoak… Margaritarekin ezkondu zenean, emazteak pozaren pozez deskubritu zituen kutxa preziatu, kutxa exotiko, kutxa harrigarri haiek. Urterik urte, bildumaren tamaina handitu egin zen eta berez txikia zen etxean gero eta toki handiagoa hartzen zuten kutxa haiek. Egun batez, eztabaida garratz baten ondoren, emazteak ganbarara igo zituen alferrikako kaxa guztiak eta, haiekin batera, senar-emazteen arteko maitasuna. Harrezkero, Ernestok ez zuen bilduma gehiagotan aipatu, eta emaztea kanpoan zenetan baino ez zuen ikusten. Orduan hartzen zuen atsegin, mila hirurehun eta berrogeita sei kutxa ezkutuekin.
Ernesto Soutelo bihotzekoak jota hil zen, 59 urterekin, eta Margaritak eguberrietako oporrak aprobetxatu zituen etxea txukuntzeko eta berrantolatzeko. Ez zitzaion kostatu erabakia hartzea: beheko suan erreko zituen kutxa ziztrin haiek. «Sikiera seiluak izan balira, diru pixka bat lortzeko ere…», pentsatu zuen. Eta kaxak banaka-banaka erraustu zituen eta, haiekin batera, jakin gabe, baita hogeita lau kilatetako diamante paregabea ere. Hil aurretxoan, zilarrezko ezteiak ospatzearren, Ernestok eraztun bat erosi zuen Margaritarentzat, urre zuriko diamanteduna, eta pospolo kutxa haietako batean ezkutatuta zeukan…
Agustin Fernandez Paz idazlearen istorio hau Maitasuna da geratzen den bakarra ipuin bilduma ederrean irakurri nuen, Uxue Alberdiren itzulpenean, eta etxeko pasadizo bat ekarri zidan gogora: igandea zen, senide bati astelehen goizean TAC bat egin behar zioten eta, baraurik joateaz gain, ezin zuen Zumarragako ospitalera apaingarririk eraman: ez belarritakorik, ez betaurrekorik, ez eraztun edo halakorik. Kontua da emakumeak bere ama zenaren eztei eraztuna zeramala, hogeita hamar bat urtez behin ere kendu gabe, eta frogaren bezperan ezin behatzetik atera! Izotzarekin egin genuen proba, eta olioarekin, baina alfer-alferrik, harik eta norbaiti Ordiziako suhiltzaileei hots egitea bururatu zitzaion arte. Joateko, haiek, eta gu, ba, joan egin ginen, eta haiek ere gorriak eta beltzak; seguruenik ebaki egin beharko zutela adierazi ziguten, zerratxo batekin, baina senidearen pena… Suhiltzaile fin bati haritxo batekin proba egitea bururatu zitzaion eta han aritu zen, sarrailagileak etxeko atea zabaltzeko ibiltzen duen kontu beretsuarekin, eta halaxe lortu zuen eraztun kuttuna osorik askatzea. Beharbada idazle galegoak arrazoia zuen eta maitasuna da geratzen zaigun bakarra… ■