Argazkiek kontatzen dituzten istorioetan jarri ohi du begia Iker Zabalak (Beasain, 2000), eta bere lanetan ere istorio horiek islatzen saiatzen da. Kirol argazkilaritzan aritzea du gustukoen. Irakasle ofizioa argazkilaritzaren afizioarekin tartekatzen du. Haurtzaroan gurasoen kamerarekin hasi zen argazkiak ateratzen, eta orain, anaiarekin partekatzen du zaletasuna. Duela lau urte Zabalafoto proiektua sortu zuten batera, eta pixkanaka, hazten joan da. Inguruko lasterketetako argazkiak igotzen dituzte Instagramen daukaten kontura.
Zer dira argazkilaritzaren alderik hoberena eta okerrena?
Gehien gustatzen zaidana argazkilari bat ikustean jendeak jartzen duen poztasun aurpegia da, baita argazkiak ikusi ondorengo erreakzioak eta esker oneko mezuak ere. Gutxien gustatzen zaidana, argazkien aurrean gutxi batzuen jarrera izaten da. Guk afizioz egiten dugun zerbait dela ez dute ulertzen, eta egiten dugun lana ez baloratzea da gehien gogaitzen nauena.
Zer ematen dizu argazkilaritzak?
Gehienbat, jende berri asko ezagutzea. Lasterketa ugaritara joateak lasterkari eta antolatzaile askorekin egotea ahalbidetzen dizu. Gainera, mezu on asko ere jasotzen ditugu argazkiengatik, eta asko betetzen du horrek. Oro har, jendeak asko eskertzen du argazkilarion lana.
Zein izan da oraingoz gehien disfrutatu duzun argazki saioa?
Zegama-Aizkorri mendi maratoia esango nuke dela gehien disfrutatu dudana. Alde batetik, korrikalarien mailagatik, han munduko hoberenak elkartzen baitira; eta bestetik, hainbat puntu berezitan sortzen den giro ezin hobeagatik. Munduko leku askotako zaleak elkartzen gara, eta sortzen den festa giroa paregabea da.
Bestalde, Munduko Ziklo-Kros Txapelketan egon nintzen iaz, La Skyrhun-en ere egon nintzen (Azkaine), Gorbeia-Suzien proban… denek dute zeozer berezia!
Zer-nolako momentuak harrapatzen saiatzen zara?
Beti momentuan korrikalariek bizitzen dutena islatzen saiatzen naiz: sufrimendua, hotza, lokatza, mina. Hori batzuetan zaila izaten da, baina hor dago argazkilaritzaren zailtasuna eta xarma, aldi berean; ahalik eta errealistena izatean.
Zein da argazki on bat ateratzeko gakoa?
Argazkilaritzan hiruki bat erabiltzen da teoria modura, eta bertan, argia ondo nola erabili adierazten da. Teoriaz aparte, argazki on bat begiaren edo bistaren bitartez ateratzen dela esaten da, hain zuzen ere, argazkiaren zati handiena aurretik nola geratuko den ikustean egiten da. Postprodukzioan ere denbora igarotzen dugu, azken ukituak eman eta dena prest uzteko.
Saio bakoitzaren aurretik, prestaketa nola egiten duzu?
Alde batetik, material guztia garbitu eta bateriak kargatzen ditut. Bestetik, ingurua aurretik ezagutzea ere garrantzitsua da. Argazki egokiak ateratzeko lasterketa hasi baino ordu bat edo bi lehenago gerturatzen gara ingurua ezagutzera. Beste batzuetan, aurreko urteetako argazkiak ere ikusten ditut, edo Google Mapsen aritzen naiz puntu egokien bila. Jendeari eta antolakuntzakoei galdetzea ere gustatzen zait.
Ba al duzu erreferenterik argazkigintza munduan?
Bai, bi batez ere. Lehenengoa Antton Guaresti da. Argazki artistikoak egiten ditu eta beti lortzen du argazkiari zerbait berezia ateratzea, konposizioarekin edota argiekin jolastuz. Bigarrena, Brian Sharp argazkilaria da. Bere argazkilaritza estiloa oso berezia da eta asko jarraitzen dut. ■