Gipuzkoaren jaiotza dokumentalak mila urte beteko ditu aurten, 1025ean idatzia baita termino horren aurrekaria den ‘Ipuscua’ forma, jaso den eta gaur eguneraino iritsi den agiririk zaharrenean. Goierriri dagokionez, askoz bide historiko laburragoa dauka bere izenak: 271 urte.
Euskaltzaindiaren Onomastika datutegian erregistratutako dokumentuen artetik, Goierri lehenbiziko aldiz idatzi zukeena Manuel Larramendi Garagorri (Andoain, 1690 – Loiola, Azpeitia, 1766) izan zen, 1754an argitaratutako Corografia de Guipuzcoa liburuan. Gipuzkoako geografiaz, ohiturez, jantziez, dantzez, hizkuntzez eta ogibideez egindako lan etnografikoa da.
Goierri-ren esanahi generikoa azaldu zuen Larramendik lehenbizi: «Gipuzkoako herri hauek guztiek beste banaketa-modu bat daukate, hiru barrutitan: goierri, beterri, eta kostaldea edo itsasalde». Izenak dioen bezala, herrialdearen altuera goratuagoko eremu osoa zen XVIII. mendekoentzat Goierri. Larramendik jarraitzen du: «Tolosatik zuzenean Zegamaraino, Leintz Gatzagaraino, Bergararaino eta abarretaraino Goierritzat hartzen da, probintziaren goiko aldea edo gorenekoa».
Beste etnografo historiko ilustre batek ere aipatzen du Goierri terminoa, Juan Inazio Iztueta zaldibiarrak, 1847ko Gipuzkoako Probintziaren kondaira edo historia liburuan: «Begiratzea dago bada Goi-erriko Etxalde Purubetar anziñakoetara, eta ez da arkituko bat bakarra ere, bere dolare eder galant erazkoak ez dauzkanik». Beste bi erreferentzia ere egin zizkion, «… utsera biurtzen da Goierriko sagar-jabeetara iritsi orduko» eta «Goierri-alderontz irteteko atakaren ondoan dauka jarria…» dio bi pasartetan. ■
Lehen agirien urtea
- Altzaga. 1399. Antroponimoa: 1319, Pero Martiniz de Alçagua
- Arama. 1399. Antrop.: 1261, Domingo Dieç de Arama, Eginon
- Areria. 1384
- Arriaran. 1384
- Astigarreta. 1384
- Ataun. c.1200, ‘Athagun”
- Beasain. 1211 ‘Bessain’
- Ezkio. 1055, ‘Ezquiaga’
- Gabiria. 1390. Antr.: 1342, Juan Martines de Gaviria, Arrasaten
- Gaintza. 1399. Antr.: 1334, Martin Yvannez de Gaynça, Bermeon
- Goierri. 1754
- Gudugarreta. 1211
- Idiazabal. 1199
- Itsaso. 1434. Antrop.: 1374, Pero Yvannez de Ysaso
- Itsasondo. 1349.
- Lazkao. 1053
- Legazpi. 1290
- Legorreta. 1346
- Mutiloa. 1384. Antrop.: 1076-1094, Garssia Ortiz de Mutiloa
- Olaberria. 1374. ‘Çeba’ 1340
- Ordizia. 1268
- Ormaiztegi. 1384
- Segura. 1290
- Urretxu. 1383, ‘Hurreyçua’
- Zaldibia. 1355
- Zegama. 1261. Antrop.: 1366, Johan de Cegama
- Zerain. 1384. 1200-1250, Marie dou Serain, Baionan
- Zumarraga. 1383. Antrop.: 1374, Garcia Lopes de Çumarraga
Iturriak: Euskaltzaindiaren Onomastika webgunea eta ‘Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia’ liburua (Salaberri-Zaldua)