Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
Gurutzegrametan eta hitz gezidunetan gehien ateratzen den Goierriko toki-izena Arama da. Euskarazkoetan bai behintzat. Azaroko eta abenduko GoiBerri-ko eta Berria-ko denbora-pasak arakatzeko denbora izan duen hegazkin-pilotu batek emandako datua da. Aia ere ateratzen da, baina ez Ataungoa. Izan ere, herriak, ibaiak, mendiak… maiz ageri dira. Kasu askotan, gainera, ia hiru laurdenetan ikertzailearen arabera, beste definizio bat jartzea egongo omen litzateke. Geografian herrenek eskertuko lukete Betekada eta Euskararen Gaitasun Agiria eskatzea Oka eta Ega ibaien definizioetan, edo Aezkoako Aria eta Busturialdeko Ea udalerrien kasuan, Operaren Zati eta Aber edo Abertzale Batzuen Alderdi. Berdin izan daiteke Ordiziako Aktorea, Lapurdiko Sara-ri dagozkion gelaxketarako, eta Biguna edo Izenordain Bat, Bortzirietako Bera-rentzat..
Arabaren ordezkari nagusiak Araia, Aiara eta Añana dira. Aurrekoek baino letra gehiago dituzte, baina gure Aramak bezala badute ezaugarri komuna, hiruna a dituztela. Aipatutako gainerakoek ere badute aharrausiaren bokala. Ikerketaren egileak ez du a maite. Desagertuz gero, euskarak irabazi egingo lukeela uste du, mugatzailea galduko lukeelako. Ez dakit zehazki zer duen buruan. Hegazkin-pilotu batentzat zerbait esan nahiko du mugarik ez izateak. Aireporturik gabeko zuberotarrek bost bokal izaten jarraituko lukete, hala ere.
Sinbolo kimikoen tokiaz ere hausnartu du. Talioarekin eta Tulioarekin trabatzen omen dira bere lankide asko. Tl eta Tm beharrean, Ta eta Tu beharko luketela ia aldarrikapen bihurtu omen dute, baina horietarako dauzkagu Eta, Herri Hizkeran eta Listu. Kezkaz bizi ditu denbora-pasak. Horixe dutelako, denbora pasa egiten dela, eta luzeegi joango zaion beldur da, Talioetan eta Tulioetan galduta. ■